Kultur nahasketaren harira

Estibalitz Ezkerra

art22_1.jpg


art22_2.jpg

Ixiar Euskal Herriko emakume bat da, adinekoa eta barazki saltzailea. Merkatuan, beraregandik ez oso urrun, Afrikatik etorritako mutil gazte jartzen hasi da azkenaldian, bere musika saltzen. Egunak aurrera doaz, eta bi pertsonaia horien artean harreman berezi bat sortuko da. Lehen begiratuan ezer komunik ez dutela dirudi, baina nahikoa da haien solasa aditzea oso ondo elkar ulertzen dutela konprobatzeko. Neska politak, artasoro alaiak antzezlaneko agertokia botatzear dauden merkatua da; Arantxa Gurmendi (Ixiar) eta Jon Gaubeka (mutil afrikarra) lurrean pilaturiko kaxen artean mugitzen dira naturaltasun handiz. «Biak saltzaileak dira eta egunero merkatuan elkartzen dira, bakoitza berea saltzen. Eta berea horretan dena sartzen da: beren historia, beren kultura, hizkuntza, musika…», esaten du Maite Agirrek, obrako zuzendariak. Donostiako Bretxa merkatu zaharra bota zutenean etorri ei zitzaion antzezlana idaztearen ideia. «Hondeatzeko makinak lanean hasi zirenean, dena hankaz gora ikusi nuen, jada ez zen nik ezaguturiko merkatua. Horrek aitzakia eman zidan geure egoera honi buruz idazteko: zein mugikorra den, zein kultur eta hizkuntza nahasketa dagoen». Agirrek koadro inpresionista batekin alderatzen du antzezlana: «Kolore asko daude, orban asko, baina harmonizatuak».

art22_3.jpg

Obrako protagonistak oso ezberdinak dira. «Ixiar oso heldua da, hemengoa, nolabait gure herri zahar honen historia trinkoa du atzean, eta gauza asko esakintzeko. Bestea, Europara etortzen diren herrien ordezkaria da. Oso herri gazteak dira, oso sutsuak, pasio handikoak». Musikak protagonismo berezia du antzezlanean, Afrikako mutila musikaria baita, eta obran zehar berak egindako hainbat doinu entzun ahal izango dira. Era berean, Ixiar pertsonaiak Euskal Herriko kantu zaharrak irakatsi nahi izango dizkio mutilari, hemengo kulturaren berri eman nahian. Neska politak, artasoro alaiak hil honen lehen egunean estreinatuko du Agerre teatro taldeak Oreretan. Hortik Tolosara, Zornotzara eta Bilbora joko du.

Gaitzerdi Teatro lanean berriro

Gaitzerdi Teatro antzerki taldeak hiru ikastarorekin emango dio hasiera ikasturteari: Antzerkian hastapena, Aktore entrenamendurako oinarriak, eta Eszena. Hirurak urriaren azken astean hasiko dira, eta konpainiak Bilbon duen egoitzan (Emilio Arrieta 6 zkia, 2.) eskainiko dituzte.

Bilboeszenak urte bete

Santutxun kokaturik dagoen Bilboeszena, Bilboko Antzerki Zentroa ireki zenetik urte bete igaro da. Denbora horretan 254 ikaslek parte hartu dute zentroak eskainitako hamabi ikastaroetan –antzerkiaren, dantzaren zein idazketaren ingurukoak- eta hiru mila lagunetik gora izan dira azpiegiturak erabili dituztenak. Izan ere, antzerki formazioa eskaintzeaz gain, bere aretoak erabiltzeko aukera eskaintzen die talde zein partikularrei. Oraindik gauza asko hobetzeko daudela diote Bilboeszenako arduradunek, baina lehen urrats gisa 2004-2005 ikasturtean egindakoa ez dagoela gaizki uste dute.

Antzerkiko Naziorteko Topaketak Urduñan, bigarren urtez jarraian

Antzerkiola Imaginarioaren eskutik, Urduñako herria Antzerkiko Nazioarteko Topaketen lekuko izan zen irailaren 5etik 22a bitartean. «Iazko emaitza onak ikusita, topaketei segida ematea pentsatu genuen», azaldu zuen jardunaldien antolatzaile eta Antzerkiolako zuzendari Ander Lipusek. Topaketa hauen bitartez, aktoreek zenbait diziplinatan sakontzeko aukera izan dute antzerki munduko irakasle ospetsuen eskutik.

Estibalitz Ezkerra

2005, Urria 01
Arloa: Arteder