Folklorearekin hitzordua
Uztailaren 21etik 31a bitartean, Portugalete jai erraldoi bihurtuko da. Nazioarteko Folklore jaialdiaren eskutik, Europako hainbat herrialdetik etorritako dantza taldeek kolorea, mugimentua eta erritmoa eramango dute aipatu herrialdera. Baina ospakizunak ez dira Portugaletera mugatuko. Jaialdiak iraun bitartean, gonbidaturiko taldeek bira bat egingo dute Euskal Herrian zehar. Beraz, ez galdu atzerriko dantza taldeen erakustaldiak ikusteko aukera. Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdia Elai-Alai erakundearen ekimenez sortu zen, orain dela hogeita hamar urte. Hastapenetan, Elai-Alai dantza taldeak gisa ziharduen, baina denborarekin haren egitekoak ugalduz joan dira. Elai-Alai dantza taldea 1962. urte aldera eratu zen, Portugaleten. Garai hartan, herrian kasik ez zegoen euskal folklorearekin zerikusirik zeukan konturik. Horregatik, guraso batzuek (haien artean zegoen Jose Ignacio Beitia, gaur egun Folklore jaialdiko zuzendaria dena) dantza talde bat eratzea pentsatu zuten. Hasierako urteetan, entseatzeko toki finkorik ez zutenez, handik eta hemendik ibili ziren. Baina egoera horretan taldea egonkortzea ezinezkoa zela ikusita, 1966an Santa Maria kalean zeuden lokal batzuk erostea erabaki zuten. Lokal haiek 360 metro koadro inguru zituzten, eta handik aurrera Elai-Alairen egoísta nagusi bilakatu ziren. Pixkanaka-pixkanaka, elkartea indarra hartzen zihoan. 1972an Frantziako jaialdi batean parte hartzeko gonbita jaso zuten, eta hantxe bizitakoa izugarri gustatu zitzaienez, zera pentsatu zuten: zergatik ez Portugaleten antzeko jaialdi bat antolatu? Hurrengo urtean, lanari ekin zioten.
Hogeita hamar urte ekinean
Lehendabiziko jaialdia apal-apala izan zen. Bertan, Portugaleteko Elai-Alaik ez ezik, beste bi taldek parte hartu zuten: Irlandatik etorri zen bat, eta Frantziatik bestea. Eguraldia lagun, estreinako saio hura kalean antolatu zuten, Areilza doktorea parkean hain zuzen. Hortik aurrera, jaialdia urtero eta etenik gabe antolatzeari ekin zioten Elai-Alai elkartekoek. Baina 1975etik 1979a bitartean, euren jarduera bertan behera utzi behar izan zuten. Izan ere, diktadurako azken urteetan giroa ez zen batere aproposa, eta gutxieneko babes neurriak betetzen ez zirenez, garai hobeak iritsi bitartean jaialdirik ez egitea erabaki zuten Elai-Alaikoek. 1980. urtean Folklore jaialdiaren biziraupena mehatxatzen zuten hodei ilunak erabat desagertu zirela ikusita, ekimena berriro martxan jarri zuten. Orduz geroztik 29 saio atondu ditu Elai-Alai elkarteak, aurtengoa kontuan harturik 30. Hogeita hamar urte. Zeinen erraz esaten den! Alabaina, ez du batere samurra izan behar urtero Portugaleteko Foklore jaialdiaren moduko ekitaldi bat antolatzeak. Buruarekin baietz dio Jose Ignacio Beitia ekitaldiko zuzendariak. Baina gustuko bidean aldaparik ez dela egoten dio esaera zaharrak, eta Elai-Alaikoek gogo onez aritzen dira jaialdi bakoitzaren nondik norakoak zehazten. Honezkero munduan diren folklore talde gehienak, modu batean ala bestean, Portugaleten izan dira. "Australiako elkarteren bat edo beste ekartzea falta zaigu, baina hori kenduta Asia, Amerika, Afrika eta Europa osoa goitik behera arakatuak ditugu", azaldu du Beitiak.
Hogeita hamar urte. Zerbait berezia egin beharra zeukaten urtemuga ospatzeko. Eta orduantxe konturatu ziren: "Europako Batasunak hamar kide onartu behar ditu aurten, ezta? Bada zergatik ez dugu horren inguruan zerbait antolatzen?". Esan eta egin. Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdiko XXX. ekitaldian , dagoeneko Europako Batasunaren parte diren Estonia, Letonia, Lituania, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Malta, Hungaria, Txipre eta Polonia izango dira protagonista. Behin jaialdia hasita, hamar herrialdeei buruzko erakusketa muntatuko dute Elai-Alaikoek. “Modu horretan, gugandik hurbil egon arren ezezagun handiak izaten jarraitzen duten herri eta kulturetara gerturatuko dugu ikuslea”, dio Beitiak.