Berezia eta bakarra

Onintza Enbeita

Jaio zenean Magdalena Carmen Frida Kahlo y Calderon ipini zioten izena, 1907an. Hala ere, berak Mexikoko Iraultzarekin batera jaio zela esaten zuen; 1910ean hain zuzen ere. Beraz, aurten betetzen dira 100 urte Frida Kahlo jaio zela. Duela hiru urte egin zizkioten zenbait omenaldi eta izan ziren hainbat ospakizun Mexikon, baina guk, bere gusturako bere jaiotza urtea zenetik 100 urte pasatu direla aprobetxatuko dugu hari buruz zerbait gehiago jakiteko.

frida1Coyoacanen jaio zen Mexiko hiriaren hegoaldean (gaur egun, Mexiko hiriko auzoa da). Bere bizitza Mexiko modernoaren sorrerarekin eta iraultzarekin lotzen zuen. Datu horrek uste baino gehiago esaten digu bere izateko modu bereziari buruz. Umetatik apurtu zituen orduko gizarteko zenbait ohitura eta moralak agindutako bideen kontra ibili zen; pasioak markatu zuen haren bizitza.

Ameriketako Estatu Batuetatik sartzen ari zitzaizkien kultura molde berrien kontra egin zuen beti, eta mexikarra izatearen harrotasuna defendatu zuen.

Frida Kalhoren bizitzan etengabeak izan ziren gaixotasunak eta minak. 1913an poliomielitisa harrapatu zuen eta gerora, tranbian izandako istripu baten ondorioz, ohean egon behar izan zuen luzaro. Eskuineko hanka ezkerrekoa baino argalagoa izan zuen poliomielitisaren ondorioz, eta istripuaz geroztik bizkar hezurra minduta izan zuen.

1992an Mexikoko Escuela Nacional Preparatoria delakoan sartu zen. Orduan Mexikon zegoen hezkuntza zentrorik entzutetsuena. Orduantxe hasi ziren lehenengo neskak onartzen. Bertan ezagutu zuen gerora senar izango zuen Diego Rivera Mexikoko margolari ezaguna.

Istripua izan eta gero, geldi egon behar zuenez, 1926an margotzen hasi zen. Ohean zetzala, bere autoerretratua margotu zuen. Koadro askotan marraztu zuen bere burua. Betiere, momentuko sentipenak eta minak agerian utziz. Askotan nahiko modu gogorrean gainera. Ohetik jaikitzea lortu zuenean, berriz ere oinez hasi zen eta Mexikoko artisten giroan sartu zen. Bertan topo egin zuen berriro Diego Riverarekin eta Tina Modotti ezagutu zuen. Azken hau argazkilari ezaguna zen, Italiatik AEBtara eta gero Mexikora joana.

 


Diego Riveraren emazte

 

1929ko abuztuaren 1ean ezkondu zen Riverarekin, eta oso harreman gatazkatsua izan zuten. Bai bata eta bai bestea beste pertsona batzuekin ere ibili ziren. Fridaren kasuan emakumeekin ere sexu harremanak izan zituela esaten da. Besteak beste Chavela Vargas kantari ezagunarekin lotu izan da. Nahikoa ziurra da emakumeak ere izan zituela maitale, baina izenak esaterakoan ez dira zuzenak bolo-bolo dabiltzan izen guztiak.

frida21939an dibortziatu egin ziren Frida eta Diego, baina handik urtebetera berriz ere elkartu ziren biak. Dibortziatuta egon ziren garaikoa da Las Dos Fridas izeneko autoerretratu bikoitza. Bertan Frida bi agertzen dira bihotzak elkarri lotuta. Horrela erakutsi zuen Frida bi zeudela, eta ez zekiela oso ondo zer egin: batak tehuandar trajea dauka jantzita (Riveraren gustukoena) eta besteak Europako haizea dauka jantzietan. Fridaren ustez, Europar haizeak dituen hori (aita europarra zuen) da Rivera ezagutu aurreko Frida. Gainera, Frida horren bihotza da hain zuzen ere, odol husten ari dena.

