Zuberoako maskarada
Urteroko ohitura da, mendeetan datorren tradizioan. Euskal Herriko ekialdean, Zuberoan tradizioari eutsi eta urtetik urtera berritasunekin aurkezten dute Maskarada. Negua joan eta udaberriari ongi etorria egiten diete, dantza, jauzi eta jaiarekin xiberotar gazteek. Udako pastorala ezaguna bada ere, negua agurtzeko Maskarada antolatzen du urtero Zuberoako herri batek, eta aurten Maule Lextarreko gazteen ardurapean egon da Maskaradaren antolatzea. Ez da ezagutzen inoiz mauletarrek horrelakorik egin izana, baina aurtengoan bederen, gogotsu ekin diote antolaketari 30 bat gaztek. Santxo Handiaren pastorala antolatu ostean, euskal kulturaren inguruko giroa piztu egin delako Zuberoako hiriburuan. Euskaraz mintzo eta dantzari ekin diote bertako gazteek.
Otsailaren 3an ospatu zuten aurtengo lehenengo maskarada, Lextarren bertan, eta apirilaren 21ean Maulen bukatu arte, igandero igandero Zuberoako herri batean arituko dira, dantzan, herri antzerkian, barrikadak egiten eta herri kultura sustatzen. Atharratze, Garindaine, Ainharbe, Gamere-Zihiga, Barkoxe, Altzürükü, Arrokiaga, Urdiñarbe, Sohüta eta Larraine izango dituzte bitartean dantzarako eta festarako. Goizean goiz biltzen dira Maskaradako jokalariak herrian. Dantzarako eta bestelako arropak jantzi eta kalejiran ibiltzen dira herrian zehar, geldialdi ezberdinak egiten dituzte. Geldialdietako bakoitzean, barrikada egiten dituzte buhameek eta beltzek, Pitxuren esanetara. Lurrean elkarren gainean bota… eta sekulako iskanbilak antolatzen dituzte bertan. Inguruan dantza eta kantua izaten da gero. Zuberoako ohiko dantzak, eta Xorrotxek abestutako kopla eta kantuak.
Arratsaldean berriz, herriko etxe edo ostatuetan ondo bazkaldu ostean, Maskarada antzezten da herriko plaza batean. Bertara biltzen da jende gehien. Herri antzerkia, kantua eta dantzak uztartzen dira bertan. Jokalari guztiek parte hartzen dute. Xirularen doinuak, Xorrotxen kantuak, buhameen ateraldiak, Pitxu eta lagunen komeriak… uztartzen dira. Gidoiaren zentsua beti antzekoa da, baina tokian tokiko, eta garaian garaiko xehetasunak, bitxikariak, komeriak eta kontu jakinak aipatzen dituzte. Modu irrigarrian eta beti ere xiberutarrak goratu eta ingurukoaz trufatuz.