Kalea margotzen

Patxi Gaztelumendi

art54_1.jpg


art54_2.jpg

Graffitia artea al da? Kalea erakustoki? Etxeak museo? Graffitia tren geltokian, margoketa espaloian, hormirudia kale bazterrean. Hitz batzuk, berbak eta irudiak nahastean. Kolore asko eta irudimen sorta ikaragarria uztartzen dituzte graffiteroek beraien lanetan. Firma bat izan daiteke, edo artelan erraldoi bat. Azkar egindakoak balio berezia du, baina patxadaz egindakoari begira lotzen gatzaio. Gure bazterrak dira, Euskal Herriko kale, industriagune eta bazterrak. Mundua gara, eta munduko espresioak, esprai bidez adierazten dira hemen ere. Berton.

art54_3.jpg

 

New Yorketik mundu osora

60ko hamarkadaren bukaeran, New Yorkeko metroan, gazte bat bere ezizen (Tag) TAKI 183 hasi zen idazten. Ondoren autobus geltoki, monumentu publiko eta Manhattango metro geltokian jarraitu zuen. Horren ondorioz, gazte askok, TAKI 183 bezala, bere ezizena sinatzen hasi ziren, edonork bere ezizena (Tag) ezagutu zezan. Mundu osora hedatu zen sinatzeko, adierazteko, margotzeko dei hori. Eta bizirik mantentzen da. Euskal Herrian ere, hiriburuetan bezala, herri txikietako industria guneetan bereizi daitezke hamaika koloretako lanak. Graffitia gainera, maiz lotzen da kaleko beste adierazpen batzuekin. Musikarekin, dantzarekin, estetika jakin batzuekin, kirol ezagunekin –skate kasurako-. Hip hop eta rap musika, praka zabal eta jausiak, breaker dantzariak… baina hori guztia baino gehiago ere bada.

 

art54_4.jpg

 

Euskal Herriko Spraikada

Gurean, aspaldi honetan euskara elkarteen topagunea ari da Spraikada izeneko graffiti lehiaketa antolatzen. Duela ez asko, Erandion burutu dena. Herria apaintzeaz gain, hango eta hemengo sortzaileak batu dira beraien bozetoak horman margotzera. Bozeto hautatuak izan ziren, eta gero lanak baloratu zituzten. Iruñeako bikote batek irabazi zuen lehen saria. Eneko Azpiroz JEAS eta Diego Glenny dira autoreak, eta Fashion biktima beren lana, goiko argazki honetan ageri dena.

Lotura interesgarriak:

Graffitia Wikipedian Spraikada Spraikada argazki eta irudiak

 

Patxi Gaztelumendi

2008, Abuztua 01
Arloa: Arteder