Kalea agertoki
Uda iristearekin batera, hiri eta herrien zainak diren kaleek bizitasun handia erakusten dute. Eguraldi ona ikusita, zeinek eusten dio eguzkitan goxo-goxo egoteko tentaldiari? Filosofia horrekin bat egiten dute kale antzerkian diharduten aktoreek zein komedianteek. Beraien ustez, kalea baino plaza hoberik ez dago euren ikuskizunak aurkezteko: espazio aldetik kaleak ez du arazorik planteatzen, eta, gainera, ikusleekin hartu-eman zuzena ahalbidetzen du. Euskal Herrian kale antzerkiak tradizio luze bezain emankorra dauka. Egia da beti ez dela indar berberarekin agertu. Urteekin, barruko ikuskizunek hartu duten garrantziaren aurrean kale antzerkiak “anaia pobrearen” rola betetzera mugatu da. Diru laguntzei begira ere normalean erakundeek ez dute berdin baloratzen kalean aurkeztu behar den ikuskizun bat ala antzoki batean egin behar dena. Eta ikuspegi horrek eragin zuzena eduki du eta oraindik badu kale antzerkira dedikatzen diren talde eta konpainien egituran, ohiko antzerkiko konpainiek profesionaltasunera iristeko baino oztopo handiagoak aurkitzen baitituzte bidean.
Pastoralak genituzke kale antzerkiaren estreinako adierazpenak Euskal Herrian. Iparraldean pastoralen tradizioak oraindik bizirik dirau eta, hain zuzen, Jean Louis Davant Nafarroako Antso erregeari buruzko lana prestatzen ari da. Gutxi barru egongo da lan hori ikusgai. Bien bitartean, Hegoaldean esperimentazioari ateak ireki zizkioten aspaldi. Kukubiltxo aitzindaritik hasi eta Europako jaialdirik garrantzitsuenetan arrakasta handia lortzen ari den Deabru Beltzak talderaino, denetariko joerak aurki daitezke kale antzerkia lantzen duten konpainien artean. Jaialdiei begira ere ez gabiltza batere makal. Leioako Umore azokak (www.umoreazoka.org dagoeneko abian jarri du denboraldia, eta hurrengo hilabeteetan, Barakaldoko jaialdiaz, Bilboko Kalealdiaz zein Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiaz (www.lekeitiokale.net/) gozatzeko aukera izango dugu. Portzierto, Lekeitioko hitzordua ezin duzue galdu. Euskal Herriko lehen kale antzerki jaialdia den horretan munduko talderik esanguratsuenak ikusteko aukera dago. Esan bezala, talde ugari daude modu batean edo bestean kale antzerkia jorratzen dutenak. Sarean aurkitu daitezkeen atarien artean, aukeraketa bat egin dugu, eta hauxe duzue emaitza: Gaitzerdi antzerki taldea www.euskalnet.net/gaitzerdi/euskaraz/historia.html Iragan urtea arte Bilboko Aste Nagusiko amaiera ekitaldia euren esku egon zelako egingo zaizue ezagun. Euren saioek umorea eta kritika uztartzen dute.
Markeliñe www.markeline.com Piratek igandean jai lanarekin batetik bestera dabil azkenaldian Zornotzako taldea. Kukubiltxo www.kukubiltxo.com Kale antzerkian aitzindariak ditugu. Larrabetzuko taldeak 25 urteko ibilbidean hamaika ekoizpen egin ditu. Antzerkiola Imaginarioa www.antzerkiola.com Barruko ikuskizunak egiten badituzte ere, Ritos proposamenaren bitartez antzerkia herriari gerturatzeko helburua dute. Deabru Beltzak www.deabrubeltzak.com Les tambeurs de feu ikuskizunarekin Europa eta munduko jaialdi esanguratsuenetatik igaro dira. Hortzmuga www.hortzmuga.com Euren azken lana, 12K gutxi barru estreinatuko dute.