Sarean ikasi

Gorka Julio

 

 

Orain arte jakintza gune garrantzitsuena zen unibertsitatea, behintzat hori zen aitortzen genion papera. Gaur egun aldiz, ezagutza leku askotan dago, unibertsitateak goi mailako ezagutzaren gune bezala irudikatu arren, beste leku askotan ere ezagutza hori lor daiteke.

 

Egoera berri honetan, unibertsitate eta ezagutza formaleko erakundeetan aldaketan gertatzen ari da moldatzeko. Saiakera batzuk paradigma zaharren berrikuntza besterik ez dira, beste batzuk aldiz ekimen berritzaileago batzuk proposatzen dituzte; denek unibertsitatea ezagutzaren tenplu bakar moduan zuen izaerarekin apurtu eta irekiera bat proposatzen dute, maila ezberdinetan bada ere.

 

OpenCourseWare

 

Aspaldi hasi ziren unibertsitateak materiala eta edukiak sarean jartzen. Ekimen ezberdinak egon badira ere, OpenCourseWare izan da arrakasta zabala izan duenetako bat. Bere helburua sinplea da, ikastaroak emateko erabiltzen diren material guztiak sarean eskuragarri jartzea.

 

OpenCourseWare erabiltzen duten erakundeak askotarikoak dira, AEBetako unibertsitate ezagunenetarikoetatik hasi eta ikastaroak eskaintzen dituen eskola txikietara. Gurean, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak beren OCWak dituzte eta bertan material ugari eskaintzen dute era publikoan.

 

MOOCak

 

Pauso bat haratago joan dira orain sortu diren, MOOC (Massive Open Online Course) on line ikastaro, ireki eta masiboak.

On line: MOOC batean tutore bat egon ohi da, esperientzia duen pertsona batek bideo, audio, tutorial... bidez bere ikastaroa eman eta jendeak horren inguruan lanean jarri. Askotan, auto ebaluaziorako tresnak daude, eta beste batzuetan, berriz, biltzen diren ikasleen artean eta eskuragarri dauden material guztiak baliatuz bata besteari laguntzen diote.

Irekia: ikastaroa sarean librea eta normalean doan izaten da. Ikastaroa prestatu duenak arrazoi askotarikoak direla medio egindako material hori jendearen esku jartzen du. Dohainik bai, baina batzuetan zertifikazioagatik kobratzen dute.

Masiboa: Normalean ez da egoten ikasle mugarik. Ikasle kopuruak ez du zertan ikasketaren kalitatea jaitsi behar, kontrakoa ere izan daiteke, elkarren artean galdera-erantzun bidezko ikasketa prozesuak darabiltzaten ikastaroak baldin badira.

 

Unibertsitateek bai, baina beste erakunde asko ere eskaintzen dituzte MOOCak. Plataforma asko daude eta zaila da horien artean bat aukeratzea, eskaintza zabala dago alegia. Coursera da horietako bat eta bertan denetarik aurki daiteke. Udemy eta Miriadax ere antzerakoak dira, baina beste maila batean.

 

Amaitzeko edX dago, AEBetako unibertsitate garrantzitsuenetako batzuek (Hardvard, MIT, Berkeley...) sortutako ataria. Aldiz, Khanacademy-ren helburua beste bat da. Mundu mailan ikasi nahi duen orori baliabideak eskaini nahi dizkio proiektu honek. Batez ere bideon bidez, baina baita beste tresna batzuk erabiliz, nahi duenak edozein tokian dagoela ere dohainik ikasteko aukera izatea lortu nahi dute horrela.

 

Atari hauek ikusita e-Learning edo irakaskuntza telematikoan murgildu nahi izanez gero tresnak badaude. Informatikari baten laguntza edo ezagutza minimo batzuk beharko dituzu, baina hori posible egiten duten tresnak eskura ditugu.

 

Eredu gidatuentzako, Moodle plataforma da gehien erabiltzen dena. MOOC antzeko ikastaroentzako aldiz edX-en erabiltzen duten plataforma jaitsi eta instala dezakezu.

 

Gurean, maila xumeagoan bada ere UEUk Asmozekin batera bi MOOC eskaini dituzte euskaraz. Lehena, Androiden programazioaren hastapenak ikasteko eta bigarrena, Lurraldea eta Hizkuntza. Aipatutako beste tresna guztietan ez bezala, hauek euskaraz izan dira, euskarak arlo honetan oraindik ere egin beharreko bidearen seinale.

 

Jokuak eta beste

 

Beste irakaskuntza metodoak ere badaude, batzuek jokuen ezaugarriak gehitzen dizkiote irakaskuntza prozesuari, beste batzuk zuzenean jokuen bidez irakasten dute. Badira ere, emuladore edo prozesu automatikoen bidez ariketak egin eta zuzentzeko aukera ematen dituztenak ere.

 

Asko dira eta oso anitzak azken urteetan sortzen ari diren tresna berriak. Horien artean, programazioa edo teknologiarekin lotura duten esparruetan nabariagoa da. Aurretik aipatu ditugun MOOC eta ikastaro atari espezifikoak badaude Udacity kasu, baina alde batera utzi eta metodo ezberdinak erabiltzen dituztenak nabarmenduko ditugu.

 

Codeacademy da lehena, programatzen ikasteko lekurik aproposenetakoa. Joku teorian oinarritutako teknikak eta zuzenean egiten ari garena ikusteko aukera ematen duen pantaila baten bidez, programatzen ikasteko aukera ematen du. HTML&CSS, Javascript, PHP eta beste zenbait hizkuntza eta lengoaia ikasteko aukera paregabea.

 

Helburu antzekoarekin, baina beste filosofia parte hartzaileago batekin Webmaker sortu zuen Mozilla Fundazioak. Honen bidez, hainbat tresna eskaintzeaz gain, jendeak bere kaxa, baina baita ere komunitatean web irekiaren oinarriak ezagutzeko aukera ematen du Maker filosofiari jarraituz. Proiektuak P2P unibertsitatearekin ere badu harremana, era zabalago batean helburu hauek eta beste batzuk irakasteko, norbanakoek eta erakundeek beraien artean irakatsi eta ikasteko aukera ematen duen «unibertsitatea».

 

Benetan dibertigarria den batekin amaituko dugu, Codecombat. Honen bidez, joko bateko pertsonaiak zuzenean programatuko ditugu eta horien bidez programazioaren ohikoak diren ezaugarriak ikasi. Banaka edo beste pertsonen aurka haritu gaitezke eta jokoan aurrera egin ahala, gero eta ezagutza handiagoa izango dugu ia konturatu gabe.

Gorka Julio

2014, Uztaila 14
Arloa: Sarean