Guernica eta Gernika
73 urte pasatu dira Alemaniako Kondor Legioak Gernika bonbardeatu zuenetik, eta Pablo Picassok Guernica koadroa margotu zuenetik. Apirilaren 26an izan zen bonbardaketa eta ekainean amaitu zuen koadroa Picassok. Parisko erakusketa unibertsalean Espainiako Errepublikak pabilioia zeukan urte hartan, eta harako agindu zion Espainiako Gobernu Errepublikarrak koadroa Picassori. Guernica jarri zion izena bere lanari margolari malagarrak, baina gerrako sarraski guztien izenean egindako artelana da.
Espainia diktadura militarraren menpe zegoenez, Picassok bere koadroa New Yorkeko Arte Garaikideko museoari uztea erabaki zuen, baina hasieratik argi utzi zuen, koadro hori Espainian egotea gura zuela behin demokrazia berreskuratu eta gero. 1981ean eraman zuten artelana Espainiara eta Cason del Buen Retiro delakoan jarri zuten ikusgai; hamaika urte beranduago, 1992an, Reina Sofia museoan jarri zuten eta oraindik ere hantxe dago bisitarien zain.
Euskaldunek askotan aldarrikatu dute koadro horrek Gernikan egon beharko lukeela, herri horretan egindako sarraskiaren erakusle delako. Hala ere, adituen artean badira hainbat eztabaidarako gai. Izan ere, koadroaren neurriek zaildu egingo lukete Gernikan kokatzea (3,50 x 7,80 m). Badaude museoak herrian, baina egokitu egin beharko litzateke koadroarentzako lekua. Herritarrek esaten dutenez, eta bertako Udalak behin baino gehiagotan azaldu du hori, ez litzateke arazorik egongo gaur egungo Bakearen Museoan lekua egiteko, adibidez.
Bien bitartean, Gernikan badago zeramikaz egindako koadroaren erreplika bat (argazkian dagoena, hain zuzen ere). Harrigarria da, nola hainbat eta hainbat turista joaten diren erreplika ikustera. Alde horretatik logikoena koadroa Gernikan egotea litzateke. Gernika Batzordeak (1937ko bonbaketan gertatutakoak ez ahazteko sortutako batzordea) hainbat aldiz egin du Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapena, Bizkaiko herriari irizten diotelako koadroa gordetzeko gune naturala.
Espainiako Gobernuak, ostera, koadroa Madrilen uztearen alde egiten du. Izan ere, mugituz gero, hondatu egin daitekeela diote. Ez hori bakarrik, Picassok ez omen zuen esan nora eramatea nahi zuen koadroa. Bai esan zuen diktadura amaitzerakoan Espainian gorde nahi zuela koadro hori, baina ez zuen esan zehazki non. Hor hara, beraz, Espainiako Gobernuarentzat arrazoi nahikoa koadroa Madrilen gordetzen jarraitzeko.
Egia da, koadroak Guernica izena duela, baina ez dio Gernikako bonbardaketari edo Espainiako Gerra Zibilari erreferentzia garbirik egiten bere irudietan. Alde horretatik esan daiteke koadroa sinbolikoa dela. Izenarekin Gernikako bonbardaketari egiten dio erreferentzia, baina koadroak berak munduko edozein gerretan gertatzen dena islatzen du.
Koadroaren egitura
Koadroak hainbat eztabaida sortu ditu, beraz, baina ze elementu erabili zituen Picassok sarraskia esplikatzeko? XX. mendeko lanik garrantzitsuenetariko da gerrak gizakiengan eragiten duen minaren eta sarraskiaren erakusle hau. "Pintura ez dago gelak apaintzeko egina. Etsaiaren kontrako gerran erabaili daitekeen tresna erasokorra eta defentsiboa da", esan zuen Picassok.
