Lehen aukeraren bila

Estibalitz Ezkerra

art30_1.jpg


art30_2.jpg

Ikastaroaren amaierara iritsita, Euskal Herriko antzerki eskoletan dabiltzan aktore gaiei beren lana publikoaren aurrean aurkezteko unea iritsi zaie. Ikasketetako azken urtean ez bada azken aurreko kurtsoan daude gehienak, lehenengoen kasuan horrek esan nahi du aurrerantzean lan mundu gordinari aurre egin beharko diotela. Eta jakina, memento honetan nabaritzen dira ongien urduritasuna, zalantzaz beteriko etorkizunaren aurrean erakutsi ohi den sosegu eza eta kezka… Baina aste batzuetan bederen, jadanik aktore oso dei ditzakegun hauek albo batera utziko dituzte aipatu nerbio eta zalantzak, lan mundura jauzi egin baino lehen proba bat gainditu beharko baititu. Ez da edonolako proba; ziur aski hauxe izango dute beren dohainak eta profesionaltasuna neurtzeko estraineko aukera. Oraingoan, benetako publikoaren aurrean antzeztu beharko dute. Maiatzean tokiko antzerki erakustaldia antolatu ondoren, Nafarroako Antzerki Eskolak azken kurtsoko ikasleek prestaturiko obra plazaratuko du ekainaren 2an, 3an eta 4an. Antzinako Grezia garaiko Aristofanes-en Hegaztiak antzezlana landu dute ikasturtean zehar, eta hauxe dute hura jendearen aurrean erakusteko mementoa, Fabio Mangoliniren zuzendaritzapean. Bien bitartean, Barakaldoko Antzerki Ikastegiak (BAI) antzerki eskolen lanak biltzen dituen Act jaialdia jarri zuen martxan iragan hilean, eta ekainaren 3a arte jarraituko du indarrean. Jaialdi horren barruan ikusi ahal izan da BAI-ko azken promozioko ikasleen antzezlana: Te espero en la maleta. Bestetik, Getxoko Antzerki Eskolako 96 Unikornio konpainia iraunkorrak –ikasketak amaitzear diren aktore gaiek osatzen dute hura- Anton Txekhov idazlearen Kaioa lanean oinarrituriko antzezlana taularatuko dute ekainaren 9an Barakaldo antzokian.

art30_3.jpg

Artebi Bilboko Antzerki Eskolak, berriz, El hijo mayor obra aurkeztuko du ekainaren 2an Getxo antzokian, eta 4an Barakaldo antzokian. Arrigorriagako Lonbo aretora eramango dute Gasteizko Antzerki Eskolako ikasleek Lope de Aguirre traidor pieza hilaren 2an. Jose Sanchis Sinisterrak idatzi eta Carmen Ruiz Corralek zuzendu duten antzezlanak Lope de Aguirreren izakera kontrajarri eta konplexua aztertzen du, hark El Doradora abiarazitako espedizioa oinarritzat hartuz. Azkenik, Donostiako Antzerki Eskolak Miradas-Begiradak antzeztuko du ekainaren 2an Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan eta ekainaren 10ean Barakaldo antzokian. Komedia, kantua eta dantza uztartzen duen obra honek gizakiok geure ingurukoek onartuak eta ulertuak izateko dugun beharra azaltzen du.

Estibalitz Ezkerra

2006, Ekaina 01
Arloa: Arteder