Artearen gotorlekuak
Artista jaio egiten dela diote batzuek. Berehala aipatuko dizute Giotto margolariaren kasua, zeinak ume koxkor bat besterik ez zela harrituta utzi zituen hainbat maisu lurrean marrazten zituen irudiekin. Beste batzuen iritziz, artista egin egiten da. Horregatik, hain zuzen, Berpizkundean agerturiko ideia berreskuratu eta XVII. mendean estreinako Arte Akademiak zabaldu zituzten Frantzian (eta gerora herrialde guztiek eredu bera jarraituko zuten). Orduko erregearen ustez, artelanak ekonomiaren parte garrantzitsu bat ziren, eta haiekin dirua irabazteko ezinbestekoa zen ekoizpena kalitatezkoa izatea. Baina halako emaitzak lortzeko artistak trebakuntza egokia behar zuen, eta horretan garaiko sistemak (gremioen antolakuntza) huts egiten zuen. Gremioetan lanbide berekoak ziren artisauak biltzen ziren, eta elkarte horrek zehazten zuen nola lan egin behar zen baita zein preziotan saldu behar ziren produktuak. Erakunde arras itxiak ziren, eta sarritan erregearen interesen kontra zihoan beren jarduera. Ordua arte artista artisautzat jotzen zuten eskuekin lan egiten zuelako. Eskuen erabilera suposatzen zuen jarduera oro (idazketa izan ezik) bigarren mailakoa kontsideratzen zuten. Artistek urteak zeramatzaten beren lanaren intelektualtasuna aldarrikatzen, baina arrakasta handirik gabe. XVIII. mendean Ilustrazioa iristearekin batera lortuko zuten beren ideiak aintzat hartzea, baita pribilegiozko egoera lortu ere. Gutxi gorabehera, orduan hasi ziren gaur egun arte iraun dituzten ezaugarriak (artisten sormenari loturikoak, beren izaera berezia) lantzen.
Beste hainbat kontu bezala, ez dago argi zerk egiten du bat artista. Ziurrenik bokazio pixka bat izatea ezinbestekoa da, baina baita heziketa egokia jasotzea ere. Horretarako daude Arte Ederretako fakultateak edo haietara iritsi baino lehenago batxilergo artistikoa. Era berean, badira zenbait elkarte artistei beharrezko tresnak eskura uzten dizkietenak, ohiko ikasketa zentroak izan barik. Halakoek esperientzia trukea bilatzen dute, eta sarritan mintegiak eta tailerrak antolatzen dituzte etxeko sortzaileek elkarren berri izan ezik atzerrikoekin harremanetan jar daitezen. Horixe da Donostian dagoen Arteleku (www.arteleku.net) zentroaren helburua. Arteleku zentro publikoa da, eta arte garaikidean sakondu nahi duen artista oro jasotzeko prest dago. Urtean zehar gonbidaturiko artista ezagunek gidatzen dituzten ikastaro monografikoak, tailerrak eta mintegiak antolatzen ditu. Aldizkari bat argitaratzen du, Zehar, eta bertan artistei egindako elkarrizketak, arte garaikideari buruzko artikuluak eta albisteak biltzen dituzte. Arteleku bezalako zentroak ezinbestekoak dira ikasketak amaitu berri duten artistentzat. Izan ere, beren sormen lanak garatzeko aukera eskaintzen die, eta posible da hango aretoak estudio bezala erabiltzea.
Une honetan, Arteleku buru belarri sarturik dago Manifesta 5 jaialdiaren prestaketetan. Manifesta bi urterik behin antolatzen den arte garaikideari buruzko ekitaldia da, eta, zentzu horretan, garrantzi handia dauka. Datorren urtean Donostiak jasoko du Manifesta (deialdi bakoitza hiri ezberdinetan egiten da), eta Arteleku jaialdiko egoitzetako bat izango da. Gaur egungo artearen nondik norakoak gertutik ezagutzeko aukera ezin hobea izango da, beraz. Arte Ederrak ikastea pentsatu duzuenok kontuan hartu beharreko helbidea duzue Artelekurena.