Zhu' Yi! Gasteizen
ARTIUM, Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Zhu' Yi. Txinako argazkigintza garaikidea erakusketa irekita izango du aurtengo irailaren 23ra bitartean. Erakusketa honetan, txinatar artisten belaunaldi berria uneotan egiten ari den lanen erakusketa zabal bat eskaintzen digu. Erakusketak 120 obra biltzen ditu, hogeita hamar bat sortzailek eginak; denak dira 1960 ondoren jaiotako argazkilariak, eta gai eta afera ezagunak lantzen dituzte; besteak beste, kultur memoria berreskuratu beharra, gizarte aldakor baten nortasun propioa eta kolektiboa, izadia eta hiri-paisaia garapen ekonomikoaren mendean pairatzen ari diren degradazioa, eta baita garapen horrek eragindako beste efektu batzuk ere, hala modari buruzko interesa edo txinatarrek; kontsumorako duten gero eta zaletasun handiagoa.
Txinatar gobernu-erregima irekitzen eta arteak garatzen hasi zirenez geroztik, argazkigintza izan da txinatar sortzaile berrien lan-tresna kuttunenetako bat. 1993az gero hamar txinatar artistak Veneziako Biurtekoan “debuta” egin zutenez geroztik, oso azkar sartu dira Mendebaldeko artearen sisteman, eta gero eta handiagoa da haien eskaria merkatuaren eta erakusketa-espazioen aldetik.
Zhu' Yi! Erakusketak artista hauen ehun eta berrogeita hamar bat argazki erakusten ditu, 1994tik gaur arte eginak, hau da, munduko herrialderik jendeztatuenak, handienetako batek, potentzia militar eta ekonomiko honek, gizarte- eta ekoizpen-egituren aldaketa sakona bizi izan duen urteetan. Aldaketa horren lekukotasuna ematen dute hain zuzen ere artista hauen lanek, formula estetiko guztiz berezien bidez gai orokorrei helduz: aspaldiko historia, nortasuna, gizabanakoa hiri-testuinguru berrian, izadiaren degradazioa kontsumoko gizartearen garapenaren eta berrikuntzaren aurrean, duela urte batzuk bere baitan horren itxia zegoen herrialde batean. Txinaren garapen ekonomiko lasterraren lehen ondorioetako bat bertako ingurune naturalean eta gizarteegituran eragindako efektuak izan dira. Argazkiotako askok izadiari begiratzen diote, beren herkideak burdinezko, hormigoizko eta beirazko egiturak baino haruntzago dagoenaz ohartaraziz (Can Xing), edota lau urtaroak irudikatzen dituzten usadiozko txinatar motiboak margotuz (eta argazkiak eginez gero) zenbait pertsonaren aurpegien gainean. Azkenik, argi ikus daiteke erakusketa honetan nola jabetu den kontsumitzeko irrika txinatar gizarteaz, duela zenbait urte erabat ezezagunak ziren produktuak, hala autoak, kosmetikoak eta markako jantziak, bizitzeko modu berri baten ikono bihurtuz, baina, itxuraz, bizitza zoriontsua bermatu gabe: txinatar bizimodu tradizionaletik Mendebaldeko moduetara jauzi egiteak hustasuna sor dezake. Beraz, orain hasi eta uda amaitu arte daukazu Txinako argazkilari hauen lanak ikusteko parada. Gasteizerako txangoa beste erakusketa batzuk ikusteko ere baliatu dezakezu, bai Artium museoan bertan zein alde zaharreko beste kulturguneetan ere. Gasteiz bera be, ikustekoa da eta.