Software Librera salto

Ubuntu GNU/Linux sistema eragilearen banaketa aspaldi da ezaguna, baina hau berezia da LTS bezala izendatu baitute. LTS Long Time Service markaren bidez, bost urtetan behintzat mantenimendua eskainiko dutela ematen duten aditzera. Hau da, bost urteetan zehar eguneraketak eta arazoen konponketak izango direla. Orain Windows XPren mantenimendua bukatutzat ematen dutela beharbada aukera interesgarria.

 

Azken bertsio honek 14.10 zenbakia eta Utopian Unicorn izena ditu. Inoiz baino errazagoa da bere instalazioa edozein sistema eragiletik etorrita ere; Windows batetik bagatoz oraindik gehiago. Gainera instalatu nahi ez dutenentzat, USB batetan sartu eta CD/DVD-a hasieraketan kargatuz gero, sistema eragilea automatikoki agertuko zaigu. Berriro gure sistemara bueltatu nahi izanez gero euskarria ateratzea nahikoa da.

 

Oraindik zabaltzen diren gezur eta zurrumurru asko albora uzten ditu bertsio honek. Esan daiteke erabilpen arrunt bat egiten duten eta GNU/Linux banaketa bat probatu nahi izan dutenek aukera paregabea dutela esku artean. Mahaigaina oso itxurosoa izateaz gain, berez interesgarriak izaten diren programak ere barneratzen ditu.

 

Web nabigaziorako Firefox nabigatzailea, posta elektronikoa irakurtzeko Thunderbird, bulegotikarako LibreOffice paketea, bideoak eta audioak erreproduzitzeko VLC eta Rhythbox... Horrela milaka aplikazio erabilgarri eta horietaz gain beste hainbat instalatzeko aukera ere.

 

Bereziki interesgarria azken aldia, aukera zabaldu delako jokuen atala. Gero eta gehiago dira sistema eragile honentzat ere eskaintzen diren bideojokoak. Bereziki bi multzo dira garrantzitsuak, alde batetik hezkuntzari lotutako jokoak eta bestetik Steam bideojoko plataformarekin lotutakoak. Azken honek, izugarrizko gorakada izan du azken urteetan eta joku oso interesgarriak eskaintzen ditu orain, baita Ubuntu plataforman ere.

 

Urteetan Ubuntu hanka motz ibili izan da publikazio, irudi, audio eta bideo edizioan, baina orain erabilpen arruntetarako behinik behin aplikazio sorta izugarri bat dago gure esku. Hauetako bakoitza bere alorrean beharbada ez du mailarik gorena, baina jende gehienak behar dituen gauzetarako erabat baliagarria da. Gehiago da, jende gehienak normalean ez dio programak dituen ezaugarri gehienei zukua ateratzen.

 

Publikazioak

Scribus: Autoediziorako aplikazio informatiko bat da. GNU/Linux, Mac OS X eta Microsoft Windows sistema eragileetan erabil daiteke, Libreak ez diren QuarkXPress edo Adobe InDesign bezalako programen antzeko maketaziorako funtzionalitateak ditu. Ez du maila guztiz profesionala ematen, baina publikazio txikientzako adibidez oso baliagarria izan daiteke.

 

Irudia

GIMP: GNU proiektuaren baitan irudiak egokitzeko sortu zen kode irekiko programa da. GIMP argazkiak eta irudiak moldatzeko aplikazio informatiko bat da. Aurreneko bertsioa GNU/Linux sistemarako sortu bazen ere, gaur egun Windows eta Mac OS X sistema eragileetarako ere egokiturik dago. Azken bertsioetan egin dituzten hobekuntzak nabariak dira, askok ezagutzen duten Photoshop-ekin aldera daitekeen tresna da.

 

Inkscape: Irudi bektorialak lantzeko aplikazio bat da. Plataforma-anitza da hau ere eta Adoberen produktu ezagunek duten maila izan gabe ere, aukera ederra da askorentzat eta gero aukera gehiago eskaintzen ditu.

 

Audioa

Audacity: Audio digitala lantzeko programa da. Software librea eta plataforma anitza. Kalitate handiko soinuak editatu eta lantzeko aukera ematen du. Audioa grabatzeaz gain, bertan aldaketak, mozketak, efektuak gehitu eta kentzeko aukera ematen du. Arazoak dituzten audioak tratatzeko erabili ohi da maiz, audioa txukuntzeko. Formatuen arteko konbertsioak egiteko ere oso baliagarria da.

 

Bideoa

Pitivi: Bideo ediziorako tresna sinple bat da hau. Azken urteetan asko garatu ondoren bideo edizio errazez gain, beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu. Denbora lerro ezberdinetan bideo eta audio pistak kudeatuz denbora errealean bideoaren edizioa nola doan ere ikus dezakezu. Horretaz gain gero eta efektu gehiago eskaintzen ditu, bidea erakargarri egiteko. Ez da dagoen tresna bakarra Openshot ere oso interesgarria da.

 

3D

Blender: Azken urteetan gehien garatu den tresnetako bat da Blender. 3D animazio eta modelizaziorako tresna honek eskaintzen dituen aukerak izugarriak dira. Profesionaltasun maila altua lortu duen produktua da dudarik gabe. Esan bezala, animazioak, modelizazioak, simulazioak edota jokoak egiteko erabili izan ohi da. Hainbat kasutan bideo edizioa egiteko tresna ere bihurtu da askorentzat.

 

Aipatutako tresna asko Windows edo Mac OS X bezalako sistema eragiletan erabili daitezke. Software librearen mundura salto egin nahi baduzue, horietatik hasi zaitezkete, baina Ubuntu bezalako aukerak eskura edukita zergatik ez probatu? Inoiz baino errazagoa da, animatu, ez zara damutuko.

 

Gorka Julio

2014, Maiatza 09
Arloa: Sarean