Museoak gazteen eskura

Kontaizu

artea1


Museoei errespetu handia diegu. Haien barruan aurkituko duguna ez ulertzeak beldurra ematen digu. Gainera, eraikinak hain dira handiak eta korridoreak hain nahaspilatsuak, ezen bertan galtzea erraza ematen baitu. Ariadna laberintoan bizi zen minotauroaren atzaparretatik askatzeko abiatu zenean, Teseok hari mataza bat hartu zuen bidea markatzeko. Modu horretan, bere helburua bete ostean, arazorik gabe topatuko zuen laberintoaren sarrera. Ziur aski, antzeko zerbait egitea pentsatu duzu museoetako aretoetara sartu aurretik. Eta, jakina, hori guztia aitzakia ederra bihurtuko zitzaizun artea ikustera ez joateko. Bada aurrerantzean halako trikimailuek ez dizute askorako balio izango. Artearen mundua gazteei gerturatzeko asmoz, Bilboko Arte Eder eta Guggenheim museoek zenbait programa garatu dituzte. Haietako batzuk ikastetxeetara zuzendurik daude, baina eskola orduetatik kanpo ere (batez ere asteburuari begira) denborapasa ederrik aurkituko duzue museo horietan. Solomon Guggenheim izeneko enpresa gizon aberats batek sortu zuen lehendabiziko Guggenheim museoa, New Yorken. Gerora, izen bereko fundazioa sortuko zuten, eta, haren bitartez, Guggenheim marka mundu osora zabaltzen hasiko ziren. Gaur egun, New Yorkekoaz gain, Guggenheim abizena daramaten hiru museo daude: Alemanian, Venezian eta Bilbon, hain zuzen. Solomonen bilobari, Peggy Guggenheimi zor zaizkio erakundeak hezkuntza arloan landu dituen programak. Berarentzat, oso garrantzitsua zen haurrak eta gazteak txikitatik artearen mundura gerturatzea. Bilbon, esate baterako, Artea ikasbide programaren barruan 9-17 urte bitartean dauden gaztetxoentzako bisita-tailerrak antolatzen dituzte astean zehar. Gidari baten laguntzarekin, bilduma iraunkorreko artelanak, aldi baterako erakusketak zein eraikina bera aztertuko dituzte ikasleek. Ondoren, tailerrera igaro eta ikusitakoaren gainean artelan bat osatu beharko dute. Horretarako, tailerra gidatzen duen artistaren laguntza eta aholkua jasoko dute. Bien bitartean, 1984. urtean hasi zen Bilboko Arte Eder museoa ateak ikasleei zabaltzen. Lehen hezkuntzan, Bigarren hezkuntzan zein Batxilergoan dauden gazteek parte har dezakete museoak eskaintzen dituen bisitetan. Helburua ikasleak obrak ulertzen eta aztertzen irakastea da. Horretarako, lau ibilbide zehazturik dauzkate eta bakoitza adin jakin batera zuzendurik dago: kontakturako ibilbidea Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloentzat, hastapenerako ibilbidea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, oinarrizko ibilbidea Batxilergoan daudenentzat, eta antzinako pinturaren ibilbidea DBH zein Batxilergoko ikasleentzat. Batean zein bestean, larunbata izaten da familientzako eguna. Gurasoekin batera joanez gero, bisita gidatuak dohainik atera ahal zaizkizue egun horretan. Bizkaitik kanpo, antzerako saioak dituzten museoak egon badaude. Gasteizko Artium zein Donostiako San Telmo dira horren adibide. Lehenengoa arte garaikideari zuzendurik dago, eta bigarrenean, berriz, antzinako artea (bilduma iraunkorra) zein gaur egungoa (noizbehinkako erakusketak) aurkituko duzue. Artiumek, esate baterako, urtean zehar hainbat hezkuntza ibilbide antolatzen ditu, baina lurraldean bertan dauden zentroek bakarrik parte har dezakete. Alabaina, asteburuetako saioetara edonor joan daiteke. Txotxongiloak, zinema, ipuin kontalariak, tailerrak… Denetariko ikuskizunak egoten dira Artiumen igande goizetan. Informazio gehiago behar izanez gero, ondoko helbideetara jo dezakete zeuen irakasle eta gurasoek:

Arte Eder museoa:

http://www.museobilbao.com

Guggenheim museoa:

http://www.guggenheim-bilbao.es

Artium:

http://www.artium.net

San Telmo museoa:

http://www.donostia.org/santelmoEuskal Herrian dauden museo handienetako batzuk aipatu ditugu, baina ez dira dauden bakarrak. Gure lurraldean areto ugari daude; batzuek arte erakusketak jasotzen dituzte, beste batzuek Euskal Herriaren historiari loturik dauden objektuak. Ziur zure herrian horrelako guneren bat egon badagoela. Haiei ere noizean behin bisitaren bat egitea ez litzateke gaizki egongo, ezta?

 

 

 

Kontaizu

2003, Urria 01
Arloa: Arteder