Bilbo Hiria irratian

Patxi Gaztelumendi

art37_1.jpg


art37_2.jpg

 

Aspaldidanik ari zara antzerkiaren inguruan, baina gaztea zaitugu oraindik.

Betirako gazte, hori da! 31 urte ditut eta 13 nituela hasi nintzen antzerkiarekin ikastolan. Handik irten eta

Gilkitxaro

taldea sortu genuen Deustuko gazte lokalean. Gerora antzerki ikasketak egin nituen eta, ondoren, profesional moduan lan egiteko aukera izan dut. Dena dela, profesional hitza, agian kobratzeari esaten diogu askotan. Ez dakit, beraz, kontzeptua zuzen erabiltzen ote dugun. Gure herrian arlo askotan hainbat gauza profesionalki lantzen baitira tartean dirurik ez egonda ere. Dena dela, beti daukat hasiberriaren sentsazioa, egunero gauza asko ikasten baitut. Gainera bai ikasi eta baita egiteko era, gauza asko geratzen zait oraindik. Hala espero dut, behintzat. Hasierako ilusioa eta gaztetasunaren indarra zein inozentzia galdu ez ditudala uste dut.

Radio Euskadiko lana amaitu ostean, eskenatokiz eskenatoki ikusten zaitugu.... bolada ona ezta?

Ez zen guk hartutako erabakia Radio Euskadi uztea. Zorionez, baina, irrati publikoa utzita eskenatokiz eskenatoki ibiltzeko aukera izan dut. Bolada oso ona, bai. "Cocidito madrileño" eta "Todos nacemos vascos" lanekin 250 emanaldi inguru egin izan ditugu bi urtetako tartean. Baina hodei batean hegan nabilela uste izaten dut askotan. Tamalez, Euskal Herrian, ez da batere ohikoa horrenbeste emanaldi edukitzea hain denbora laburrean. Beraz, hodeian nabilen bitartean, hegaldiaz gozatzen dut eta gauero, etxerako bueltan, lurra hartzen dut berriz ere. Edota Gilkitxarorekin, betiko taldearekin errealitatetik hurbilago dagoen antzerkian jarraitzen dut. Eta, gainera, zergatik ez, leku txiki eta ikusle gutxiago badago ere, hegaldi hauek batzutan ederragoak izaten dira.

Mikrofonoagaz ala mikrofono barik hobeto? Estudioan ala antzokian?

Ez bata eta ez bestea. Uharte bakarti bateko hondartza zoragarri bateko palmondoetatik gertu nahiago, kar, kar! Irratia eta antzerkia, antzerkia eta irratia gazte-gaztetatik batera egin izan ditut. Eta biak elkarrekin egiten jarraitu nahiko nuke beti. Komunikazioa gustuko dut. Irratian jarraitzen dut oraindik ere. Egun

Piperpolis</> saioan nabil astelehenero Ane Zabalarekin batera Bilbo Hiria irratian. Kontu bitxia da oso hurrengo hau: lehen, irratia gazteleraz egiten nuen eta trukean bizitzeko sosak jaso eta "afizioa" euskarazko antzerkia egitea zen; gaur egun, erderaz antzerkia egiteagatik kobratzen dut eta euskarazko irratia afizioz. Pentsatzeko kontua bada, arlo batean zein bestean euskarazko lanari esker bizitzea zailagoa da...

 

Gilkitxaro taldearekin ari zinen, eta egun antzerki profesionala egiten duzu, zer moduz aldaketa?

Mundu ezberdin bi dira, kasu bietan antzerkia ardatza bada ere. Mundu profesionalean, tamalez, dirua nagusi izan ohi da; merkatua. Nik, hor ere gustora lan egiten dut, baina enkarguz beti. Itzelak dira zure esku dauden baliabide tekniko zein artistikoak. Asko ikasi eta disfrutatzeko aukera izan dut guzti honi esker. Luxua, azken finean. Baina benetako luxua askatasuna dela uste dut. Eta sormenerako askatasuna Gilkitxarok ematen digu oraindik ere. Ez diogu inolako merkaturi begiratu behar. Ez daukagu dirurik, baina senak eta bihotzak esan eta eskatzen diguna sortzen dugu.

