Zer da, ba, maitasuna?

Kontaizu
maitasuna
Joan zaigu. Bai. Joan zaigu aurtengo Durangoko Azoka. Krisiak, antza, ez dio kalterik egin. Hori diote, behintzat, antolatzaileek. Hainbat eta hainbat liburu eta disko berri erosteko aukera eskaintzen digu urteroko zita horrek eta guk, oraingoan, horietariko bat izango dugu hizpide.

Orain arte, poesian eta gazte literaturan emon ditu bere onenak Miren Agur Meabe lekeitiarrak baina, literatur generoz aldatu eta Zer da, ba, maitasuna? izeneneko eleberria kaleratu zuen azoka baino aste gutxi lehenago. Hala ere, ez da nobela arrunt bat, bere baitan poema-liburu bat baitarama txertaturik. Atal bakoitzaren amaieran, poema bat agertzen da, atal horretan esandakoaren laburpen gisa, oihartzun, zabalpen edo kontraesan gisa.

Eta, esango duzue: nola izan daiteke hori? Liburu bi nobela berean? Ba, bai. Nobela bat dela pentsatu arren, bi direla esan daiteke. Izan ere, 'bi pertsona eskatzen ditu maitasunak, bi sentimentu', eta istorio horiek biak bananduta ageri zaizkigu. Protagonistak Berezi eta Mister X dira: argazkilaritza eta poesia maite dituen neska da Berezi; Mister X, musika-talde batean dabilen mutila. Bakoitzak bere istorioa kontatzen digu, eta irakurleak aukera egin dezake bataren edo bestearen istorioa irakurtzea lehenengo edo biak tartekatuz joatea. Horrelakoa da, hain zuzen ere, liburuaren itxura ere: bi azal ditu, eta bietako edozeinetik has daiteke irakurketa. Gainera, liburuaren erdian ageri da aurkibidea: 28 atal batetik, 28 bestetik. Eta atalon tituluei begiratuz gero, ispilu antzekoa ikusiko dugu eta bi pertsonaiok, aldi berean, batak bestearen berri jakin gabe, amodioaren inguruko hausnarketak egiten dituzte.

'Ahalegindu naiz neskaren eta mutilaren arteko ahotsak desberdintzen, ez tonuan soilik, baita adierazpenaren baliabideetan ere. Izan ere, diferenteak dira biak. Neska malenkoniatsua, ameslaria da, eta halaxe da, baita, bere berba egiteko era, deskriptiboa, egitura paraleloak erabiltzen dituena, hizkera poetiko samarra darabilena. Mutila, berriz, alaiagoa da, urduria, umoretsua, baikorragoa. Horregatik, esaldi laburrak eta kaleko hizkera darabiltza', dio Meabek. Hizkeraren kontrastea beharrezkoa iruditu zaio, 'nortasun biak markatzeko'.

Baina, zer da, ba maitasuna? Galdera horri erantzun nahirik dabiltza liburu osoan bi protagonistak, Berezi eta Mister X. Erantzun sakonagoak, topikoagoak edo orijinalagoak emango dizkiote bakoitzak bere buruari, hala nola, maitasuna gorputzean kilkerrak sentitzea edo erridikulua egitea dela. Kontakizunaren barruan, galdera hori leit-motiv moduan agertzen da behin eta berriz, eta erantzuna ez da bakarra, ezta finkoa. Protagonistek istorioak aurrera egin ahala ondorioztatuko dituzte erantzunak, egoeren eta bizipenen arabera. Biek ala biek ardura bera dute: euren istorioa sekretua da eta horrek ematen die sufrimentua eta buruko mina.

Amodioa ez da gai bakarra

Eremu pribatuko gaiez gain, kezka sozial eta ekologikoak ere agertzen dira Meaberen lehenengo eleberrian. Familia, adiskidetasuna, heriotza eta holakoekin batera, tratu txarrak, gerra, etorkinak eta beste hainbat gai ere jorratzen dira.

Irudiak tartekatuz

Literaturaz harago joan nahi izan du idazle lekeitiarrak bere lehenengo eleberrian eta, horretan, Concetta Probanza artistak, diseinu zaindu baten bitartez, hainbat teknika lantzen dituen marrazkiak erantsi dizkio lanari. 'Kontuan izanik kontaeraren arte-adierazpideek duten pisua, marrazkiek kohesioa ematen diote obrari', azaldu du Meabek.

Kontaizu

2008, Abendua 23
Arloa: Arteder