Zinema sarean
Dagoeneko martxan da Nontzeflash II. Animazio lehiaketa, Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzarekinwww.nontzeberri.com kultur atariak antolatzen duen sariketa. Aurten, gainera, bigarren lehiaketa bat gaineratu zaio aurrekoari: fikziozko film laburrei zuzenduriko Nontzefilm. Bi lehiaketen nondik norakoen berri eman digute atariko arduradunek.
Nola bururatu zitzaizuen Nontzeflash antolatzea?
www.nontzeberri.com kultura ataria aberastu guran, film laburrak sartzeko beharra ikusi genuen orain dela bi urte. Lehenik eta behin, harremanetan jarri ginen Lekeitioko Zine eta Bideo Bilerarekin, hara aurkeztutako kortoak egon zitezen sarean ikusgai. Dagoeneko badaude. Geroago, parte hartzea eta sorkuntza bultzatzeko, animaziozko film laburren lehiaketa bat martxan jartzea bururatu zitzaigun. Espainian bazeuden bi aurrekari: Offf jaialdia (Bartzelona) eta Filmin (Leon). Guretzat Filmin zen interesantea, lehiaketa sarean zelako, on-line. Filmin-ek edizio bakarra ezagutu zuen zoritxarrez. 2003ko abenduan Nontzeflash abiarazi genuen Bilboko Zine Fantastikoko Jaialdiaren (FANT) laguntzaz.
Bigarren deialdia zabaldu duzue jada, zer moduzkoa izan zen iazko esperientzia? Zer nolakoa izan zen parte-hartzaileen eta publikoaren erantzuna?
Ikazko esperientzia ikaragarria izan zen. 220 film inguru jaso genituen munduko 34 herrialdetatik eta bozketan ehunka lagunek parte hartu zuten. Baina ikaragarria izan zen batez ere kontuan hartuta ez genuela horrelako erantzun bat espero. Zer edo zer apalagoa espero genuen. Aintzat hartu behar da lehiaketaren orri nagusia euskara hutsean dagoela -gazteleraz eta ingelesezko aukerak izkina batean agertzen dira-, eta horrek, dudarik gabe, zabaltzea zailtzen du. Lehen lana jaso genuenean jauzika hasi ginen pozarren.
Lehen deialdian filmak munduko 34 herrialdetatik iritsi zitzaizkizuela diozu. Nola lortu duzue lehiaketa hainbeste zabaltzea?>
Batik bat, interneten bidez zabaldu dugu lehiaketa. Bilatzaileetan murgildu eta animazioari buruzko gune eta foroetara sartu gara. Gune hauetan, bestalde, han-hemengo egileen webguneak ezagutu ditugu eta haiengana jo dugu. Baina batez ere,animaziori buruzko atarietan eman dugu jaialdiaren berri.
Oraingoan Nontzefilm ere estreinatu duzue. Zein helbururekin?
Iazko esperientzia polita ikusita, FANTek berak animatu gintuen fikziozko film laburren lehiaketa antolatzera. Interneterako kortoek bere ezaugarri propioak dauzkate. Ipuin hiperlaburrekin alderatu ohi ditugu. Gurean, gehienez ere, 3.5 minutuko filmak dira. Eta horrek agintzen du istorioa sortzeko orduan. Lotura handia dute, guk uste, iragarkiekin: berba gutxi, irudi gutxi eta istorio borobila. Gure asmoa bertoko egileak zirikatzea da euren lan txikiak filma ditzaten. Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko adarretako ikasleak zirikatu ditugu dagoeneko. Ikusi beharko dugu.
Bai Nontzeflashek bai Nontzefilmek FANT jaialdiaren babesa dute.
Bai, FANT Nontzeflash eta Nontzefilm-en babeslea da. Gu geu lehiaketa on-line antolatzeaz arduratzen gara eta, behin amaiturik, FANTen eskaintzen ditugu hainbat. Iaz erantzun ona izan zen hor ere. Zine-aretoa lepo bete zen. Zeuk ere parte har dezakezu Nontzeflash zein Nontzefilm lehiaketetako lanik onenaren aukeraketan. www.nontzeberri.com atarira jo besterik ez duzu, eta bertan izango duzu lehiaketara aurkezturiko filmak ikusteko eta bozkatzeko aukera.