Hainbat antzezlan idatzi dituzu aspaldion, euskaraz zein gaztelaniaz.... zelan moldatzen zara idazten?

Idaztea gustoko dudan beste arlo bat da. Besteekin parekatu behar dut, baina, berriz ere. Normalean espainolez idazten dudanean enkarguzko lanak izan ohi dira, haur antzerkiarenak salbu. Baina nik libre idazten dudanean euskaraz egiten dut normalean. Elebiduna izan naiz beti. Amak etxean euskaraz egiten digu eta aitak gaztelaniaz. Hizkuntza biekin batera hazi eta hezi ginen. Faltan botatzen dut nire gauzak idazteko denbora gehiagorik ez izatea. Aspaldi hasita dauzkat idazteko proektu batzuk eta hor daude koadenoan oihu egiten "atera gaitzazu hemendik, behingoz! guk ere hegan egin nahi dugu!" Beraz, paperean dauzkadan hitzak gehiegi haserratu aurretik beste hitz batzuekin batera dantzan jarri beharko ditut ahal bezain laster. Barrenak horrela eskatzen dit, eta ezin gara barreko zerarekin gor bizi.

Umeentzako antzerkiari be ekin diozu, zelan umeekin?

Oso gustora. Azken bi urte hauetan ipuin klasiko bi eraman ditut taulara Glu Glu ekoiztetxearen enkarguz. "Txerritxoak" eta "Txanogorritxo eta marrubi zaporeko gaztainak". Emaitza biekin oso gustora geratu izan naiz. Umeentzat sortzea ez da helduentzat sortzearekin gehiegi konparatu behar. Egia da, bai, lengoaia ezberdinak egon badaudela, eta ikusleak helduak ez direla. Baina sortzaileon begirune berdina merezi dute ikusle guzti-guztiek. Haurrekin gainera fantasia erabiltzerik badago, gauza majikoak egin daitezke eta nik ametsetako munduak maite ditut.

Ama quiero ser lehendakari estrenatu barritan, zelan ikusten duzu etorkizun hurbila?

Antzezlana estreinatu berri dugu eta orain birarekin hastea dagokigu. Nahiko bira polita dugu Euskal Herrian zehar lanarekin ekiteko. Beraz, orain disfrutatzeko garaia iritsi da. Aizpea Goenagak idatzi eta zuzendutako lana da. Plazer ikaragarria izan da Aizpearekin lan egitea. Berak badaki aktoreekin lan egiten, gutako bakoitzaren zerarik ederrena atera eta taula gainean jarri dugu. Hori guztia jakituria, maitasunez eta errespetuz egina. Zer gehiago behar dugu, bada? Eta berak esan ohi digun bezala, antzezlana orain gurea da, gure pertsonaiena da eta herriz-herri haiekin batera gu eta ikusleak dibertitzera!

Etorkizuneko asmoak?

Etorkizun hurbilerako asmoak bai, noski. Ilusioa handia egiten didan zerbait badago. Izan ere, martxoaren 13an Gilkitxarok lan berria estreinatu behar dugu Bilboko Kafe Antzokian: Honolulu, leku bat. Aspaldiko lagun eta lankide dudan Ane zabalarekin batera taula gainean egongo naiz, gainera. Oso gogotsu eta ilusioz beteta gaude lan honekin. Udaberrirako emanaldi dexente ateratzen ari dira gainera, beraz pozaren pozez nago. Gilkitxarok, gainera, badu uda aurretik gauza gehiago egiteko asmo eta proiektuak. Bestetik, martxoan nik idatzitako beste lan bat estreinatuko da "Tiburcio y Madalena" deitutako. Eta etorkizunerako? Hainbeste dira gauzak, asmoak eta ilusioak, galdu ez daitezen, beraz, apurka gauzatzen joan beharko dirala.

 

 

 

Patxi Gaztelumendi

2007, Otsaila 01
Arloa: Arteder