Euskal literatura film bihurtu zenekoa
Literaturak grafia du bere aliatu. Zinemak, berriz, irudia eta soinua. Literatura eta zinema, zinema eta literatura, bakoitza bere hizkuntzan mintzo da, baina behin baino gehiagotan bata bestetik bereizten dituen zubia –zubi hauskorra, bide batez esanda- zeharkatzeko tentaldian erortzen dira. Hain zuzen, ez batek eta ez bik: film dezentek edan dute literaturatik. Industria zinematografikoaren kalkuluen arabera, urtero pantaila handira iristen diren filmen ehuneko laurogeiak liburu baten orrietatik ateratako istorioa dute oinarrian. Gurean ere badugu horren adibide argirik. Arantxa Urretabizkaiaren “Zergatik Panpox”-en oinarrituriko filma 1986an estreinatu zuten, Gasteizen. Urte horretan bertan pantailaratu ziren Jose Maria Tuduriren “Bigarren Gerra Karlista”, Pedro Olearen “Bandera Beltza”, Montxo Armendarizen “27 ordu”, Jose Julian Bakedanoren “Oraingoz izen gabe”, zein marrazki bizidunetako bi film: Argilo taldearen “Pitxu” eta Jaizkibel eta Eresoinkaren “Flannery eta bere astakiloak”. Azken horren zein «Oraingoz izen gabe»-ren gidoiak luma beretik atera ziren: sasoi hartan jada zer esan handia ematen ari zen Bernardo Atxaga gazte batek sinatu zituen bata zein bestea. «Flannery eta bere astokiloak»-en kasuan, haurrentzako sortu zuen ipuin batetik abiatu zen Asteasukoa. Istorio horretan, astokilo musika zale batzuk ziren protagonista. Talde bat eratu, eta, Flannery neskatoaren laguntzarekin, euren herrietatik zabaltzea erabakitzen dute, hamaika abentura biziz. Bien bitartean, “Oraingoz izen gabe”-ren ideia Jorge Luis Borgesen ipuin batetik hartu zuen. Horren arabera, bi anaiek emagaldu bati ostatu ematen diote beren baserrian. Emakumearen etorrerak erabat aldatzen du gizonen bizimodua, eta hiruren artean sortuko den tentsioa tragedian amaituko da.
Sasoi bertsuan, beste bi nobelek egin zuten pantaila handira salto: Ramon Saizarbitoriaren “Ehun metro”-k eta Anjel Lertxundiren “Hamaseigarrenean, aidanez”-ek. Saizarbitoriak 144 orri erabili zituen Jon ETAko kidearen lasterketa, poliziarengandik ihes egin eta Donostiako Konstituzio plazaraino korrika egiten dituen ehun metroak, deskribatzeko. Inoiz ez dira ehun metro hain agonikoak, hain latzak, hain itogarriak izan. Bada, sentsazio bera helarazten zuen testutik abiaturik Alfonso Ungriak osaturiko 55 minutuko filmak. Bata zein bestea, nobela eta filma, garai baten kronika moduan iritsi dira guregana. “Hamaseigarrenean, aidanez” ere Euskal Herrian giroturik egon arren, ez testuinguruak ez tonuak ez zuten batere zerikusirik Saizarbitoriaren lanarekin. Hegoamerikako eztanda literarioaren nondik norakoak gertutik jarraitzen zituen Lertxundik Gabriel Garcia Marquezengana zuzendu zuen soa, eta, haren “Crónica de una muerte anunciada”-ren estiloari jarraituz, aspaldi neurria galdu zuen apostuzale baten gorabeherak jaso zituen bere liburuan. Narrazioa zinemara egokitzeko orduan, idazleak berak osatu zuen gidoia baita filmaren zuzendaritza bere gain hartu ere. Formula bera planteatu zuen bi urte geroago, “Kareletik” lanarekin. Arrantza, kontrabandoa eta zeloak itsasontzi berean. Istorio hark ere, nahitaez, tragedian amaitu behar zuen. Koldo Izagirrek 1989an Antton Ezeizak zuzendu zuen “Ke arteko egunak” filmaren gidoia idatzi zuen. Bertan, urte batzuk atzerrian igaro ostean, Pedro Sansinenearen itzulera gatazkatsua islatu zuen. Hiru urte geroago gidoia idazteaz gain zuzendari lanak bete zituen “Off-eko maitasuna” filmean, ordutik hona euskaraz grabatu den azken film luzean. Berriro ere zinema politikoari heldu zion Izagirrek, baina, kasu horretan, tartean bazen maitasun istorio bat. Off-eko maitasuna, jakina.
Berriro martxan
Urteak ziren euskaraz idatzitako nobela batetik abiaturik filmik egiten ez zela, baina hara non azken hilabeteetan proiektu dezente atera diren. Iragan larunbatean, Pedro Varelak Atxagaren “Sugeak txoriari begiratzen dionean” oinarriturik egin duen film laburra aurkeztu zuen Araiako Andra Mari aretoan. Bien bitartean, Gorringo taldearen eskutik Euskal Herriko antzokietan arrakasta handia lortu ostean, Joxean Sagastizabalen “Kutsidazu bidea, Ixabel”-en grabaketa saioak martxan dira dagoeneko. Eta Montxo Armendarizek ere ia amaitzear du “Obabakoak”-en inguruan osatzen ari den filma. Nafarrak urteak zeramatzan Atxagaren liburua zinemara nola eraman pentsatzen. Hain zuzen, “Obabakoak” agertu zen urte berean erabaki zuen istorio haiekin zerbait egin behar zuela, baina ez zuen proiektua aurrera eramateko formula egokia bilatzen. Eta hogei urte geroago, aurkitu du bidea. Armendarizek Erronkari aldera jo du, “Secretos del corazón” grabatzeko erabili zituen kokaleku bertsuetara hain zuzen, Obaba osatuko duten 58 agertokien bila. Berarekin batera joan dira herri magiko horretako bizilagunak gorpuztuko dituzten aktoreak ere: Juan Diego Botto, Pilar Lopez Ayala, Mercedes Sampietro, Eduard Fernandez, Hector Colomé, Bárbara Leni, Peter Lohmeyer, Txema Blasco, Pepa Lopez, Juan Sanz, Oñake Irastorza, Luis Homar eta Ramon Barea, besteak beste.