Ezjakintasuna da gaitzik larriena
Maisu berria du Arabiako herri txiki bateko eskolak. Neant du izena, eta gaur iritsi da aurrerantzean lantoki izango duen gelara. Hasiera ez da txarra: ez dago ume askorik gelan, pentsatu du Neant-ek, baina garrantzitsuena ez da hori, baizik eta haiek ikasteko gogoa izatea. Eta berehala konprobatuko du baietz, ikasteko gogo ase ezina dutela eskolako haurrek. Baina egunetik egunera geroz eta ume gutxiago joango zaizkio klasera, harik eta gela hutsik geratuko den arte. Neant azalpen eske doa herriko buruzagiarengana. Haurrak nora bidaltzen dituzten jakin nahi du, non ezkutatzen dituzte eskolan egon beharko liratekeen orduetan. Buruzagiak itzulingururik gabe erantzuten dio: herriko ume guztiek fabrika batean lan egiten dute, zapatak eta larruzko baloiak egiten dituen fabrika batean. Hamabi orduko lanaldiagatik dolar bat jasotzen dute haurrek. Neant-ek protesta egiten du. Onartezina iruditzen zaio umeak lanean jartzea. Ikasteko adinean daude; izango dute etorkizunean lan egiteko denbora. Baina zera esaten dio buruzagiak: «jakinduriak itxaron dezake, goseak ez». Gela hutsa izenburua du Fernando Bernuesen zuzendaritzapean Tentazioak ekoiztetxeak estreinatu berri duen antzezlana. Bederatzi urtetik gorako haurrentzat zuzendurik dagoen aipatu obra Tahar Ben Jelloun idazle marokoarrak idatziriko izen bereko liburuan oinarriturik dago. Gela hutsa-ren bitartez, Ben Jelloun munduko herrialderik pobreenetan lan egitera beharturik dauden umeen errealitatea ezagutzera eman nahi izan du, eta izpiritu bera du Bernuesek Harkaitz Canoren laguntzarekin osatu duen antzerkirako egokitzapenak.
Gela hutsa obran Neant irakaslea da protagonista, zeinaren rola ginear jatorrikoa den Carlos Nguema aktoreak jokatzen duen. Berak azalduko digu zein den hainbat tokitako errealitatea, baina ororen gainetik zera azpimarratu nahi izango du: ezjakintasuna dela gaitzik larriena. «Ezjakintasunak galbidera darama; adimena lokartu eta inteligentzia murrizten du. Gizakiak bere buruari galderak egiteari uzten dio; bere barnean ixten da fanatiko bihurtzeraino, bere egiak bakarrik onartuz eta kanpotik datorrena ukatuz. Beti bide bera egiten duen astoa bezain baldar bilakatzen da. Batek bizia gal dezake ezjakintasunagatik. Batzuek borroka egiten dute, eta hil ere hiltzen dira, eskuzabaltasunez beteriko ideiengatik. Beste batzuk ideia txiki eta arbuiagarriengatik galtzen dute bizia. Ezjakintasuna da munduan den gaitzik handiena».
Tahar Ben Jelloun
Fezen (Maroko) jaio zen, 1944an. Psikologia ikasketak hasi zituen jaioterrian, baina errepresio politikoaren ondorioz Parisera erbesteratu zen 1971n. Izan ere, Hassan II.a –gaur egun Marokoko errege denaren aita- errege zen garaian, armadak sekulako triskantzak bideratu zituen, eta haien kontra protesta egitera ausartzen zirenak, gazte, zahar zein heldu, zigor esparruetara bidaltzen zituzten. Ben Jellounek bi urte igaro zituen horrelako batean, beste 94 ikaslerekin batera gobernuaren kontrako manifestaldi batean parte hartzeagatik. Behin Parisera iritsita, idazten eta argitaratzen hasi zen Ben Jelloun. Bere helburua zen Marokon gertatzen ari ziren bidegabekeriak munduari jakinaraztea. Baina, aldi berean, bera jaiotzen ikusi zuen gizartearen eta kulturaren berri eman nahi zuen, Europan arabiar herrialdeekiko ezjakintasun handia zegoela ohartu baitzen. Bere lanik ezagunenetako bat dugu Le racisme expliqué á ma fille, zeina 25 hizkuntzetara itzulia izan den, euskara barne: Arrazakeria nire alabari azalduta, Txalaparta argitaletxeak kaleratua. Marokoren egoera hobetu dela eta, gaur egun Ben Jelloun Paris eta Tanger artean bizi da.