Ixabelen bideari jarraiki

Kontaizu

art21_1.jpg


art21_2.jpg

1994an kaleratu zuen Joxean Sagastizabalek (Eibar, 1956) Kutsidazu bidea, Ixabel, euskal literaturaren barruan libururik salduena izateko bidean den nobela. Hain zuzen, berrogei mila ale salduak zituen 2001erako, eta ordutik hona, bere nobelan oinarrituriko antzezlana tarteko, kopuruek gora egiten jarraitu dute. Euskara ikasteko asmoz, uda baserri batean igarotzen duen Juan Martin euskaldun berriaren gora beherek milaka irakurle erakarri dituzte, eta ziur aski etorkizunean ere gehiago bereganatuko ditu. Izan ere, datorren urte hasieran Euskal Herriko zinema aretoek Kutsidazu bidea, Ixabel filmaren estreinaldia jasoko dute. Ez hori bakarrik, telebistan ere ikusi ahal izango ditugu Juan Martinen eta enparauen ibilerak, proiektuan murgilduta dabiltzan produkzio-etxeak (Rec, Tentazioak eta Orio Produkzioak) filma eta telesaila grabatzen ari baitira aldi berean. Hain zuzen, grabaketa lanak uztailaren 18an hasi zituzten. Ordutik eta iraila arte, Gipuzkoako Gaztelu herria ‘Harrialde’ bilakatuko da, hots, istorioa garatzen den kokalekua. Istorioa Juan Martin Harrialdeko Aranguren baserrira iristen den egunean abiatzen da. 1970. hamarkadan gaude, eta hogei urteko donostiar honen asmoa da baserrian bizi, lan egin eta ikasi, eta herrian bertan dagoen udako eskolara ere joango da egunero ikastaro trinkoa egitera. Baserriko familia aita, amona eta lau seme-alabek osatzen dute. Baserriko gorabeherak izango dira, alde batetik, arazo linguistikoak, eta bestetik, protagonistari inondik ere ezagutzen ez duen nekazal giroak sortzen dizkionak. Horretaz gain arazo unibertsalak, elkarrekin bizi beharrak dakartzanak: bi anaiak gelakide ditu Juan Martinek, eta “troll” samarrak dira, eta alaba gazteena, Ixabel, neska xarmantak, oso bestelako sentimenduak ernaraziko dizkio…baina Ixabelek badu mutil-lagun bat, Anjel Mari, goapoa, jatorra, pilotari aparta… Eta eskola, eta eskolakideak: Joxe Mari harakina, Pablo apaiza, Miren psikologoa, Luis-Koldo medikua, Izaskun tabernaria, Koro irakaslea.

art21_3.jpg

Filmean 20 aktore inguruk parte hartuko dute, haien artean Mikel Losadak (Juan martin), Ainere Tolosak (Ixabel), Iñake Irastortzak (amona), Iñaki eta Xabier Zapirainek (bikiak), Mireia Gabilondok (Ixabelen ahizpa), Egoitz Lasak (ahizparen mutil-laguna), Nagore Aranburuk (Euskaltegiko irakaslea), Asier Hormazak (ikaslea),Karlos Zabalak (ikaslea), Joseba Apaolazak (ikaslea), Anjel Alkainek (taxilaria), Jose Ramon Soroizek (apaiza) zein obraren egileak berak, Joxean Sagastizabalek alegia (dendaria). Dena den, nahi duen guztiak parte har dezake filmean. Izan ere, Gazteluko jaietan eszena bat grabatuko dute, eta abuztuaren 15ean zehazki, eta egun horretan 70. hamarkadako gisara jantzita joaten den orok filmean agertzeko aukera izango du. Filmaketaren nondik norakoen berri zehatza izan gura baduzu, Berria egunkariaren web orrira jo dezakezu. Bestetik, Euskal Idazleen Elkartearen atarian Joxean Sagastizabal idazleari buruzko informazioa zein Kutsidazu bidea, Ixabel nobelaren lagin bat dituzu eskura.

Kontaizu

2005, Abuztua 01
Arloa: Arteder