R.M Azkue Literatur sariak

Kontaizu

letradantzaLiteratur sortzaile gazteak literatur, hizkuntza eta kulturaren munduan sartzera animatzeko helburuarekin, Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak R. Mª Azkue Literatur Sariketarako deialdia egin dute. Lanak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 16an amaituko da.

 

Idazle helduentzat, Txomin Agirre, Toribio Altzaga, Felipe Arrese Beitia eta Mikel Zarate idazleen izenak daramatzaten eleberri, antzerki, olerki eta saio sariak dauden bitartean, euskal idazle gazteei zuzendutako literatur sariketen artean ezagunena da honako sariketa, izan ere, antolatzaileek ondo baino hobeto azpimarratu duten moduan, 'idazle handia izateko, gaztetatik trebatu behar da'. Hori dela eta, sariketa hau aukera bikaina da gazte eta gaztetxuak literaturara hurbiltzeko.

 

Oinarriak, laburrean

 

Sari hauetara euskeraz idatziriko edozein narrazio- edo olerki-lan aurkez daiteke. Sariketa arlo bitan banatzen da: narrazio arloa batetik eta olerki arloa bestetik. Egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik, adin-mailak zehazten du parte-hartzaileen maila. Horrela, 1995, 1996, 1997 eta 1998an jaioak A mailan sartuko dira eta 1991, 1992, 1993 eta 1994an jaioak B mailan. Arlo zein maila bietan, lan originalak eta argitaratu bakoak aurkeztu behar dira eta ez da onartuko beste lanen baten itzulpen edo moldaketarik ezta beste nonbaiten saritutako lanik.

 

Lanen luzeerari dagokionez, narrazio arloan, A mailan, folio bikoak izan beharko dira eta B mailan lau foliokoak. Olerkian, A mailan 15 lerro eta B mailan 30 lerro. Lanarekin batera, sobre edo gutunazal itxi bat bidali beharko da. Azalean, lan mota, lanaren izenburua eta egilearen jaioteguna jarrita eta, barruan, egilearen datu pertsonalak, lagundu dion irakaslearen izena eta ikastetxearen izena. Lanak helbide honetara bidali behar dira: BBK Kultur Gela, Elkano, 20, 48008, Bilbo, Bizkaia.

 

Sariak

 

A zein B mailan eta narrazio zein olerki arloetan, sariak berberak izango dira. Irabazleek 300 euro jasoko dituzte, bigarren postuan sailkatu direnek 240 eta hirugarren egin dutenek 180 euro. Gainera, sariok jasoko dituzten gaztetxoen lanak aurkeztu dituzten irakasleek eta laguntzaileek 60na euroko saria jasoko dute. Epaimahaikoen erabakiak 2009ko otsailaren 28a baino lehen iragarriko dira.

 

Iazko saridun bizkaitarren lanak

 

R. Mº Azkue Sariketaren saridunen lanak liburuxka batean argitaratzen dira eta, honez gero, iazko garaileen lanen liburuxka eskuartean dugu. Bertan, saridun guztien izenak datoz eta, tartean, bizkaitar bi daude: Alaine Agirre Garmendia bermeotarra narrazio arloan eta eta Unai Lires Arrieta ondarrutarra olerki arloan. Agirrek lehenengo saria eskuratu eban B mailan 'Amaiera guztien ostean datorrelako hasiera oro' lanari esker eta Liresek bigarrena, maila berean, 'Heldu da eguna' lanagaz.

 

'Goizero-goizero ogia erosten zuen okindegiko erakus-leihora begiratu zuen Naiak, kasik deskuidoan, ohituraren inertziaz. Eta bere aurpegiaren isla iheskorra ikusi bertan, lotsaren-lotsaz ia gardenki islatua; ogi eta opil freskoaren usain sarkorra gartzelatzen zuen kristal hartan. Kaleko hatsaren lekuko zen leihoanbere aurpegia ikusi bezain laster, ordea, soa aldendu zuen, rimelez eta karminez mozorrotutako isla harengandik urruti'. Horrela hasten da Alaine bermeotarraren istorioa.

 

Unai ondarrutarraren lanaren lehenengo olerkia da jarraian irakurriko duzuena. Bizimodu hobearen bila euren jaioterritik urrun doazen etorkinen istorio latza kontatzen du, hasierako ilusioak Atlantikoan hondoratuta geratzen diren istorioa.

 

Mamadou eta Mohamed erbestera doaz,
Ama lurra atzean utzi eta bizitza hobeago baten bila.
Agurtu dituzte seme-alabak
Agurtu emazteak
Lehenbailehen bueltatuko direla esanez
Baretu dira beraien kezkak.

 

Alaine eta Unai animatu ziren moduan, zuek ere anima zaitezkete idaztera. Oraindik baduzue denpora, seguru buruan istoriotxoren bat bueltaka darabilzuela. Hartu papera eta boligrafoa edota ordenagailua eta hasi idazten!

Kontaizu

2008, Abendua 09
Arloa: Arteder