Mugikorrean irakurri
Mugikor adimendunak edo Smartphone deiturikoak irakurtzeko ere balio dute. Gailu hauetan Interneteko konexioa izaten dute eta horregatik aplikazioak erabili eta Internetetik nabigatzeko asko erabiltzen ditugu. Hala ere, liburu digitalak irakurtzeko ere balio dute eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu horretarako.
Asko irakurtzen duten horientzat liburu elektronikoa gailu oso interesgarria da, baita noski papera ere; egunerokotasunean halere, ez ditugu gai gainean eramaten. Mugikorrak aldiz egunean zehar soinean izaten ditugu, horregatik denbora labur (edo ez hain labur) batean irakurtzeko tresna paregabea dira.
Liburu digitalak irakurri ahal izateko aplikazioren bat beharko dugu. Android plataformarako Aldiko irakurgailua oso interesgarria da. iPhone gailuetarako aldiz, iBooks aplikazioa ere oso interesgarria da.
Badira horiekin lotuta liburuak saltzen dituzten enpresen aplikazioak ere, ezagunena Kindle aplikazioa. Oso aplikazio interesgarria eta noski Amazonen liburu digitalak erosteko erraztasun guztiak ematen dituena. Txarrean beharbada Amazonen liburu gehienek duten DRMa da. Eskubide digitalen kudeaketa kontrolatzeko omen den teknologia, baina benetan erositako liburua partekatzeko mugak jartzen dituena.
Hala ere, Kindle aplikazio honek gauza interesgarri asko ditu. Erabiltzeko garaian konturatzen zara oso erosoa dela bertatik nabigatzea:
- Atalen artean mugitzeko menuak oso eroso eta erabilgarriak dira.
- Testuaren tamaina eta ezaugarriak aldatzeko erraztasun handiak ematen ditu.
- Irakurtzeko garaian atala amaitzeko falta den denbora ematen dizu irakurtzera bultzatuz.
- Une oro zein orrialdetan zauden ikusteko aukera duzu eta baita irakurritakoaren portzentajea.
- Hitz bat ukituz gero, hiztegiko definizioa edota bilaketa bat (liburuan, sarean edo Wikipedian) egiteko aukera ematen du.
- Oharrak, azpimarraketak eta markak egin daitezke liburuan aurkitzen goazen gauza interesgarriak gordetzeko.
Gauza hauetaz guztietaz gain aplikazio bera leku ezberdinetan erabiltzeko aukera dago. Horrela mugikorrean irakurtzen hasi garen liburu hori, ondoren ordenagailuan edota tabletetan irakurriz gero bertan ere utzi dugun tokitik irakur dezakegu. Hori egiteko noski, gure datuak izan beharko ditu Amazonek, datuek sinkronizaturik egon beharko dute alegia.
Irakurtzeko aplikazioak bezain garrantzitsua edo gehiago da irakurri beharreko hori, liburua bera alegia. Eskaintza zabala da, baina liburu berri asko ez dira oraindik digitalean argitaratzen. Zer esan euskarazko liburuei buruz, oraindik gutxiago. Hona hemen liburu interesgarriak topatzen laguntzen diguten zenbait atari:
- Gutenberg proiektua: Munduko hizkuntza ezberdinetan digitalizatutako dokumentuak biltzea helburu duen gunea da. Bertan 45.000 liburu aurkituko dituzu dohainik eta beraien laguntzeei esker 100.000 baino gehiago. Mapak, kartografiak, manualak eta noski liburuak aurki ditzakezu, batzuk benetan interesgarriak.
- Wikisource: Wikipedia bezalako proiektua, baina eduki libreko liburuei lotuta. PDF formatuan jaitsi dizakezu bertan aurkitzen dituzu eduki guztiak.
- Djelibeibi: Hizkuntza ezberdinetako bitxikeri literarioak topatu ditzakezun ataria. Oso aukeraketa berezia da eta beharbada horregatik interesgarria.
- Feedbooks: Liburu zaharrak, baina baita oraingoak ere. Interes berezia dute adibidez zientzia fikziozko edukiak. Cory Doctorow idazlearen liburu gehienak adibidez hementxe aurkituko dituzue. Hori bai, gehienak ingelesez.
Gurean aipamen berezia merezi du Susa argitaletxeak, Armiarma webgunean egindako lan eskergagatik. Hau da bertan topatuko duzuen guztia:
- Literaturaren Zubitegia Sarean idazleei buruz dagoen guztia, aipamenak, estekak, efemerideak, kritikak, bibliografia...
- Literatur Emailuak: Literatur argitalpenak eta ekimenak iragartzeko bloga eta asteroko albistegia.
- basquepoetry.net: euskal poesia munduari erakusteko ataria.
- Euskarari ekarriak: Euskarara itzulitako egileen eta obren erreferentziak eta testuak topatzeko tresna duzu webgunea.
- Klasikoen Gordailua: Literaturako testu klasikoen webgunea. liburuez gain: baladak, kantak, herri literatura, testu zaharrak...
- Bertso eta Olerkien Hemeroteka: Julen Urkiza-ren «Euskal Bertso eta Olerkien Bibliografia»ren gainean garatutako ekimena.
- Kritiken hemeroteka: Euskal literatura modernoko liburuei buruz kaleratu diren kritiken gordailua.
- Literatur Aldizkarien Gordailua: Ibinagabeitia proiektua, 29 aldizkari eta 6.000tik gora artikulu digitalizatuta.
- Euskal Prentsaren Lanak: XIX. mendetik aurrerako egunerokoak eta aldizkako agerkariak: Argia, Eskualduna, Euzkadi...
- Euskal Lokuzioak Sarean Intza proiektua, euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera.
Amaitzeko nola ez, Armiarman bertan liburu elektronikoak topa ditzakezue, gehienak lizentzia libreekin gainera. Nahi izanez gero, azken nobedadeak ere jaitsi ditzakezu formatu elektronikoan. Ez ordaintzeko aukera dagoen arren, merezi du, egile hauen obrak ordaintzea, kostatzen dutena balio dute eta.