Izarretarako bidaia
Urteko egun guztiak dira bidaia.
Bidaiak ez dira urteko egun guztietan.
Nork ez dau egin bidaiarik? Nor ez da etorri? Nor ez da joan? Nork ez dau euki bidaian egiteko gogorik? Nork ez dau amets egin bidaiatzeaz? Bidaia.
Bidaia. Zer da bidaia? Itzartuten, jagiten garan bakotxean hasten dogu bidaia. Etxetik urtetea bidaia da, egunkaria erosi eta irakurtea da, irratia entzutean bidaiatu egiten dogu, kafea eskatu eta hartzerakoan, lanean, garraioetan, kalerik kale, mendirik mendi, itsasorik itsaso.
Neguan, udabarrian, udan, udagoienean. Bidaia.
Bidaia da alkarrizketea. Bidaia da esan eta entzutea, hasarratzea, irribarre egitea, maitemintzea. Bidaia.
Bizitza bidaia da.
Bidaia beti izan da. Izatea bidaia da. Bidaia beti izango da. Bidaia.
Guk geuk geure bidaia egingo dogu. Hau da gure bidaia.
Gaua
Gautu dau
Etorri da haizea
Bitarteka dabil gaur be
Zozo batek sentidu dau
Ez dagoz arbola berean
Ondokoak be sentidu dau
Gaua
Gau ilunekoak. Joseba Sarrionaindia.
«Hau, kontatuko dudan guzti hau, lurralde urrun eta zuentzat ezezagunean gertatu zen, beste planeta batean» esanez hasten da liburu baltz eta zuria.
Kontaketa fantastikoa, argi bako planeta batetik alde egin eta Baionako portuko almazenetan harrapatuta gelditu dan izaki baten gorabeherei buruzkoa. «Kaxak atontzen beharrean nenbilela, bitxo arraro bat ikusi nuen, pikupasen antzeko begiak dituena», dino liburuan «inmigrante ilegala» aurkitu dauen beharginak. Epailearen aurrera eroanda, nondik datorren kontatuko dau izaki bereziak, eta hor ezagutuko da beti ilunpean bizi dan planetearen istorioa.
Urruneko planeta iluneko izakiaren istorioa da ipuina, kontakizun irudimentsu, garbi eta xumea, gazteenek be gozatuko dabena.
Zer pentsatu emoten dauen idazlana, eta era berean lilurarako bidea biztu leikena: Argi zatiak ilunean, gaupean.
Ispilu jokoa be bada, Irakurketa politikorako bidea be emon leike, Sarrionaindia poeta eta Sarrionaindia ipuingilea buztartzen dituan testuak. Alegoria filosofikotzat hartu leiteke, interpretazino askokoa, hainbat arlotara zabalik: erlijiosoa, politikoa...
Edizinoa oso da landua. Testuakaz bat egiten daben izarretako Maite Gurrutxagaren irudiak daukaz orrialdeetan.
Nik neuk behin eta barriro irakurri dot, dastatu, ikutu, bidaiatu...
Bidaiak ez dira urteko egun guztietan.
Urteko egun guztiak dira bidaia.