Lanbide Heziketa: proiektu eta erreminta berriak

Kontaizu

Lanbide Heziketako II. Jardunaldia egin da Ikastolen Etxean, iragan ekainaren 19an. Lanbide Heziketa ematen duten ikastolek beren berrikuntza pedagogikoak aurkeztu dituzte, eta esperientzien berri eman dute.

Ikastolen Elkarteko Bigarren Hezkuntza alorretik duela bi urtetik lanbide heziketako etapa pedagogikoki dinamizatzeko eta indartzeko abiatutako ekimenaren baitan, sei ikastolak lantzen ari diren beste hainbat egitasmo aurkeztu dituzte.

Hain zuzen ere, Inmakulada, Txorierri, Oteitza, Arizmendi, Ibaizabal eta Harrobia-Ibar Ezkerra ikastoletako sei proiektu aurkeztu dituzte jardunaldi trinkoan zehar.

Immakuladak Erizaintza eta Haur Hezkuntzako ikasleak elkarlanean jarri ditu hezkuntza kooperatiboan eta objektuaren analisian sakontzeko. Ez ahozko komunikazioan oinarritutako proiektu bat da, ondorengo ardatzak kontuan hartuta; helburu komuna, elkar menpekotasun positiboa, bakarkako erantzukizuna eta aurrez aurreko komunikazioa. Proiektuaren arduradunek azaldu duten bezala, erizaintzako ikasleak haur hezkuntzako ikasleen irakasle bihurtu dira.

Ibaizabalek ere haur hezkuntzako goi zikloan abian jarritako egitasmoa aurkeztu du. Diziplinarteko proiektua da, modulu guztiak zeharkatzen dituena: garapen kognitiboa eta motorra, haurren autonomia eta osasuna, garapen sozio-afektiboa, adierazpena eta komunikazioa eta gizarte trebetasunak. Proiektuan ikasitako kontzeptuak eta bereganatutako gaitasunak erabiliz, urtean zehar hiru eginkizun garatu beharko dituzte: 0-6 etaparako ikuskizun bat sortu beharko dute, haurren garapenean gerta litekeen asaldura baten azterketa egin beharko dute eta euskarri informatikoak erabiliz ipuin bilduma bat sortu beharko dute.

Oteitzak, berriz, ikastetxe desberdinen arteko elkarlan proiektu bat aurkeztu du. Bere ikasleek aurreko urtean beste batzuek diseinatutako gailu bat egin behar dute, baina gailu horren piezek balio izan behar dute beste ikastetxe bateko ikasle talde batek, diseinu berean oinarrituta, egin duen gailuarentzat.

Ekintzailetasuna da, bestalde, Arizmendik aurkeztutako proiektua. Ikasleak jarri ditu proiektuak pentsatzen eta garatzen, eta haiek landutakoa irakasleei ez ezik haiek diseinatutako plangintzaren alorreko elkarte eta erakundeei aurkeztu behar diete. Zehazki, enpresa desberdinei, ospitale, psikiatriko, udaletxe, erresidentzi eta teknologia zentroei.

Erreminta desberdinak erabiliz (proiektuak, pbl-ak, simulazioak, objektuaren analisaik...) ziklo batean egindako antolamendua aurkeztu du, berriz, Txorierri ikastolak, eta antolamendu hori erabiliz atera dituzten emaitzen eta ondorioen berri eman du.

Harrobiak, bere aldetik, software libreko euskarazko tresnak biltzen dituen DVDa aurkeztu du. Bildutako edukiak azaltzeaz gainera, ikastoletara banatu dutela azaldu du, eta, era berean, informatikako zikloa promozionatzeko balio izan diela.

 

Kontaizu

2013, Ekaina 26