Mandalak: margoztea, terapia?

Amaia Ugalde

Umetan marrazkiak margotzeko izan genituen liburu horietaz gogoratzen? Askotan eredu bat ageri zen eta haren kolore berdinekin margozten genituen azpiko irudiko atal zuriak. Beste batzuetan ez: paitaren lumei kolore berdea jartzen genien, belarrari, horia, eta eguzkia gorriz margotzen genuen. Sormena erabiltzen genuen, era batean edo bestean. Bada, badaude adin tarte guztientzat egindako horrelako liburuxkak. Ez dira Mickey Mouse eta Donald atea ageri, forma geometrikoz sortutako irudiak baizik. Mandalak dira. Budismoan dute jatorria, eta sormena lantzeaz gain, errelaxatzeko terapia ere badira.

arteder_09_06_03

Artea oso baliagarria izan daiteke meditazioa eta kontzentrazioa lantzeko. Edonork prestakuntza barik egin dezakeen artelana, marrazkia bera ere, onuragarria da lasaitzeko. Terapia egiteko era bat da margoztea, arte-terapia egiteko era bat. Mandalak terapia horien barruan sartzen dira. Barne oreka berreskuratzeko, norbere burua ezagutzeko eta barne sosegua eta lasaitasuna lortzeko baliagarriak izan daitezke. Mandalak margoztuaz, kontzentrazioa lantzen da, eta eguneroko arazoez ahaztu eta norbere sormenaren emaitzez gozatzen da.

Zer dira mandalak baina? Indarren arteko oreka irudikatzen duten irudiak dira mandalak. Duela milaka urte sortu Tibeten, budismoan eta hinduismoan. Hainbat kulturetan, baina, mandalen antzeko errepresentazio sinbolikoak izan dira: Amerikako Navajoek, Aztekek, Inkek... eta Australiako aborigenek ere antzeko irudiak zituzten. Erdi Aroko eliza kristauetako beirate eta leiho biribiletan ere, mandalen antzeko irudiak ikus daitezke. Zibilizazio ugaritan eta duela milaka urte jaiotako artea da, beraz, mandalena.


Mandalen onurak
Sormen jarduera baten aritzeak on egiten die depresioa, estresa, isolamendua edota antsietatea bizi duten pertsonei. Horrelako egoeretan dauden pertsonei, kosta egiten zaie gozamen uneak bizitzea, eta euren sormenarekin zerbait egiteko gai direla ikusteak on egiten diela diote adituek.

Mandala margozteaz gain, marraztea ere gure esku egon daiteke. Borobila eta simetria ardatz, gauza dotoreak irten daitezke. Adituek diote, hori egitean, hitzez azaldu ezin diren kontuak azaleratzen ari garela.
Arte-terapiako adituek, zera diote, ezaugarri interesgarri bat dutela artearekin lotutako terapiek: ez da beharrezkoa hitzez adieraztea, eta ez-hitzezko komunikazioak ez duela gezurrik esaten. Euren ustetan, pertsona baten lanean islatzen denak pertsona horri buruz hitz egiten du, beti egia esanez. Beraz, mandalak interpretatuz pertsona baten barne-egoeraren zantzu batzuk izan ditzakegu.

arteder_09_06_04arteder_09_06_05arteder_09_06_06

Zelan margoztu mandala bat?

  • Leku lasai eta ondo argiztatu baten egitea da onena, musika lasaiarekin edo isiltasunean
  • Askatasunez aukeratu behar da margoztuko den mandala, hainbat ererdutatik gustukoen duguna, eta baita erabiliko ditugun margoak ere
  • Mandalak margozteko denbora: ez dugu zertan geratu barik egunean bertan amaitu. Ordu batzuk, egun batzuk... eman ditzakegu mandala margozten. Garrantzitsuena amaitu arte beste bat margozten ez hastea da.

Informazio gehiago:

Informazio orokorra eta margozteko mandalak

Nola interpretatu mandalak

Amaia Ugalde

2009, Ekaina 19
Arloa: Arteder