Autoreak
Teloia altzatzen denean, arrantzontzi bateko kamarote bat ikusten dugu, buruz behera, hau da, sabaia lurrean eta zorua goian. Itxas kolpe batek ontzia irauli eta ondorengo minutuetan hasten da akzioa, Gran Sol-eko itxasoaren erdian. Kamarote barruan hiru marinel: patroi zaharra, Ondarrutarra; pilotu bat, hau ere Ondarrutarra; eta marinel gaztea, afrikar beltza.
Antzezlan bat idazten Interneten
www.blogak.com/autoreakEzagutuko duzue Ez dok hiru bikoteatro, bi antzerkilari dira Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Beraien artean lagun, aspalditik ari dira antzerki munduan. Aspaldian baina, bikoteatroa egiten dute –bi lagunen arteko antzerki obrak- baina taula gainean ez ezik, bestela ere ari dira teatroaren munduan. Ez zaie ba, antzerki lan interaktibo bat sortzea bururatu? Ideia bat abiatu, blog batean idatzi, eta hor ari dira bata eta bestea mezuak jasotzen, ideiak aldatzen, proposamenak aztertzen eta antzerki lana guztien artean osatzen. Mikel Martinez eta Patxo Telleriak proposamena idatzi –goiko hori- eta antzezleak izan dira saltsa honetan sartu direnak, Eneko Olasagasti edo Arantxa Gurmendi kasu, biak ere aktore eta antzerki munduko pertsona ezagunak. Antzerkia, forma zaharra da berez, aspaldikoa. Baina oraindik bizi bizi dago gure kale eta antzokietan. Gure herrian, tradizio handia izan du euskarazko antzerkigintzak, ezagunak dira Zuberoako Pastoral eta Maskaradak adibidez. Ezagunak dira Hego Euskal Herriko herri antzerkiak ere, bere loraldi garaiak pasa dituztenak. Egungoa, batez ere profesionala da. Maila handia dauka eta nazioarteko obrak bezala, bertan ekoiztuak ere ikusi ditzakegu euskaraz. Baina autoreak.com hau ezberdina da, hasieratik planteamendu kolaboratiboa daukalako. Antzezlana idazteko modu berezia aurkeztu digute blogean Mikel Martinez eta Patxo Telleriak. Aukera ona izan daiteke, ikastoletako geletan antzeko lanak prestatzeko. Interneten, edo koaderno batean gura izan ezkero, batek planteamendu bat proposatzen du, eta ikaskideen artean osatu daiteke. Aldatu, egokitu. Irudiak erabili, elkarrizketak sortu. Antzerkia, besteak beste, sorkuntza lana delako. Eta sorkuntza, bakarka edo taldean ere egin daiteke. Elkarrekin, edo milaka kilometrotara, Interneten laguntzaz.