Lanbidez ilustratzailea

Kontaizu

a2art1.jpg


a2art2.jpg

Seme-alaba ugari ditu munduan zehar barreiaturik. Batzuk euskaraz mintzo dira, beste batzuk ingelesez, eslovakieraz hitz egiten dakienik ere badago… Baina Mikel Valverderen (Gasteiz, 1966) umeak ez dira edonolakoak. Badute berezitasun bat: liburuetara jo beharko duzu haien berri izateko. Txikitako pasioa du marrazketa. Institutuan jada komikiak egiten zituen, baita zenbait sari irabazi ere. Hamasei urterekin TMEO-ko jendea ezagutu zuen, eta pixkanaka-pixkanaka komikiaren munduan murgilduz joan zen. “Txikitako erreferentzia bi aipatu beharko banitu, komikia eta zinema izango lirateke. Batek zein besteak eragin handia izan dute nigan, batez ere kontatzen zituzten istorioek. Behin konturatu nintzen neuk ere nire istorioak kontatu nahi nituela, eta, horretarako, bitartekorik egokiena komikia zen, euskarririk merkeena zelako. Jakina, ez pentsa teknika menperatzea hain erraza zenik. Orduak sartu behar ziren horretan. Baina marrazketa oso gustuko nuen, eta nire kabuz ikasi nuen gauzak egiten”.

a2art3.jpg

 

Komikitik ilustraziora

Denbora luzea igaro zuen Mikelek komikiaren munduan. 80. hamarkadan, Gasteizen, mugimendu handia zegoen arlo horren inguruan. Fanzineak, erakusketak, lehiaketak… Sasoi hartan, zenbait kolektibo sortu zituzten Gernikan, Oñatin zein Ondarroan. Komiki egileak badu testuaren zein marrazkiaren gaineko kontrola. Berak osatu behar ditu bata zein bestea. Gustura zegoen esparru horretan, baina Mikeli zerbait falta zitzaion. Marrazketa hutsa ere probatu nahi zuen, ilustrazioa. Baina horretan bai ez zegoela irtenbide handirik ikusten. Irudidun liburu gutxi kaleratzen ziren Euskal Herrian, eta argitaratzen ziren apurrak Haur eta Gazte literaturakoak ziren. Dena den, berarentzat hori gutxienekoa zen. “Haur eta Gazte literatura abentura liburuekin lotu izan dut beti, eta halako liburuak asko gustatzen zaizkit. Gainera, nire estiloa oso ondo egokitzen zaio literatura horri, umore zuria erabiltzen baitut. Kontuak kontu, argi neukan ez nuela amore eman nahi bide hori probatu barik”. Eta gutxien espero zuenean, kasualitate hutsez, lehen enkargua jaso zuen: Bernardo Atxagak Xolak badu lehoien berri ilustratzeko eskatu zion. « Hasiera batean, beldur pixka bat eman zidan. Lehen aldia zen horrelako lan bat egiten nuela, eta, gainera, ez nekien nolako harrera edukiko zuen ». Atxaga, behintzat, gustura geratu zen emaitzarekin, eta argitaletxe guztiei Mikelen izena proposatu zien ilustratzaile moduan. Xolak badu lehoien berrikaleratu eta handik sei hilabetera, argitaletxe batetik deitu zioten beste liburu bat ilustratzeko, eta ordutik hona dei kopuruak gora egin du. Xolaren liburuak arrakasta handia eduki zuen, eta gaur egun hainbat hizkuntzetara itzulita dago. Dagoeneko, ilustraziotik bizi dela esan dezake Mikelek. « Baina horrek ez du esan nahi lanbide hau erraza denik. Ez dago sekula jakiterik hemendik hilabete batzuetara gertatuko dena. Liburuak ibilbide propioa du; arrakasta lor dezake ala ez. Profesional gutxi dedikatzen gara honetara, hasieran, behintzat, nahiko gaizki ordainduta baitago. Gainera, ez du segurtasun handirik ematen, hamabost egun igaro ditzakezulako lan bat prestatzen baina horrek ez du esan nahi jarraian enkargurik edukiko duzunik. Zure lana baloratzen hasten diren arte, denbora dezente pasa daiteke. Ilustrazioaren bidea luzea da, ni neu oraindik bidean nago. Honetan ez zara sekula inongo helmugarara iristen. Lana ez zait falta une honetan, baina hemendik urte betera zer gertatuko den ez dakit”.