Rivera sekulako gizon puska zen eta Kalho emakume argala eta txikia. Mexikarrek elefantea eta usoa deitzen zieten. Izandako istripuen ondorioz, Fridak ezin izan zuen umerik izan, eta kosta egin zitzaion hori onartzea. Riverak beste emakume batzuekin izandako harremanek ez zuten Kalho atzera bota, eta elkarrekin jarraitu zuten. Senarrak esaten zion emazteari Mexikoko ohiko trajeak janzteko, eta beti kolorez beteta ibiltzen zen. Bekainak lotuta zituen Kalhok, eta hori bihurtu zen bere marka. Hala ere, Riverari izugarri gustatzen zitzaion bere emaztearen marrazteko modua, eta mireslerik handiena bera izan zuen. Klaho, ostera, Riveraren kritikaririk handiena izan zen.

Margolari ezaguna zen Diego Rivera. Hainbat koadro ezagun margotu zituen, baina batez ere egin zituen muralek eman zioten fama Mexikon. Izan ere, iraultzaren aldekoa izanda, iraultzaren aldeko gobernuak agindutako zenbait lan egin zituen. Ikusgarria da Mexiko Hiriko Palacio Nacionaleko eskaileretan eginda dagoena. Mexikoko historia guztia laburtzen duen margolan izugarria: Hernan Cortes Mexikora iritsi aurreko bizimodua, kolonizatzaileek egindakoak, Iraultza... dena dago hormetan azalduta hitzik gabe.

Riverak fama handia hartu zuen AEBtan eta 1931tik 1934ra bitartean bolda luzeak egin zituzten New York eta Detroiten. Berriz ere Mexikora itzuli zirenean, 1937an, Leon Trotsky Errusiako Iraultzan ibilitako iraultzailea Coyoacanera joan zen bizitzera, eta harreman handia izan zuen Kalho eta Riverarekin. Askoren arabera, Kalho eta Trotsky maitaleak izan ziren eta atxilotuta egon zen Kalho Trotskyren heriotza leporatuta. Azkenean, libre utzi zuten.

Mina margolanetan

frida3Bizitza gorabeheratsuaren ondorioz, bere lanetan apurtutako bizkar hezurra eta sufrimendua behin baino gehiagotan agertzen dira. 1938an Andre Breton poetak esan zuen, Kalhoren margolanak surrealistak zirela. Hark ukatu egin zuen hori: "surrealista nintzela uste zuten, baina ez da hala. Inoiz ez ditut nire ametsak margotu, nire errealitatea margotu dut beti". Bretonen eraginez, erakusketa jarri zuen Parisen 1939an eta Parisko Vogue aldizkariko azalean azaldu zen. 1943tik aurrera, Mexiko Hiriko La Esmeralda eskolan klaseak eman zituen.

1953an Mexiko Hiriko Arte Garaikidearen Galerian erakusketa jarri zuen; bere herrian lehenengoz. Osasunez oso txarto zebilen, eta medikuek erakusketaren inauguraziora ez joateko esan zioten. Anbulantzian eraman zuten erakusketara, eta bertan zeuden guztiak hunkituta zeuden. Galeriaren erdian jarri zuten bere ohea, eta bertara hurreratu zitzaion jendea agurtzera. Guztien harridurarako, txisteak kontatu zituela eta beste guztiekin batera edanean ibili zela kontatu izan dute han egondakoek gerora. Erakusketak sekulako arrakasta izan zuen, baina hankan gangrena atera zitzaion, eta urte horretan bertan, hanka bat moztu behar izan zioten belaunpetik. Hankarekin batera umorea galdu zuen, eta bere buruaz beste egiten ahalegindu zen. Besterik ezin zuenez egin, poemak idazten zituen bere egunerokoetan; gehienak minari eta damuari lotutakoak.

1954ko uztailaren 13an hil zen Coyoacanen eta ez zioten autopsiarik ere egin. Mexiko Hiriko Arte Ederren jauregian jarri zuten beilatokia, eta Mexikoko Alderdi Komunistaren bandera jarri zioten hilkutxaren gainean. Gorpua erre eta bere Coyoacaneko etxe urdinean bota zituzten bere errautsak. Bere egunerokoan idatzi zituen azken hitzak hauek dira: "Alai irtetzea eta inoiz ez itzultzea espero dut". Frida hil eta lau urtera, Frida Kahlo museoa egin zuten etxe urdinean.

Onintza Enbeita

2010, Martxoa 31
Arloa: Arteder