Guggenheim berria lehentasuna ote?
Ez da kontu berria Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Museo berria zabaldu gura duela Sukarrietan. Proiektuak hautsak harrotu ditu herrian eta eskualdean (Busturialdean), orain arte umeen kolonia edo udaleku izandako eraikinean eraiki nahi dutelako orain museoa. Gainera, Patxi Lopezen gobernua proiektuaren kontra agertu da hasieratik eta berriki komunikabideetan azaldu duenez, museoaren marka beste bat izan arren, ez litzateke museoa eraikitzearen alde azalduko.
Eusko Jaurlaritzako iturriek esan dute Urdaibai sozialki eta kulturalki biziberritzeko bide bakarra, bertako zerbait sustatzea dela, frankizia berrietara jo gabe. Aste honetan lehendakariak Twitter bidez egin duen elkarrizketan ere atera da gaia, eta interesgarriago iritzi dio kutsakorrak ez diren enpresak ezartzeari museoa eraikitzeari baino.
Lehendakariak elkarrizketa horretan azaldu duenez, Urdaibain lehendik dauden eremuak bideratu nahi ditu Jaurlaritzak ezagutzara, turismora eta kulturara. Ingurumena "errespetatuko" duten proiektuen alde agertu zen Lopez aipatutako elkarrizketan: "Biosferaren Erreserbaren eta jarduera kulturalen arteko harremana iraunkorra izatea nahi genuke, eta bide batez, gure sortzaileak bultzatu eta sustatu ditzala".
Proiektu hori bideratu ahal izateko debatea gizartera zabaltzea egoki ikusi da. Izan ere, horixe izan da eskualdeko sektore askok salatu dutena, bertako bizilagunak kontutan hartu gabe erabaki duela Bizkaiko Foru Aldundiak museoa egitea. Gainera, Sukarrieta bertako bizilagun askori interesgarriagoa iruditzen zaie udalekuek orain arteko egitekoarekin jarraitzea.
Busturialdeko Ezker Abertzalea eta zenbait talde ekologista (Zain Dezagun Urdaibai) proiektuaren aurka agertu dira hasieratik. Ezker Abertzaleak salatu du eskualdearen iritzia ez dela kontuan hartu, eta Zain Dezagun Urdaibaik ez du uste halako makro proiektu bat ingurumenarekin bateragarria izango denik. Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua 200 milioi eurokoa da. Bere egunean, Bizkaiko Foru Aldundiak esan zuen Eusko Jaurlaritzaren laguntza gabe ere egingo zuela, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren laguntzarik gabe ez da erreza halako proiektua aurrera ateratzea. Bilboko Guggenheim Museoa eraiki zenean jende asko agertu zen proiektuaren kontra, baina turismoari begiratuta, asko dira gaur egun pozik daudenak. Bizkaiko Foru Aldundiak adibide horri heltzen dio Sukarrietaren kasuan ere, baina ez dago hain garbi Busturialdean ze garapen izango duen halako proiektu batek.
Desindustrializazioa
Bai Zain Dezagun Urdaibai elkarteak eta bai Busturialdeko Ezker Abertzaleak salatu egin dute azken 20 urteetan industria ia desagertu egin dela Busturialdean, eta Guggenheimek ez duela hori konponduko. Zain Dezagun Urdaibaik bere blogean azaltzen duenez, "datu makroekonomikoek engainatu egiten gaituzte, eta Urdaibai, Euskadiko Biosferaren Erreserba bakarrak itxura ona du: Euskadiko langabezia tasa baino baxuagoa du, EAEk baino diru gehiago biltzen du zergetan... hori horrela bada, zergatik erakundeek, politikariek eta bizilagunek eskatzen dute biziberritzea?".
Elkarte horrek uste du erantzuna erraza dela "bizilagun gehienek eskualdetik kanpora lan egiten dute". Gernika eta Bermeo dira eskualdeko herririk handienak eta 4000 lanpostu galdu dira azken 20 urteetan. Datu horien aurrean, bai Ezker Abertzaleak eta bai Zain Dezagun Urdaibai elkarteak esan dute beste batzuk direla eskualdearen lehentasunak. Ez dute uste Guggenheimek ezer konponduko duenik.
Ez dago argi oraindik proiektuaren etorkizuna, baina argi dago aldeko adina kontrako bildu dituela honezkero. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk Guggenheim egiteko erabili nahi duten eraikinean itsasadarra, baserria... lantzen dira hainbat adinetako neska-mutilekin. Beraz, orain ere funtzioa badu eraikinak. Iritziak eta datuak argitaratu dira han hor hemen, eta ikusi egin beharko da ea proiektua gauzatzen den eta ze onura eta ze kalte dituen.