Mesoamerikakko altxorrak
Antzinatetik espainiarren konkista unea arte –XVI. mende erdialdean-, Mesoamerika gunean –Mexiko eta gaur egun Ertamerika ezagutzen den zonaldea- hainbat kultura garatu ziren. Ziur aski, entzunez behintzat, ezagunak egingo zaizkizu mayak, aztekak eta huaxtecak, beste batzuen artean. Astronomian trebe, eguzkiaren eta planeten mugimenduetan oinarrituriko egutegia garatu zuten mesoamerikarrek, eta arkitekturan, pinturan zein eskulturan ere maila handia erakutsi zuten. Dena den, denbora luzez herri krudelen fama izan dute, giza sakrifizioak egiteko ohitura baitzuten. Tradizio horrek lotura estua zuen munduaz zuten ikuspegiarekin. Euren ustez, antzina jainkoek eta gizakiak hitzartu zuten mundua amaitu ez zedin giza odolez elikatu beharko zituztela lehenengoak. Orain, kultura horiek hobeto ezagutzeko ahal izango dituzue, Bilbon diren bi erakusketen bitartez: Jainkoei begira. Eguneroko bizimodua herrialde amerindioetan izenburupean apirilaren 24a arte Bilboko Euskal museoak jasoko duen erakusketak Mesoamerikako herrialdeen ohiturak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Bien bitartean, Bilboko Guggenheim museoan den Azteken inperioa erakustaldiak aipatu zonaldean loratu zen zibilizazio bakar batera zuzendu du soa: aztekengana, alegia.
XV. mendean, pentsamenduaren, zientzien eta arteen arloan, Pizkunde izenez ezagutzen den iraultza sakona gertatu zen Europan. Bien bitartean, antzinako Mexikon bi estatu indigena boteretsu zibilizazio mailarik gorenera iritsi ziren: Azteken Inperioa batetik, eta haien etsai eta auzo ziren Taraskoak bestetik. Azteken jabetza zen lurraldean, izaera antropomorfoa zuen aparteko ikonografia eskultorikoa erabiliz interpretatzen zuen gizarteak unibertsoan zuen izatea. Aliantza Hirukoitz baten bitartez, Azteken Inperioak hiru eremu biltzen zituen: azteka-mexikarra batetik –Mexiko-Tenochtitlan, orduko hiririk garrantzitsuena, hiriburu zutelarik-; acolhua-rrena bestetik –Texcoco hiriburu zutenak-; eta Tlacopan, azken hori garai batean Mexikoko haranaren jabe izan zen jaurerri baten ondorengoek osaturiko lurraldea zelarik. Aztekak herri gerlaria izanik, zuhurtziaz eta esku gogorrez maneatu zituzten beren menpeko lurraldeak. XVI. mendean espainiarrak Tenochtitlanera iritsi zirenean, garai hartako hiririk garatuena zen.
Gainerako herri Mesoamerikarretan bezala, azteken artean sakrifizioak egiteko ohitura arras zabaldurik zegoen. Oso ezaguna da jarduera horren inguruan Moctezumak, azteken azken buruzagiak, eta Hernan Cortesek izandako solasaldia. Dirudienez, Tenochtitlanen erraldoitasunak bezainbeste hunkitu zituen espainiarrak hiri osoan antzeman zitekeen odol usainak. Cortesek ezin zuen ulertu, eta halaxe jakinarazi zion azteken buruzagiari, nolatan hain hiri aurreratua osatzeko gai zen jendea giza sakrifizioak egin zitzakeen. Moctezumak zera erantzun zion: «Guretzat sakrifizioak unibertsoaren ordena mantentzeko modua da. Gure arbasoek halaxe hitzartyu zuten jainkoekin: giza odolarekin elikatuko zituzten, munduaren amaiera iritsi ez zedin. Izugarrikeria bat dela diozu, nork eta zuk, dir-dir egiten duen metal kaka bategatik [urrea] herri osoak akatu dituzun horrek». Hain zuzen, inguru hartan urrez egindako hiri bat –El Dorado famatua- zegoen usteak itsuturik, Cortes eta bere gizonak sekulako triskantza eragin zuten Mesoamerikan. Azkenean, Cortes bera hil egin zen, urrezko hiria bere irudimenean soilik existitzen zela onartu ezinik.