Urrats bat aurrera
Aukera gutxi daude Euskal Herrian balet talde profesional batean parte hartzeko. Orain arte “Beltxargen lakua” obrako protagonista izatearekin amesten zuten neska-mutikoek Iparralderako bidea hartzen zuten, Miarritzeko Baletean toki bat egin ziezaieten. Han bai, badago dantza klasikoa ikasteko modua. Baita praktikara eramateko ere. Baina oso ona izan behar du batek aukeratuen artean egoteko. Oso, oso, oso ona. Eta dantzari ordu asko dedikatzeko gogoa eta hobetzeko borondatea eduki beharra dago. Aipatu ezaugarriak goitik behera betetzen dituzte Donostian, Egiako kultur aretoan, ariketa barraren inguruan jo eta ke ari diren gazteak. Hamazortzi eta hogetahiru urte bitartean dituzte. Hamabi dira guztira, eta beren buruak pribilegiatutzat dituzte jakin badakitelako dantzaren mundua gogorra dela. Are gehiago dantza klasikoaren alorrean. Miarritzeko Baletak Gipuzkoako hiriburuan zabaldu berri duen gazte konpainian (Ballet Biarritz Junior izendatu dute) sartzeko zortea eduki dute, eta pozik daude bertan egoteak ate asko ireki ahal dizkielako. Miarritzeko baletaren gazte konpainia 2002tik dabil lanean Donostian, eta etorkizunean helduen baletean arituko diren dantzariak trebatzea du helburu. Uda amaieran sarrera probak antolatzen dituzte, eta haietara aurkezten diren gazteen artean aukeratzen dituzte sei hilabetez konpainian dantzatuko duten neska-mutilak. Aurtengo deialdira 45 gazte aurkeztu ziren, eta haietatik hiru mutilak ziren. Hori zela-eta, zuzendariek neskek osaturiko taldea osatzea erabaki zuten. Dantzan, beste jarduera batzuetan bezala, mutil gutxi aritzen dira. Esan ohi da haiek nahiago dutela futbola edo indarra oinarri duten kirolak. «Baina egon badaude dantzan interesaturik dauden mutilak. Miarritzeko Baletan, adibidez, zazpi mutil eta zazpi neska ditugu», azaltzen du Adriana Pous konpainiako gidariak. Topikoak hausten dituen beste adibide bat dugu Igor Yebra bizkaitarra, gaur egun munduko balet konpainia onenekin aritzen dena.
Probetan hautatuak izan diren hamabi neskek baleteko puntako irakasleak izango dituzte ondoan sei hilabetez. Teknika klasikoak eta garaikideak landu ez ezik, bat-batekotasun tailerrak eta bestelako diziplina osagarriak (hala nola antzerkia, mugimenduaren analisia, dantzaren historia, argiztapena, soinua, makillajea, ikuskizunen ekoizpena...) izango dituzte. Era berean, ikasleek ikuskizun baten muntaketan parte hartuko dute: "Tximeleta". Miarritzeko baletean dantzari den Gaël Domengerrek Portu du berau, eta publiko aurrean aurkeztuko dute neguan zehar Pirineo mendikatearen alde bietan. Bestetik, dantzariek bigarren ikuskizun batean parte hartzeko aukera izango dute: "Batekmila" izenekoan. Aipatu obra Euskal Herriko ipuin eta kondairetan oinarriturik dago, eta euskaraz antzeztuko dute.