Ilustrazioaren kultura falta

Ilustrazioak oso estima gutxi dauka gizartean, eta, Mikelen iritziz, marrazkidun liburuak irakurtzeko ohitura faltaren ondorio da hori. Orain arte, ilustratzailea bigarren maila batean aritu da lanean. Liburuaren azalean idazlearen izena ilustratzailearena ere agertzea duela gutxiko kontua da. “90. hamarkadan hasi ziren argitaletxeak hori egiten. Pentsa, Antton Olariaga eta Josu Zabaleta bezalako ilustratzaile onak eduki, eta beren izena inon agertu ez! Batzuei kostatu egiten zaie ulertzea halako liburuak biren arteko lana dela: batetik, idazleak istorioa idazten du, eta, bestetik, ilustratzaileak istorio hori marrazkien bidez adierazten du. Nire ustez, ilustrazioak ekarpen handia egiten du. Sariekin beste horrenbeste gertatzen da. Euskadi sarietan Haur eta Gazte literaturari zuzenduriko atala dago, baina ilustrazioarentzat ez. Eta gurea obra horien parte garrantzitsua da. Dena den, egoerak hobera egin du pixka bat. Garai batean ezinezkoa zen egile bien izenak azaltzea, eta orain posible da. Egia da ilustrazioak esparru handiagoa bete beharko lukeela literatura osoan, baina hemen ez dago helduentzako liburu ilustraturik”. Ilustrazioari dagokionez, Euskal Herrian maila ona da. “Nahiko mundu gaztea da oraindik, duela 15 urte hasi baitzen indarra hartzen. Ordutik hona zenbait ilustratzaile atera gara (Olariaga, Elena Odriozola, Mattin, Marko…), eta maiztasunarekin argitaratzen dugu. Maiztasuna funtsezkoa da, hobetzeko aukera ematen baitu. Ilustrazioak badu bere alde artistikoa, baina baita ofiziozkoa ere. Hau da, egitearen poderioz ikasten duzu gauzak behar bezala egiten. Arriskatu egin behar da jarduera mekanikoa izan ez dadin. Zeure burua aberasten duzu horrela, eta baita ingurukoak ere. Bestetik, estilo aldetik aniztasuna da nagusi. Ona da hori, besteengandik ikasteko aukera ematen baitu”. a2art4.jpg

 

