Nahiz eta beste nabigatzaile batzuk egon, bada bereziki bat bere izaeragatik berezia dena Firefox. Mozilla fundazioaren lidergotzan eta milaka bolondresen laguntzarekin egunero Internet neutro eta libre baten alde %100ean lan egiten duen proiektua da.
Aipatutakoez gain, bakoitzak bere beharretara egokitzeko aukera handiak ematen dituen nabigatzailea da. Hedapen sistemaren bidez nabigatzaileari funtzio berriak gehitzeko aukera dago. Gure kasuan Firefox nabigatzailea seguruago egiteko hedapenak izango dira aipatuko ditugun bakarrak.
Bere horretan segurtasuna hobetzeko baino, horren beharraz jabetzeko sortutako gehigarria da. Instalatu ondoren azpian logo txiki bat agertuko da eta bertan klikatuz gero pantaila bat agertuko zaigu. Pantaila horretan borobilez eta marraz osatutako grafo bat ikusiko dugu. Horren esanahia argia da, gure nabigazioan zehar gure jarraipena egiten duten zerbitzuak erakusten dira bertan. Urdinez bisitatutako webguneak ageri dira eta marraz loturik webgune horrek zein beste zerbitzurekin/webgunerekin elkartrukatu duen informazioa. Ez larritu, baina jabetu zuen nabigazioak zein arrasto uzten dituen sareko beste zenbait tokitan.
Ghostery-k aurrekoaren funtzio antzekoak ditu, baina ez da hain bisuala; aldiz bisualizaziorako baino gehiago balio du. Detektatzen dituen jarraipen tresna guztiei informazioa igorri edo ez esateko aukera ematen du tresnak. Honela, une oro erabaki dezakegu zein zerbitzuri eman nahi diogu gure informazioa. Estatistikak neurtzeko tresna bati adibidez utzi diezaiokegu gure informazioa hartzen eta bitartean publizitatea igorriko digun zerbitzu bati ez. Ghostery berak zenbait informazio biltzen zituelako zenbait polemika zabaldu bazen ere, sortzaileek azalpenak eman ondoren argitua gelditu zen. Era honetako gehigarririk erabilgarrienetakoa da gaur egun.