Lenbur fundazioa: bisita gidatua Urola Garaiko iraganean zehar

Esti Ezkerra

art25_1.jpg


art25_2.jpg

Hainbat mendez, abeltzaintza, nekazaritza eta artzaintza izan ziren Urola Garaia eskualdeko jarduera nagusiak. Urola Garaia Gipuzkoan dago; Zumarraga, Legazpi, Urretxu eta Ezkio-Itsaso udalerriek osatzen dute eskualdea. Alabaina, Legazpin, hiru jarduera horiek ez ezik laugarren sektore batek ere berebiziko garrantzia eduki zuen bertako ekonomian: burdingintzak. Herri inguruko meategiak ustiatzeko, zenbait haizeola eta ur-burdinola eraiki zituzten. Pixkanaka-pixkanaka, industria sektorea geroz eta indar handiagoa hartuz joan zen, zonaldeko jarduera nagusia bilakatzeraino. Horrexegatik, kolpe handia izan zen XX. mende erdialdean zabaldu zen krisia. Burdinolak itxi egin behar izan zituzten, eta haietan lan egiten zuten askok erretiro aurreratua hartu zuten.

art25_3.jpg

Gaur egunetik ikusita, kontu urrunak iruditu ahal zaizkigu horrelakoak. Alabaina, Urola Garaiko bizilagunek ez dute ahantzi beren aitaita-amamen egunerokoa izan zena, beren iragan hurbila. Horren adibide da Lenbur fundazioa, bailararen Historia berreskuratze aldera orain dela urte batzuk martxan jarri zen egitasmoa. 1994an hasi zen dena. Burdinak industrializazio aurreko garaian izandako garapena azalduko zuen museo tematikoa sortzea pentsatu zuten orduan. Denborarekin, lehen zirriborro hori egitasmo zabalago bihurtu zen: museoa bere ingurunean integratzea erabaki zuten, bailara industrializazio aurretik nolakoa zen eta haren ostean zer bilakatu zen islatzeko. Museo irekia egitea zen helburua: batetik, kanpoko ikusleak erakartzeko kultura eta aisialdi eskaintza izango zuen, eta, bestetik, gizarte-garapena bultzatu eta eskualdeko ondarea berreskuratzen lagunduko zuen. Halaxe jaio zen Lenbur Lurralde Museoa-Burdinaren Bailarako Museoa, eta harekin batera zonaldean zehar bisita daitezkeen guneak: Mirandaolako Natura eta Artisau parkea, Langileen ibilbidea, Antioko baseliza, Urretxuko Erdi Aroko alde zaharra eta Iparragirreren jaiotetxea, zein Igartubeiti baserria. Horrekin batera, Lenbur fundazioak Dokumentazio Zentro bat jarri du abian, burdinaren inguruan antolaturiko bizitza sozial eta ekonomikoari dagozkion dokumentu-fondoak biltzeko.

art25_4.jpg

Lenbur fundazioak Legazpiko Bikuña jauregian du egoitza, eta ondokoa da bere web orria: www.lenbur.com

Esti Ezkerra

2006, Urtarrila 01
Arloa: Arteder