Arbolarteko letrak

Udane Goikoetxea

Arboladi bakartia da gaur

Gehienetan parke jentetsua

Arboladi bakartia da gaur

09-03-31

Idazteko asko eta zer idatzi jakin ez, zelan idatzi ezin deskubritu.
Egia izango da ba, boligrafoa esku artean darabildanean burutik eskurako distantzia mendigoizaleak behin han, beste gizaki guztiakanako edo eta guztiakandik sentitu ei dauan distantzia urrun hurbilaren bestekoa dala...

Oraingoan liburua dakargu. Zeozer, ez edozer.

Bikain darabil distantziaren kontua gaurko gonbidatuak:

 

Nora ez dakizun hori

Irati Jimenez

Lehenengo pasartea

Hiru hegaldi, hogeitik gora ordu laino guztien gainetik. Loiuko aireportuaren hegopera iritsi eta eskuko telefonoa pizterakoan, hantxe lehenengo deia. Elias. Ahots sendo trumoitsua eta galdera, zer umea, bagaude etxean? Irribarreari ezin eutsiz erantzun diot, bai, jauna. Hogeita hamarretik gora urte ditut baina entzun umea eta etxean nago, dudarik gabe. Eliasek barre, nekatuta ala? eta nik egia, jakina, agureari gezurrik esaten ez dudalako ikasi, ezta ikasiko ere. Errementata nator, txo. Txikitako bizkaiera galduari eusten, badakidalako hirugarrenez barrea eragingo diodala eta barre horrek taxian Radio Euskadi entzuten duen taxistak baino konpainia hobea egingo didala. Erretako begirada dauka taxistak, asper errea, ia-ia haserrea.

...

 


 

"Nobela osoan jarri dut asko nire baitatik, irratiaren kontuan ere bai. Baina irratian lan egin baino lehen ere idatzi nuen ipuinik irratiari buruz. Beti izan dut paisaia literario edertzat. Berben lilura huts-hutsa baita irratia eta ni berbekin egon naiz beti maiteminduta."

Idazle gazteentzako Igartza bekan akzesita lortu eta haren laguntzinoagaz plazaratu dau Irati Jimenezek bere lehen nobela luzea, idazkera eder eta sendoz fikzinoaren magia berreskuratzen dauena, maiteminduen ipuinak eta ipuinakaz maitemintzea.

Batetik Martin dago, urteetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora bueltau dana, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hor non ikusten dauen, hainbat uritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dala beti, erdi ostenduta. Bestetik Nora, irratian gaua bere ahots eztiaz janzten dauena, baina hainbat sekretu gordeten dira haren etxean, gaziak eta gozoak.

Irakurleak maitasun ezinezkoak eta kasualidade jazogatxak topauko ditu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten daben aingeruak, ama hil ostean jaiotako umeak, magoak, bidaiak, ipuinak... Pasinoz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, galarazotako amodioek legez itxi ezinezko sorginkeriaz atrapauko.

Irati Jimenez Uriarte Mundaka eta Bermeo artean jaio zan, 1977an, Barakaldo eta Algorta artean bizi izan da azken urteotan. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi eban eta kazetaritzan dihardu, mikrofono aurrean lehen, paperean orain. Orain arte liburu bi plazan: Malcolm X umeentzako biografia eta Bat, bi, Manchester elaberri laburra, Augustin Zubikarai saria irabazi ebana.

 

 

 

 

Udane Goikoetxea

2009, Martxoa 31
Arloa: Arteder