Eta moda arte bihurtu zen
Museoetan koadroak, eskulturak... ikustera ohituta gaude, baina horiek ote dira artetzat hartu litezkeen gai bakarrak? Bilboko Arte Eder museoan erakusketa bitxia bezain ederra jarri dute (ekainaren 29ra arte); izan ere, Cristobal Balenciaga diseinatzaile gipuzkoarrak diseinatutako arropak jarri dituzte bertan.
Balentziaga. Mugaren Diseinua izeneko erakusketarako, goi mailako joskintzako 35 pieza ekarri dituzte Bilbora. Museora sartu eta batera ikusiko ditugu lehen diseinuak: lumaz eta gauerako edo festarako osagaiez betetako hainbat soineko. Begiak bertara joango zaizkigu nahi gabe ere, nahiz eta alboan Schoomer argazkilariaren obrak egon (hauek ikustea ere merezi du).
Aurrerantza goazela, museoko ohiko erakusketako lehenengo geletara heldu orduko, hainbat beroki eta trajez osatutako erakusketa txikia izango dugu pasiloan. Berokietako batzuk arruntak egingo zaizkigu bistara, baina ez dira hain arruntak ere. Bakoitzak bere xehetasunak ondo zainduta ditu, eta besterik ezean, koloreek egiten dituzte berezi.
Lehenengo solairuko soinekoak dotoreak dira. Duela hamarkada batzuk emakumeek gerria ondo markatuta eramaten zuten garaikoak. Orain ere, soinean jarri eta dantzan egiteko gogoa ematen duten soinekoak. Edertasuna ateratzen dutenak dira, eta gainera, ez dira bakarrak. Bigarren solairuan ere badaude soineko gehiago. Bereziagoak. Ehun distiratsuz egindakoak ere badirelako, eta bai terziopeloz landutakoak ere.
Azken soinekoa izango da akaso bitxiena. Hainbeste dotoreziaren artean, azken solairuan arte garaikideko geletara sartu aurretik, atean bertan, ezkontzarako soineko batek emango digu ongi etorria. Zuria. Buruan belo eta guztikoa. Ez dauka "kola" luzerik, ez buelta izugarririk. Xumea da, baina polita osoa. Panpina baten antza dauka nahiz eta aurpegirik ez dioten jarri, arropa hutsak baitira manikiak erakusketa honetan.
Euskal Herriko diseinatzaile ezagunenetakoa
Cristobal Balenciaga Getarian jaio zen 1895ean eta Alacanten hil zen 1972an. Ama jostuna zuen, eta 13 urte zituela, Cristobal txikiak Casa Torreseko markesaren soineko bat kopiatu zuen. Azkenean markesak Parisera bidali zuen ikastera, eta goi mailako joskintzaren gaineko gorabeherak ikasi zituen Balenciagak.
1913an zabaldu zuen tailerra Donostian, izan ere, orduan, jende aberats asko joaten zen Donostiara uda igarotzera. Bere diseinuen ezaugarri nagusiak mozketen edertasun geometrikoa eta oihalen ezagutza paregabea dira. Arrakasta handia izan zuen eta Bartzelonan eta Madrilen ere dendak ireki zituen.
1937an nazioartera jauzi egin zuen eta goi mailako joskintza etxea ireki zuen Parisen. 30 urtean izan zen Parisko goi mailako joskintzako erreferenteetakoa. Esaten dute obsesiboki lan egiten zuela perfekzioan oinarritutako emakume ereduaren bila zebilelako.
1968an, pret-a-porter delakoa modan jarri zenean, areto guztiak itxi zituen. Goi mailako joskintza ordezkatu egin zuen nolabait tendentzia berriak.