Koadroan oso modu berezian ordenatuta dago espazioa: triptiko baten itxura dauka. Erdiko orrian zaldia dago erdi hilda, eta eskuan lanpara duen emakume bat. Eskuineko aldean, berriz, etxe baten barrua ikusi dezakegu sutan eta bertan emakume bat garrasika. Ezkerrean, ostera, zezena dago eskuetan ume hila duen emakumearekin batera. Bestalde, figurak hirukietan atonduta daude, eta hirukirik garrantzitsuena erdian dago: oinplanoa hildako gudaria da hirukiaren gorengo ertza lanpararen heldulekua da.
Zezena, zaldia eta usoa.
Sei pertsona eta hiru animalia daude koadroan: zezena, zaldia eta usoa. Zezena koadroaren ezkerraldean dago eta gorputza ilun badauka ere, burua zuriago ikusten zaio. Burua buelta emanda dauka ikusleari begira, eta ikaratuta dirudi inguruan gertatzen zaionarekin. Picassok berak azaldu zuzenez, "izugarrikeria eta iluntasuna" erakusten ditu zezenak.
Usoa zezenaren eta zaldiaren erdian dago, buruen gainean, eta lehenengo begiratuan ez da ikusten; izan ere, koadroaren hondoaren kolore berarekin eginda dago eta haren silueta baino ez da antzematen. Hegoa apurtuta dauka eta gora begira dago pikua zabalik. Usoa bakearen sinboloa dela jakinda, ia ziur esan dezakegu, gerra garaian bakearekin gertatu ohi denaren irudia dela Picassoren Guernicako usoa. 1936ko uztailean bakea joan zitzaigun, eta 40 urteko diktadura eta gero, oraindik ere ez daukagu eskura.
Hirugarren animalia zaldia da, eta koadroaren konposizioaren erdian dago. Hanketako bat aurreratuta dauka oreka mantendu ahal izateko jausteko zorian baitago. Zauri bat dauka, eta lantza batek zeharkatuta dauka gorputza. Burua altu dauka, baina ahoa zabalik eta mingaina kanpoan. Zaldia ere grisa da papar zuria eta hanka zuri bat kenduta. Indarra, leialtasuna... eta antzerako zenbait balore ordezkatzen ditu zaldiak eta zaurituta dago, jausteko zorian.
Hiru animalia hauei laguntzen sei pertsona daude. Eskuetan ume hila duen amaren irudiak milaka buelta eman dizkio dagoeneko munduari. Kristauek Ama Birjinaren Pietatea ikusi nahi izan dute askotan irudi horretan, baina gerran umea hil zaion amaren irudiak ez dauka erlijio beharrik. Zoritxarrez, gerra guztietan ikusten dugun irudia baita. Hildako gudariaren gorpuzkinak ezpata bat eta lorea ditu, baina esperantzarako leku gutxi uzten du haren gorpuaren egoerak.
Bonbila edo argia izan da koadro honetan eztabaida gehien sortu duen irudia. Kontua da, koadroaren erdian dagoela sarraskiari argi eginez bezala. Beste emakume bat ere badago, baina, koadroan. Zaurituta dago eta zaldiaren ingurura arrimatuta dago. Eskuetan kriseilua darmaan emakumeak berriz, galduta dauka begirada. Badoa nonbaitera, baina itxura baten ez dakigu nora. Emakume horren noraezak erakusten omen du Frankoren altxamendu milatarraren ostean Gobernu Errepublikarrak izan zuen noraeza.
Koadroak gerraren izugarrikeria erakusten du dudarik gabe, eta Gernikako hiria bada horren lekuko. Logika izango luke koadroa Gernikan egoteak, baina bitartean, merezi du dagoen lekuan ikustea ere. Argazkiekin zerikusirik ez baitu bere osotasunean ikusteak. Lehen begiratuan inpresio izugarria eragiten du, eta gero, banan banan irudi bakoitza begiratzeak ile bat baino gehiago jartzen ditu gora begira.