Garai zaharrak gogoan
Espainiako ejerzitoak badauka bere museoa, berriro ere. 1996ean erabaki zuen Jose Maria Aznarren gobernuak Madrileko El Buen Retiro jauregitik Toledoko Alcazarrera eramatea, eta uste baino sei urte beranduago amaitu dituzte lanak. Ejerzitoaren museoa lekuz aldatuta, Pradoko museoa handitzeko lanak egin ahal izango dira; hori zen behintzat hasierako asmoa.
Espainiako ejerzitoak hainbat gerratan parte hartu du, eta historikoki konkista bat baino gehiago egin izan ditu. Honezkero guztiok dakigu ez dagoela odolik gabeko konkistarik, eta ez dira urte asko pasatu Espainiako Guda Zibiletik hona. Zauri asko oraindik zabalik daude, eta gerran parte hartu zuen jendea bizirik dago oraindik; ez asko, baina bai batzuk.
Gauzak horrela, ze zentzu dauka XXI. mendean 101,4 milioi euro gastatzeak halako museo proiektu batean? Kultura ministerioak jarri du dirurik gehiena gainera. Defentsa ministerioak 25 milioi euro pasatxo baino ez ditu jarri.
1803koa zen ejerzitoaren museo zaharra eta 30.000 pieza baino gehiago eraman behar izan dituzte Toledora. Antonio Izquierdo generala da museoko zuzendaria, eta esan duenez, Division Azul delakoa ez dute ezkutatu askok esan arren. Francok Errusiara bidalitako ejerzitoaren zatiaren 30 objektu omen daude Toledon ikusgai.
Jabea aldatu arren, esanahi berdina
Orain arte lurreko ejerzitoarena izan da ejerzitoaren museoa eta orain gobernuarena izango da. Patronatu bat egin dute eta bertan daude Gaztela Mantxako presidentea eta Toledoko alkatea, besteak beste. Generalari laguntzen berriz, zuzendari teknikoa eta museoan zainketarako kide bat izango dira.
Horrela, badirudi, museoaren jabegoa eta aurpegia garbitu dituztela, baina museoaren barruan dagoenak ordezkatzen duena ordezkatzen du. Hala ere, 700.000 bisitari espero dituzte urtero.
Espainian, borondatezkoa eta profesionala bada ere, ejerzitoa badago oraindik. Museo hau oroimen hutsa balitz hobe, baina oraindik ere oroitu nahi ez genituzkeen gauza askoren erakusle izango da gutako askorentzat. Bejondeiela, beraz, gozatuko dutenei.