Xolatik Garmendiara

Xola, Bambulo, Markoni, Andres errinozeroa, Jonas, Jon Arkakuso… Urte hauetan hamaika pertsonaia atera dira Mikelen pintzeletik. Haietarik gehienak animaliak dira, oso gustukoak baititu halako pertsonaiak. “Alaiak dira, ironiarekin eta umorearekin jolastea ahalbidetzen dizute. Haien bidez kritika egin dezakezu; bi hanka gainean jarri eta pertsonak ematen dute, lau hankatan, aldiz, animaliak baino ez dira. Animaliek poztasuna igortzen dute, eta, gainera, umeek oso gogokoak dituzte”. “Dena den, beti saiatzen naiz marrazki atseginak egiten, eta atseginak diodanean onak irakurle guztientzat aproposak esan nahi dut, ez mengelak. Atxagak ez du ezberdintzen haur eta gazte literatura helduentzat den horretatik; berarentzat literatura ona eta txarra besterik ez dago. Nik serio hartzen ditut ilustrazioak, umeak oso kritikoak baitira. Kalitatezko lanak egiten saiatzen naiz, umeentzat izan arren denak ez baitu balio. Ondo ilustraturiko liburu batek berdin-berdin erakarriko du hamar urteko ume bat zein laurogei urteren bueltan dagoen agure bat”. Marrazteko orduan, ur koloreak erabiltzen ditu Mikelek. Asko fijatzen da pertsonaien aurpegietan, eta bere lanei erreparatuz gero, adierazkortasunez beterik daudela ohartuko gara. “Pertsonaiak istorioak kontatzeko bideak dira. Baten batek pertsonaia ilustratzaile deitu izan nau, eta ez dut uste kontu ezezkorra denik. Pertsonaia batek izakera edukitzea ona da, haren bidez sentimenduak zein egoerak islatu daitezkeelako. Jakina, hau guztia diot komikitik etortzeak eragin handia izan duelako nigan. Komikian ere pertsonaiak pisu handia dauka”. Ideiak edonondik hartzen ditu, kalean ikusitako zerbaitetik, norbaiti entzundakotik, langunengandik… “Erne egotea da gakoa. Burua ondo estutu behar duzu bilatzen duzun pertsonaia aurkitu arte. Lehen saioan ez bada ateratzen, berdin du. Insistitu behar da hura topatu arte”. Behin pertsonaiaren izaera definitu ostean, hainbat proba egiten ditu behin betiko eredua finkatu baino lehen. Bere ustez, gehien kostatzen den irudia beti da egiten den azkenekoa. “Asterix bildumako lehen alea hartzen baduzu, Asterix galiarra izenekoa, konturatuko zara nola umeei ez zaien hainbeste gustatzen, lehen zenbakia izanik pertsonaiaren ezaugarriak ez baitaude behar bezala menperaturik. Bosgarren aletik aurrera, Asterixek aurrerantzean izango zuen itxura dauka. Horrek esan nahi du hura egin zuenerako marrazkilariak neurria hartua ziola pertsonaiari. Niri gauza bera gertatzen zait: hasieran asko kostatzen zait pertsonaiari neurria hartzea, eta irudi bakoitza ehun aldiz marrazten ez duzun arte, ez duzu menperatzen. Ez duzu zeureganatzen. Horregatik, pertsonaiari ekin aurretik hainbat proba egiten ditut”. Bere lumatik atera den azken pertsonaiak Garmendia du izena, eta XIX. mende amaieran Far West amerikarrean dabilen euskaldun bat da. Kirmen Uribek Elkarlanean argitaletxearekin kaleratuko duen bilduma batean agertuko dira marrazkiak, eta lanarekin oso pozik dago Mikel, aspaldiko ametsa betetzea lortu baitu: abentura liburu bat ilustratzea. Baten baino gehiagok galdetu izan dio bere anaia puntako futbolaria izanik (Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea eta Mikel anaiak dira) nolatan aukeratu du berak ilustrazioaren mundua. Mikelek ere futbolean jokatu zuen, jubenilak arte, baina berak esaten duen bezala, marrazketa gehiegi gustatzen zitzaion eta horretara dedikatzea erabaki zuen. Horren inguruan, badu aekdota bat: “behin, taldekooi Eibarren jokatzea tokatu zitzaigun. Larunbat arratsaldea zen, eguraldi ona egiten zuen, eta telebistan John Forden film bat eman behar zuten. Izugarri gustatzen zitzaidan zuzendari hori, eta nik haren filma galdu behar nuen! Taldekoontzat Ipuruan jokatzea amets bat zen, eta nik partidan pentsatu beharrean filma nuen buruan. Orduan konturatu nintzen hori ez zela nirea. Gauzak serio hartu behar dira, bestela ez horretan sartu. Gainera, ez nekien futbolarena zertan amaituko zuen. Ez nuen 60 urtetara iritsi nahi eta ez egindakoaz damutu. Arriskatu nuen, eta gustura nago orain arte bizi izandakoarekin”.

Argazkiak: “Bambulo: Lehen urratsak“. Erein, “Durango-Durango“. Elkarlanean ,“Jonas eta hozkailu beldutia“.Aizkorri

Kontaizu

2003, Azaroa 01
Arloa: Arteder