Labirintoa hausteko kodeak

Kontaizu

art12_01.jpg


art12_02.jpg

 

Aurten Bilbon antolatu dituzten Periferiak topaketek izan badute aurrekaririk. Hain zuzen, iaz eman zuen Periferike kolektiboak bere burua ezagutzera, Livornok (Italia) jaso zuen Memorie Periferiche egitasmoaren bidez. Bertan eztabaidatu zenaren lekukotza dugu Ixiar Rozasek eta Iban del Campok osaturiko “Gezurren labirintoa” dokumentala.

2003ko otsaila zen. Negua ez zen bereziki gogorra izaten ari, baina, eguraldiko gizonaren iragarpenen arabera, Iparraldetik zetorren hotz frontearen ondorioz, hurrengo egunetan tenperaturek behera egingo zuten nabarmen Europako Hego-Mendebalde osoan. Beraz, litekeena zen aspaldiko partez Euskal Herrian elurra egitea. Neurri batean, pena ematen zuen mendiak eta errekak zapi zuri batek estalita ezin ikustea, baina hegazkina hartu beharra zegoen, Italiarako hegazkina. Hainbat hilabetetako lanaren ostean, azkenean, Memorie Periferiche egitasmoa errealitate bihurtzera zihoan. Non eta Livornon. Euren menpeko lurraldeei itsasorako sarbidea ziurtatzearren Medicitarrek 1577an eraiki zuten Livornon, XIX. mendea arte Italiako hiri-portu garrantzitsuenetako bat izan zen horretan. Geografikoki Toskana iparraldean kokaturik dagoen Livorno, baina jendearekin hitz eginez gero, hango errealitatea ezagutu ondoren, kokapena anekdota bat besterik ez dela pentsa dezake batek… Bai, inguru horretan periferiaz hitz egiteak bazuen bere logika. Topaketen nondik norakoak zehazteari ekin ziotenean, Ixiar Rozasek eta Dario Malventik –Memorie Periferiche egitasmoko alma mater-ak- ez zekiten istorioak nola bukatuko zuen. Baina horrek ez zituen atzera bota. Argi zuten gaiak –portuak abiapuntutzat harturik, interes handiko sortzaileek memoriari eta periferiari buruz esateko zutenaz jendeari azaltzeko aukera ematea- ahalegina merezi zuela. Eta sentipen hori komunikatu zieten egun haietan Livornotik igaro ziren egileei: John Berger, Gianni Celati, Bernardo Atxaga, Joaquim Jordá, Pappi Corsicato, Daniele Seppe, Antzerkiola Imaginarioko kideak…art12_03.jpg

 

Dokumentalaren aukera

«Livornokoa esperientzia zoragarria izan zen», azaldu du Ixiar Rozasek. «Konplizitate berezia sortu zen egileen eta ikusleen artean. Solasaldietan gauza asko planteatu ziren, gogoeta interesgarriak entzun ahal izan genituen…». Baina inpresio horiek Livornon bota eta Livornon geratu ziren. Edo hori zen, behintzat, hasieran batzuek uste zutena: Memorie Periferiche gertakari isolatua besterik ez zela izango, Italiatik kanpo ez zuela eraginik edukiko. Alabaina, kontu horri ere aurrea hartu zioten. «Pena ematen zigun han esandako guztia airean galtzea, eta, horregatik, egileak elkarrizketatzea pentsatu genuen, aurrera begira material hori guztia argitaratzeko. Orduan Iban del Campok esan zigun topaketetan irudiak grabatzeko asmoa zuela. “The gas man” bere azken dokumentala aurkeztu behar zuen Zona aperta sailaren barruan, eta Livornoko egonaldia aprobetxatu nahi zuen zenbait grabaketa saio egiteko. ‘Bueno’, pentsatu nuen nik, ‘zergatik ez irudiak eta elkarrizketak uztartu dokumental bat egiteko? Eta halaxe hasi ginen lanean, egiten genuen hori zertan bihurtuko zen jakin gabe», esan du Rozasek. Grabaketa lanak aise burutu zituzten Rozasek eta Del Campok. Egile bakoitzari lokalizazio bat bilatu zioten: Jordá gaur egun itxita dagoen ontziolara eraman zuten; Atxaga, Berger eta Celati ere portu ingurura eraman zituzten. Euskal Herrian elurrak mara-mara ari zuen, eta, kokapenagatik, Toskana inguruan antzeko eguraldia egotea espero bazen ere, eguzkiak goxotasunez argitu zituen topaketek iraun zituzten sei egunak. Abdel Aziz Bartzelonan grabatu behar izan zuten, Memorie Periferiche amaitu eta handik egun batzuetara, ezin izan baitzuen Livornon egon. «Ni topaketetan antolaketa lanetan nenbilen, baina elkarrizketak egiteko denbora ateratzen saiatu nintzen», azaldu du Lasartekoak. Zeregin horretan, Malventiren laguntza jaso zuen. «Egile horiek egunetako elkarrizketak merezi dituzte, baina ez zegoen denborarik. Behin baino gehiagotan gertatu zitzaigun kamera hartu eta zuzenean idazlearengana joan behar izatea, beste ezertan pentsatu gabe. Beraien hausnarketak jaso nahi genituen, topaketen lekukotza osatu, besterik gabe. Beroan egin genuen dena, eta horrek freskotasun handia eman dio dokumentalari». Burukominak geroroa etorri ziren, grabaturiko material guztia antolatzeko unea iritsi zenean. «Berez, grabaketa saioak ez ziren batere gogorrak izan, baina edizioa… Horixe izan zen zailena. Planoak nola antolatu, elkarrizketatik zer aukeratu...». Zeren Memorie Periferiche izan zenari buruzko ikuspegi zabal bat ematearren, Berger, Atxaga, Celati, Jordá eta Azizen adierazpenak ez ezik, Antzerkiola Imaginarioko kideek Livornoko Quattro Mori antzokian eskaini zituzten antzezlanen irudiak tartekatu nahi zituzten dokumentalean zehar. «Ez genuen erreportaje bat egin nahi», azpimarratu du Rozasek. «Emaitza ikusita, batzuek diote ez dela dokumentala ere. Nire ustez eta Ibanentzat ere, dokumentala bada. Elkarrizketetan oinarrituriko dokumental bat da».

