Obra perfektua amets

Esti Ezkerra

art28_1.jpg


art28_2.jpg

XVII. mendeko Parisen giroturik egon arren, Maisulan ezezaguna kontakizunean Honore Balzac-ek bere garaiko artearen inguruko gaiak azaltzen ditu eta, neurri handi batean, gaur egun ere bizirik jarraitzen dute orduko kezkek. Izan ere, Balzac-ek giza izaerak berezkoak dituen gaiei heldu zien, hala nola boterea, Jainkoa imitatzeko nahia, ahultasuna... Balzac-en Maisulan ezezaguna kontakizuneko protagonista dugu Frenhofer. Bere helburua da obra perfektua osatzea, eta horretan buru-belarri arituko da hilabeteak eta hilabeteak. Ez dio inori uzten bere artelana ikusten, pintura kopiatuko dioten beldur baita. Baina gazte margolari batek lortuko du Frenhofer zahar eroaren konfiantza eskuratzea, eta halako batean utziko dio bere tailerrean sartzen. Baina hara zer ustekabea eramango duen gazteak koadroa aurrez aurre duenean: kolore zirriborro bat, horixe besterik ez da Frenhoferren artelana... Maisulan ezezaguna argitaratu eta berehala, hainbat artista saiatu ziren Balzac-en testua -Frenhofer-en erotasuna- oihalera eramaten. Saio horietako batzuk bildu eta erakusketa bat antolatu du Gasteizko Artium museoak. Maisulan ezezaguna izenburupean, erakustaldiak lau atal ditu:

 

Frenhofer-en garaia eta adiskideak

François Porbus-en hiru margolanek, Nicolás Poussin-en marrazki batek, H. R. Rembrandt-en grabatu multzo batek eta P. P. Rubens-en beste grabatu batzuek osatzen dute atal hau. Haiekin ikus daiteke Frenhofer-en garaiko giro artistikoa.

Frenhofer-en nortasunak

Balzac-en kontakizuna berehala egin zen ezaguna artisten artean eta askok eta askok beren burua islaturik ikusi zuten fikziozko protagonistaren anbizio neurrigabean. Arteagatiko artea defendatzen zutenek beren heroi perfektua aurkitu zuten Frenhofer-engan. Areto honetan Paul Cézanne eta Vasily Kandinsky dauzkagu.

Frenhofer eta Picasso Grands-Augustins-en

Pablo Picasso erabat liluraturik geratu zen Frenhofer-en istorioarekin. Bere arte-merkataria zen Ambroise Vollard-en eskariz, liburuaren argitalpenaren lehen mendeurrena ospatzeko edizioari irudiak egin zizkion. Atal honen barruan ikus daitezke irudi horietako batzuk.

Gure garaiko Frenhofer-ak

Frenhofer-en “maisulana”-rekin pareka daitekezkeen XX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egun arteko artelanak biltzen ditu atalak. Ipar Amerikako espresionista abstraktuek, Europako informalistek, joera bateko eta besteko pintore abstraktuek betetzen dute erakusketa-esparru hau. Maisulan ezezaguna maiatzaren 28a arte egongo da ikusgai, museoko Iparra aretoan. art28_3.jpg

Esti Ezkerra

2006, Apirila 01
Arloa: Arteder