Dantza garaikidean onenetan onenak

Estibalitz Ezkerra

art29_1


art29_2.jpg

Hamar dantza obra labur –hamabost minutu ingurukoak ziren denak- lehiatu dira Euskadiko Koreografia Erakustaldian toki bat lortzearren. Obra horiek ondokoak ditugu:

Kuatro

Igor Calongek osaturiko dantza piezak “gehiegi maite duten emakumeei zuzenduta” azpi izenburua darama. Donostiako dantzariak Ainoa Catalanekin eta Andrea Quintanarekin elkarlanean egin du lana, eta denbora zein heriotza ditu ardatz.

Yo soy una cosa que dura segundos

Jordá Ferrè eszenografoarekin kolaboratzen ibili ostean osatu du Olatz de Andresek obra. Denbora eta mugimenduaren arteko harremanean sakontzen du donostiarraren piezak.

Conection

Dantzan dauden bi pertsonen artean sor daitezkeen toki komunen inguruan dihardu Marian Gerrikabeitiak Robert Jacksonekin batera dantzatzen duen koreografia.

Mujer en la orilla

Emakumearen eta itsasoaren arteko harremanean sakontzen du Eider Rodriguez getxotarraren lanak.

Jin jan jun

Milan Kunderaren La lentitudnobelan oinarrituriko obra hau gaur egungo gizartearen isla da zeinetan egunerokotasuna nagusitzen den. Estitxu Camposek interpretatzen du pieza hiru dantzariren laguntzarekin.

Si fue en Babel, no lo sé

Komunikazio arazoetan sakontzen du Cecilia de Madrazok osaturiko obrak

Delicis de la civilización

Giza harremanei buruzko ikuspegi bat eskaintzen du Leire Ituartek egin eta Helena Golabek zein Joseba Alvarezek dantzatzen duten lana.

 

art29_3.jpg

 

Tentativa

Myriam Perezek egin du lana, George Perec idazle frantziarraren esperientzia batetik abiatuta.

El país de las últimas cosas

Julio Cortazarren Rayuela-ko kontakizun batetik abiatuta, itxaropenaren inguruko gogoeta dakar Nerea Urbietaren piezak. Bada orain pieza horietako batzuk ikusi ahal izango dira Barakaldo antzokian –maiatzaren 1ean, 4an eta 7an- lehenik, eta Gasteizko Ibañez de Matauko antzokian zein Donostiako Egia auzoko Gazteszena aretoan ondoren. Euskadiko Koreografoen Erakustaldia 1996an eratu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak hemengo koreografo gazteen lana ezagutzera ematearren. Ildo horretan, bi urterik behin zabaltzen duten deialdira aurkezten diren koreografiarik onenak aukeratu eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban erakusten dituzte. Bestetik, Euskadiko Antzokien Sareak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntzarekin, abian jarri du Dantza Garaikidearen Zirkuitoa. Maiatzaren 26a arte, Asier Zabaletak Ertza konpainiarekin egindako Babia, Blanca Arrietaren Memoria, Steak Tartar taldearen No sabes cuánto esperamos de ti, Matxalen Bilbaoren Caprichozein Teresa Nieto eta Pepe Heviaren lanak ikusi ahal izango dira hiru probientzietako hainbat antzoki eta aretotan.

 

art29_4.jpg

 

IBILARTE 06: mendia…batzen gaituena!

2002. urteaz geroztik, Bizkaiko ikastolen festak, Ibilaldiak, oso bidelagun berezi bat dauka bere ondoan: IbilArte, Euskal Herriko arte garaikidearen erakusketa. IbilArte’06k estilo eta teknika ezberdinetako 24 euskal artisten lanak bildu ditu apirilaren 25etik maiatzaren 7ra bitartean BBK-ko Erakusketa Aretoan (Bilboko Gran Via kalea, 32). Euskal kultura eta ikastolen hezkuntza proiektua zabaltzeko eta sustatzeko jaiaren izenak, Ibilaldiak, mugimenduaren eta bidearen ideiak adierazten ditu. Baina bide hori, ez da bakarka egindakoa, eta horren erakusgarri da IbilArte’06, eskuzabaltasunez euren artelanak eskaini dituzten artistei esker egin den erakusketa hau. Elorrioko Txintxirri Ikastolak –Ibilaldia’06ko antolatzaileak- prestatutako IbilArte’06 erakusketan, besteak beste, Vicente Ameztoy, Jesus Mari Lazkanko, Juan Luis Goenaga, Carmen Olabarri, Angel Garraza, Iñaki Garcia Ergüin, Roscubas anaiak, Koldobika Jauregi edo Javier Riaño artisten lanak dira ikusgai, artearen esparruan bide berriak zabaltzen ari diren beste artista gazte batzuen lanekin batera. Beraz, aurreko emanaldietan bezala, aurten ere IbilArte erakusketak teknika, hizkuntza eta estilo ezberdinetako lanak batu ditu, askotarikoa izateak ikastolaren espirituarekin bat egiten duelako erabat eta aurtengo leloa berea egiten du: batzen gaituena…aniztasuna. Ildo horretan, IbilArtek euskal artisten lanetara hurbildu nahi du bisitaria, Euskal Herria osatzen dugunon sentsibilitatea eta aberastasuna agerian utziz. Aurten, teknika desberdinetan egindako lan guzti hauek gai komuna dute, mendia. Erakusketaren pisu handiena pinturak du. Arlo honetan, Jesus Mari Lazkanok orientalista eran landutako euskal paisaia erakusten duen mihise handia (400x200 cm), Vicente Ameztoy artista gipuzkoarrak 60ko hamarkadan surrealista eran egindako marrazki seriea edo Alberto Urkizak kamuflajezko trajeak bezala landuta eta mendia nabarmenduta duen obra azpimarratu ditzakegu. Honez gain, eskulturaren arloan Roscubas anaiek aurkeztutako ormako obra eta Ube artistaren lan telurikoa ikusi ditugu. Collage eran egindako lanak eta argazkigintzak ere tartea izan dute erakusketan.

 

Estibalitz Ezkerra

2006, Maiatza 01
Arloa: Arteder