 

Emanaldiak aurrera doaz

"Gezurren labirintoa" iragan otsailean eskaini zuten lehen aldiz, Bilborock aretoan, Periferiak topaketen barruan. Bigarren emanaldia handik lau hilabetera etorri zen, Bidebarrieta liburutegian, eguraldia zela-eta –antza denez, iaz gertatutakoagatik errebantxa hartu nahi izan zuen klimatologiak- Periferiak-en barruan eskaini ezin izan zuten errezitaldiarekin –Atxaga eta Ruper Ordorika parez pare- batera. Nondik dator “Gezurren labirintoa” izendapena? Hona dokumentalaren egileen azalpena: «John Berger, Bernardo Atxaga, Gianni Celati, Joaquim Jordá, Abdel Aziz, Bilboko Antzerkiola Imaginarioa. Denak egun harrapatuta gauzkan labirintoa nola hautsi asmatu nahian dabiltza dokumentalean zehar. Livorno, Bilbo, Napoli eta Bartzelonako portuen artean dabiltzan sortzaileok, munduaren labirintotik ateratzeko beharrezkoak diren Ariadnaren hariak ehuntzen jarraitzen dute». Bilbon egin zuten aurkezpenaren ostean, “Gezurren labirintoak” jarraitzen du bidea egiten. Hain zuzen, Lisboako nazioarteko Famafest’2004 zinema eta literatura jaialdirako aukeratu dute dokumentala, Erandioko Zinema laburrari buruzko jaialdian ere izan da ekainean, eta Donostiako Zinemaldian txoko bat egin zioten “Sales office” atalean. Gainera, aste honetan jakin dute Bartzelonako zinema batean lana botatzeko asmoa dutela. «Ibanek deitu dit, berari eskatu baitiote baimena», esan du Rozasek. «Guretzat polita da ikustea nola dokumentala ari den bere bidea egiten. Esanahi berezia du guretzat Livornon gertaturikoak, eta, nolabait, dokumentalaren bidez sentsazio horiek jendeari gerturatzen zaizkio». Baina dokumentalak ez luke zentzurik edukiko Periferiak egitasmoa existituko ez balitz. Lehenengoa bigarrenaren parte da. Prozesuaren lehen urratsa azaltzen du, abiapuntua. Zeren, lehenago aipatu bezala, urte hasieran Memorie Periferichek Bilbora egin zuen salto, Periferiak izena hartuta. Oraingoan antolatzaileek ez dute zazpi egunetan zehar gertaturikoaz dokumentalik osatu, baina nola edo hala, lortuko dute orduan egindako gogoetak -Ander Lipus, María Muñoz eta Victor Nubla sormen hizkuntza berriez mintzatu ziren; Lydie Salvayrek eta Luisa Etxenikek beldurraren kultura eta idazketa aztertu zuten; Santiago Cirugedak, Iñaki Uriartek eta Alessandro Dal Lagok gaur egun hiriak duen balioari buruz hitz egin zuten; Harkaitz Canok Gianni Celatiren ibilbide literarioa aztertu zuen; Paolo Virnok, Alessandro Dal Lagok, Marina Garcések, Yann Moulier Boutangek zein Emmanuel Renaultek masa eta jendetza kontzeptua aztertu zituzten- biltzea eta jendeari helaraztea. Egun hori iritsi bitartean, otsailean gertatu ziren saio gehienen grabaketak Artelekuko web orrian ikus daitezke.

Kontaizu

2004, Azaroa 01
Arloa: Arteder