Hipopotamoarengandik ihesi
Antzerki antropologikoan sakontzen zuten Yuri Sam eta Ritos obren ostean, Antzerkiola Imaginarioak umore absurdoan oinarritzen den antzezlanarekin itzuli dira agertokietara. Au revoir triunfadores definitzeko orduan, Jon Gerediagak eta Na Gomesek, testuaren egileek, «garai hauetako komedia tristea» dela diote. Vicente Huidobro poetak esaten zuen arriskurik handiena zera zela: egun batean hipopotamo bihurtzea; animalia astun, geldo eta bizigabe batean bihurtzea alegia. Bilakaeratik urrats batera daude antzezlaneko protagonistak, Nihilista, Madame Faneca eta Bala Gizona, eta horregatik lau ibaiek itsasoarekin bat egiten duten puntura joatea erabaki dute, beren buruaz egitera. «Azken batean, bizitzarekiko asperdura hori azaltzen dute pertsonaiek. Hain lanpeturik ibiltzen gara, batetik bestera, ezen askotan geure buruaz arduratzea ere ahazten zaigun», dio Na Gomezek. Eta bat bizitzaz aspertzen denean, akabo. Hipopotamo bat izango da bizi osorako. Obrak, funtsean, denok ditugun kontraesanak agerian uzten ditu. «Gu geu gara pertsonaiengan geure buruak islaturik ikusten lehenak», azaldu du Gomezek. «Hipopotamo bihur gaitezkeela jakin badakigu, eta, horregatik erne egon behar dugu». Gaztelaniazko bertsiorako, Antzerkiolako lagunek aurpegi ezagunen laguntza jaso dute, besteak beste, Paco Sagarzazu aktorearena zein Doctor Deseoko abeslari den Francisena. Euskarazkoan, berriz, Ramon Agirre aktoreak eta Hertzainak taldeko Garik parte hartu dute. Musika, ohi bezala, Aitor Agirianok konposatu du. Oraingoan, baina, Ondarruko Metal Taldea haizezko bandaren kolaborazioarekin kontatu du. Au revoir triunfadores Aste Santua baino lehen estreinatu zuten Barakaldo antzokian, eta hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko hainbat txokotan taularatuko dute Antzerkiola Imaginariokoek.