Umorez gatoz

Udane Goikoetxea Bilbao

Euskaldunaren Anekdotak II
letra_09_04_02

Mendebalde Kultura Alkartea, Ateka Aztergaiak V

Juan Luis Goikoetxea Arrieta idazlea da, euskaltzain urgazlea, pedagogian doktorea, institutuko katedraduna, Adorez lantaldeko hiztegigilea, Mendebalde Kultura Alkarteko kidea.

Era honetako berbak idazten ditu sarreran:

Hemen gatoz
kontu kontari,
guzur eta egi,
sur eta begi,
ondo-ondoan dira,
baina guzurra guzur
eta egia egi;
surra eta begia,
guzurra eta egia
ikutzen ia.

 

 

 

Geure irakurleari lehenengo liburuan esaten geuntsanez, anekdotak ez dira ipuinak, pasadizoak dira, benetan gertatuak, izanak eta esanak, horixe dira anekdotak.

Bigarren liburu honetan be egia diran anekdotak kontauko ditugu, beti be Ramon Arkarazok dinoanari jaramon eginik: ‘Egixa bi dazak: egixa eta egixa santua. Egixa dok beste batek kontatzen dauena; egixa santua, ostera, heuk ikusi doana'.

Moltzo bitan banatuta dagoz liburu honetako pasadizoak. Batean, corpus nagusia doa, 91 anekdotek osotzen dabena; bestean, Aita Luis Villasanteren Historia de la literatura vasca liburu aristokratikotik hartuko 31 pasarte labur, tartekaturik doazenak, bizkaieraren lurrak ez eze Euskal Herri zabalekoak be aitatzen deuskuezenak.

 

Eneko Barrutiak, Mendebalde Kultura Alkarteko zuzendariak, hauxe idazten dau berbaurrean: Liburu asko gomendatuta irakurten diralakoa daukat, Olentzerok edo erregeak ekarrita, lagunak esanda: ‘leiduizu hau, asko gustauko jatzu'. Nik liburu hau irakurteko gomendatuten dot. Irakurgai politak diralako, laburrak, umoretsuak, atseginak. Eta euskera ona, jatorra eta aberatsa dabelako, gitxitan ikusten dan lakoa.

 

Hementxe anekdota bat...


 

UMEAK NAGUSI

Badakigu ahuntzak bizarra daukana, igon be edonora egiten dauana; ez dakiguna da konozimenturik daukan, ez dalako joaten ez eskolara, ezta dotrinara bere.
Bitzuetara joaten diranak umeak dira, eta behin joan ezkero, gorabeherarik nekez faltako da. Horren barri ederto dakie nagusiek, maisu maistrek nahiz abade monjek.
Arrieta Sollubepekora maistrea Doña Ruperta Madrilekoa heldu da. Daukana ekarri dau, zeozer faltan, euskerarik arean be ez daki-eta; eta zeozer sobran, harrokeriaz puztuta etorri dalako. Berak asko dakiala uste dau. Neska-mutil ikaratuei ia egunero ipintzen deutse matematikan problema bera:
- Zuen Sollube mendi hori, handia dala dinozuen hori, zenbat zaranetan sartuko zeunkie?
Neska-mutilak mutu.
Hurrengo egunean, buruketa bera: Ea zenbat zarankadatan edo otzaratan sartuko leukien Sollube mendia.
Holantxe egunero-egunero, satorraren joa baino zitalago, harik eta egun zorioneko baten, kokoteko zuloraino egoan Edurne kolore gorriak erantzun eutsan arte:
- Zenbat zaranetan sartuko geunken Sollube mendia? Handi handia bada zarana, bakarrean!
Maistra harroputz horrek ez eban barriro aitatu ez Solluberik, ezta zaranik.
Eskolan legez, dotrinan be zelan diran ume gorriak inoz nagusi, Don Isidoro Gatikekok ekian ederto baten. Katezismoa emoten eutsen astean behin neskato-mutikoei eleiz ondoko etxean. Inoan egunetariko baten -Birleko umeak be tartean dirala- Jaungoikoa holakoa eta halakoa dala, leku guztietan egoten dala.
Hori entzunkeran, begi-belarriak adi egozan umeok itaunak egiten hasi ziran bata bestearen atzean:
- Gure etxeko suetean be badago Jaungoikoa?
- Bai! -abade jaunak.
- Gure baserriko portalean be bai?
- Baita -Don Isidorok.
Halako baten, Birleko ume zuhur batek, Olondok, dinotso Katikako abade honi:
- Eta gure etxeko laban be badago Jaungoikoa?
- Bai, hantxe bere bai!
Eta orduan Olondo mutiltxuak:
Guzurra jauna, ze gure etxean ez dago labarik!
Harrezkero, ume bardingo hareentzat abadeak guzurrak esaten zituan.
Umeak batzuetan ahuntz bizardunak baino gorago igoten deutsie norberari bere. Eurak nagusi!

 

 

Euskaldunaren Anekdotak liburua eta CDa ezagutu gura izan ezkero, jakin irakurle, hitzordua ipinita dagoala

Maiatzaren 14an izango da Lezamako Uribarri Topalekuan, arratsaldeko 8etan. Gonbidatuta zagoz!

 

 

Udane Goikoetxea Bilbao

2009, Apirila 30
Arloa: Arteder