Bi maisu aurrez aurre
Oporrak gertu daudela-eta hurrengo asteetan denbora nahikotxo izango duzuenez ikasturtean zehar egin ezin dezakezuena egiteko, Guggenheim museoan dauden bi erakusketa ikustera animatu nahi zituztegu. Aipatu erakustaldiak ez dira edonolakoak: artearen historian aztarna sakona utzi duten bi egileri zuzendurik daude, Jorge Oteizari eta Michelangelori zehazki. Oteiza: mitoa eta modernotasuna izenburupean, 2005eko urtarrilaren 9a arte ikusgai egongo den erakusketak XX. mendeko eskultore garrantzitsuetako bat izan zenaren ibilbide artistikoa laburbiltzen du, primitibismoaren eragin garbia duten estreinako lanekin hasi eta espazioaren eta hutsunearen arteko harremana ikertzen duten kutxa zein esferekin amaituz. Oteiza Orion jaio zen, 1908an . Hiru urtez Medikuntza ikasi zuen Madrilen, eta, ondoren, hango Arte eta Ofizioen eskolan sartu zen. 1931. urtean Adan eta Eba, tangentea S = E/ A eskultura aurkeztu zuen Donostian, eta Gipuzkoako Artista Berrien IX. lehiaketako lehen saria jaso zuen. Lau urte geroago, Hegoameriketara jo zuen, hainbat erakusketa eginez han: Txileko Santiagon, Buenos Airesen, Bogotan. 1948an Bilbora itzuli eta formen etengabeko esperimentazioari lotu zitzaion, hil arte mantenduko zuen jarrera izanik. 2001ean, artista hil baino bi urte lehenago, Oteiza museoa zabaldu zuten Altzuzan. Hantxe daude bilduta, eskultorearen beraren eskariz, bere lanik esanguratsuenak. Bien bitartean, Michelangelo dugu Pizkundeko sortzaile garrantzitsuenetako bat. Ziurrenik, ezagunak egingo zaizkizue Sixtoren kaperarako egin zituen margolanak zein bere Pietá-teak.
Izaera indartsuko egileak
Michelangelo eta Oteiza, biak ala biak, izakera indartsuko egileak izan ziren. Gertukoa dugula-eta ezagunak zaizkigu Oriokoak protagonizatu zituen polemikak, haserreak eta kasketak, baina bere garaian Michelangelo ere ez zen ibili batere makal. Julio II. Aita Santuak, Sixtoren kaperako margolanak egiteko eskatu zion berberak, zera esaten zuen: ezinezkoa zela Michelangelorekin hitz egitea, hain zen burugogorra! Baina, hain zuzen, burugogorkeria horri esker sortu zituzten Artearen Historiara maisu handi legez igaroarazi dituzten obrak. Ez ahaztu, haiek gertutik ezagutzeko aukera duzue orain, Bilbon bertan.