Blogen bueltan

Gorka Julio

Blogak aspaldi dira gurekin eta zorionez gero eta gehiago dira gainera. Aspaldi pasa ziren euskaraz idatzitako blog gehienak ezagunak ziren garaia. Baita noski, blog bat helbururik gabe sortzeko joera hori ere. Heldutasun puntu honetan blogen egoera aztertu, ezagutu eta joerak aztertuko ditugu hemen.

Esan dugu, euskal blogosferako blogariak eta hauen blogak ezagutzea gero eta zailagoa dela. Oso positiboa, asko diren seinale, baina irakurleak lortzeko zailtasun batzuk ere ekartzen ditu honek. Alde horretatik, blogari berriak eta ezezagunak direnak ezagutzeko interesgarria izan da Blogetan blog lehiaketa.

Egilea: Randy Stewart| Lizentzia: cc-by-sa

Leihaketa horretan lau atal (kultura zinema, gizarte eta politika, aisialdia, zientzia eta teknologia) nagusi zehaztu zituzten eta horiekin batera baita blogari berrienari saria ere. Bozketa publiko baten ondoren, finalista zerrenda bat atera eta horien artean aukeratu zituzten saridunak:

Kultura
Zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika…

  • AnnieSdelMono: Leire Palaciosen blog pertsonala. Kultura, idazkiak, istorioak, filmak...

  • 27 zapata: Imanol Epelderen bloga. Gai ugari lantzen ditu oso ikuspuntu bereziak emanaz.

  • [Sariduna] Klak... eta: Zinemari buruzko bloga.

 

Gizarte eta politika
Historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea…

  • Euskerabili: Euskara ikasteko eta erabiltzeko gune informala eta jendearen parte-hartzea sustatzen duena.

  • Auzia euskaraz: EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara euskaraz izapidetzea helburu duen bloga.

  • [Sariduna] Arma tiro klik: Kazetaritza eta fotokazetaritza uztartzen dituen bloga.

 

Aisialdia
Zaletasuna, kirola, bidaiak...

  • Katxonderstango Errepublika: Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

  • Izparringia: Umorezko albistegia. Errealitateak fikzioa gainditzen duelako.

  • [Sariduna] Tropela bloga: Txirrindularitzaren inguruko euskarazko webgunea.

 

Zientzia eta teknologia

Natura, osasuna, arkitektura, informatika...

  • TeknoZientzia: Haurtzaro ikastolako zientzia eta teknologia departamenduak sortu eta elikatzen duen bloga.

  • Zientzianet: Publiko orokorrarentzat euskarazko zientzia-edukien bilgune.

  • [Sariduna] Euskalnatura: Euskal Herriko natura eta natur zientziak jende guztiaren eskura jartzen euskaraz eta naturzaletazuna hedatzen saiatzen den bloga.

Blogari berriaren sari aldiz Gaizka Izagirrerek eraman zuen Ikusi makusi…zer ikusi? zinemari buruzko blogarekin. Gaizkak bere blogean, berriak, bitxikeriak eta munduko zinemagintzari buruzko gaiak jorratzen ditu.

Lehiaketa eta beste ekimenek bilatzen dutena blog hauek ezagutaraztea da. Gakoa horixe baita, bloga idatzi bai, baina baita jendeak irakurtzea ere. Hori lortzeko bide asko dago, goazen gure inguruan sortu diren eredu batzuk aztertzera orain.

Blog koralak

Beharbada blog bat sortzea zaila izan daiteke askorentzat, baina ez horrenbeste beste batzuekin egiten bada. Blog tresnek normalean aukera hori eskaintzen dute eta gainera irakurle komunitate baten parte ere bihurtzen da idazlea.

Gure inguruan era honetako blog asko dago, bereziki unibertsitate edo akademiaren ingukoak dira nabarmenenak. Nolabait beraien egunerokotasunean egindako lana azaleratzeko bidea ikusten dute tresna honetan.

Adibideak

Blog komunitateak

Blog indibidualak sortu bai, baina komunitate baten barnean egitea erabakitzen duenak ere badira. Komunitate hauei esker irakurleez gain, laguntza eta sostengua jaso ohi da batzuetan.

Komunikabide askoren inguruan eta blogak sortzeko tresnen bueltan ere sortu ohi dira maiz. Halere, beharbada interesgarrienak, beren kabuz eta elkarlanean eraikitako komunitate independenteak dira.

Adibideak

Hala ere, denon esku egon daiteke blogetan idazten dena ezagutarazteko aukera. Pauso gutxi batzuk kontutan hartuz irakurleek ere asko lagun dezakete hauen hedapenean. Hauek gomendioak:

  1. Euskarazko blogak irakurri eta bilatzeko joera izan.

  2. Gustatzen zaizkizunen laster-marka egin edota jario irakurgailura gehitu.

  3. Bertan proposatzen diren eztabaidetan parte hartu edo zure blogean hauei erreferentzia egin.

  4. Aurkitzen dituzun informazio interesgarriak zabaldu, baita sare sozialak baliatuz ere.

Blog bat egiteko tresnak ez dira arazo horretarako, zerbitzu eta programa asko ditugu eskura. Batzuek zerbitzuak dira, kontu bat sortu eta bereahala egongo gara idazten, beste batzuk aldiz zerbitzari batean instalatu beharko ditugun tresnak dira.

Wordpress.com zerbitzua da gaur egun garrantzitsuenetakoa eta zerbitzua izateaz gain software librea den Wordpress programa ere eskaintzen du.

Blog sinpleagoak egiteko aldiz, bideoak, argazkiak, testu laburrak... idazteko batez ere Tumblr.com bezalako zerbitzuak ditugu. Horrelakoren bat software bidez sortu nahiko bagenu aldiz Wordpress bera edota Ghost bezalako tresnak baliatu ditzakegu.

Bukatzeko bada joera berri eta interesgarri bat, tresnan baino idatzi behar den horretan zentratzen dena. Medium izan daiteke horren adierazle garbiena; aipatutako arazoak ere konpontzen dituena nolabait, idazle-irakurle komunitate batean txertatzen baitu idazlearen jarduna. Ikusi dugunez, aukerarik ez da falta idazteko gogoa duenarentzat, animo beraz!

Gorka Julio

2014, Martxoa 10
Arloa: Sarean