Hari eta panpin kontuak
Gipuzkoako Aduna herrian, Zubitxiki guneko pabilioi industrial batean egin dute habia, baina euren jardunak zerikusi gutxi du halako guneetan garatu ohi diren proiektuekin. Hain zuzen, Asvinenearen egitekoa ez da makinak ekoiztea, ezta teknologia berriekin borrokan aritzea, ez. Euren lan sistemak lotura handiagoa du artisautzarekin, eskuz egiten diren lan tradizionalekin. Iragan abenduan ireki zituen ateak Asvineneak, txotxongiloen mundutik, dantzatik, antzerkitik, musikatik zein ikus-entzunezkoetatik zetozen 17 profesionalen ekimenari esker. Euren ametsa espazio propio batekin kontatzea zen, ordutegirik gabe lan egiteko bertan. Era berean, ideiak, teknikak eta baliabideak elkar trukatzeko gune bat nahi zuten, eta horretan bihurtu da, hain zuzen, Asvinenea. Besteak beste, formatu txiki eta ertainean egindako lanen zabalpena eta sustapena, eszena tekniken ikerketa, heziketa eta artea gizarteratzea dira erakundearen helburuak. “Euskal Herrian behar bezala ekipaturik dauden lokal gutxi daude”, dio Elena Aranbarri zentroan dantza eta antzerkiaz arduratzen denak. “Pabilioia eskuratzearen arrazoietako bat horixe izan zen: nahi genuen bezala antola genezakeen espazioa, inori azalpenik eskatu behar gabe”. Bestetik, ordutegiaren kontua zegoen. “Gutako gehienok goizez eta arratsaldez lan egiten dugu. Arratsaldeko azken orduetan eta asteburuetan soilik gera gaitezke entseilatzeko. Hori oztopo handia da baldin eta lokala zurea ez bada. Aurrerantzean, ez dugu halako arazorik izango”.
Kide sortzaile bati, Asvin Lopezi, zor dio izena Asvineneak. Dagoeneko sei hilabete daramatza martxan, eta 50 pipiripipi inguru lortu du. Pipiripipia, izatez, taldearen maskota da –ping-pongeko hiru pilotekin osaturiko panpina-, eta Asvineneako bazkide izan gura duen pertsona oro izen horrekin bataiatzen dute. “Asvinenean ez da sortu toki itxia izateko, zeharo alderantzizkoa baizik. Artearekiko, antzerkiarekiko, poesiarekiko… sentiberatasunik duen oro etxe laboratorio honetan etxean bezain eroso senti dadila eta eszena-arteen munduan lan egiteko eta esperimentatzeko aukera izan dezala gura dugu”.
Txontxongilo kontuetan sakondu gura izanez gero, Bilbon den dokumentazio zentrora, Pantzerkira, jo dezakezue. Pantzerki 1997ko martxoaren 26an zabaldu zituen ateak, baina haren atzean dagoen elkartearen jarduna –Txirlora elkartea, alegia-, askozaz lehenagokoa da. Hain zuzen, Txirlorak 15 urte zeramatzan Indautxuko Carmen aretoan Nazioarteko Txotxongilo jaialdia antolatzen, harik eta egun batean hainbat lokaletan zehar barreiaturik zituzten materialak bildu, eta taxuzko zentro bat sortzea erabaki zuten arte. Hortik jaio zen Pantzerki, eta, gaur egun, 3000 liburutik gora, 6000 argazki, 2000 diapositiba, 1800 kartel, 1500 bideo… kontsultatu daitezke Lersundi kaleko 16. zenbakian kokaturik dagoen aretoan. Era berean, urtero Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdia antolatzeaz gain, Pantzerkik mintegiak, solasaldiak, lehiaketak eta erakusketak antolatzen ditu. Baina euren xede nagusia zera da: txotxongiloari merezi duen duintasuna ematea. Izan ere, txotxongilo antzerkiaren oinarrian panpinak daudela-eta, askok umeen kontua dela uste dute, baina oker dabiltza. Panpinak baliabideak besterik ez dira istorioak kontatzeko, eta istorio horiek umeentzat zein helduentzat izan daitezke.