Sorginen museoa Zugarramurdin
Ez da ohiko museoa, ez dira artelanak bertan ikusiko dituzunak. Historia museo bat denik ere ezin esan, etnografikoa ere ez da Zugarramurdikoa. Gure historia batzen da bertan, garai bateko arte herritarra ere ikusi dezakezu, Nafarroako Zugarramurdin
Sorginen museoa
da. Duela gutxi ireki dute, kobazuloetara doan bidean bertan, Behitiko karrikan, lehenago ospitalea izandako eraikinean. Eraikin karratua, eta hiru solairutakoa. Aspaldian hutsik egonik, azken lau urteotan museoa egiteko atondu dutena. Uda honetan zabaldu eta aurrerantzean sorginen inguruko historia, mitologia, kontakizunak eta Zugarramurdiko berri nazioarteko ikusleei bezala, herrira hurbiltzen diren guztiei eskainiko diena.
XVII. mendeko inkisizioa gogoratuz
Sorginen museoak, Zugarramurdiko historia ezagutzeko parada zuzena emango du. 1610 eta 1614 urteen bitartean, Inkisizioak inguruko 50 lagun baino gehiago salatu, epaitu eta jazartu zituen, batzuk heriotzara, sutara eta beste kondenatuz. Jazarpena itzela izan zen inguruko emakume eta umeen artean. Salatutako umeak 1.000 baino gehiago izan ziren, eta helduak berriz 5.000 inguru. Ez bakarrik Zugarramurdikoak, inguruko herrietako biztanleak oro izan ziren salatuak. Ainhoa, Sara, Urdazubiko biztanleak ere Inkisizioaren menpe erori ziren. Historia hori, leizezuloetatik ondoko museora ekarri nahi izan dute. Leizezuloak, akerlanda eta Infernuko erreka toki historiko eta magikoak badira ere, orain museoaren laguntzaz, jendeak gehiago jakiteko aukera izango du. Jazarpen horren lekuko eta testigantza guztiak, orduko irudien erreprodukzioa eta ikusentzunezkoen laguntzaz, Sorginen museoak historia bizitzeko aukera emango digu, non eta Zugarramurdin bertan, Nafarroako paraje eder hauetan.
Hiru solairutako eraikina
Etxeak hiru solairu ditu, eta bakoitzean giro eta gai ezberdinak landu dituzte. Lehenengoan, sartu eta bat, mitoa, errealitatea, argiak eta itzalak landu dituzte. Baso batean, Inkisizioak zigortutako guztien izen abizenak berridatzi dituzte. Gaia bere sorginkeria da, mitoligaia eta eta XVII. mendeko euskal kultura, eta horrekin batera herritarren aurkako jazarpena. Eraberean, inkisizioaren gaia landu dute, tribunalaren funtzionamendua nolakoa izan zen, eta horrez gain, herritarrei galdeketak eta epaiketak egin zieteneko ingurua berriro ere gogora ekarri dute. Akelarreari buruzko ikusentzunezko muntaia batek girotzen du lehen solairu hau. Bigarren solairuan berriz, Xareta eskualdearen berri ematen da. Ainhoa, Sara, Zugarramurdi eta Urdazubi batzen dira Xaretan. Inguruko herrien berri, eta emakumearen lana dago ikusgai areto honetan. Emakumea, etxekoandrea, sorgin izendatu zuten arren; kuranderoa, emagina, belarretatn aditu eta herri medikuntzan iaioa izateagatik epaitu zuten inguruko emakume bat baino gehiago. Beraiekiko begirunez, Xareta, ohiturak eta emakumea, etxekoandrea omendu dituzte bigarren solairu honetan. Azkenik, goiko solairuan, erakusketak eta tailerrak egiteko lekua egokituko dute. Eraberean, filmeen zatiak, argazkiak erakutsiko dituzte. Erakusketa ezberdinak egiteaz gain, jendeak parte hartzeko tailerrak antolatuko dituzte, kontutan izanik, urtero bataz beste 75.000 lagun inguruko abiatzen dela Zugarramurdiko leizeetara. Bisitariek Tartalo, Zezengorri, Lamia, Mamano, Sugaar, Sorgina eta Aker ere ezagutuko dituzte, euskal mitologiako pertsonaiak guztiak. Ondo gelan gainera, garaiko sukalde bat ekarriko dute gogora, non besteak beste gaisotasunak sendatzeko belarrak, eta deabruaren belarrak batuko dituzte: mandragora, belladona eta estramanioa besteak beste.