Atlantikoa zeharkatuz
Maiatz lore, lore ta lore
Maiatz luzeak, belarrak jan
Maiatz pardo, ogi ta ardo
Bai, Gotzon Garatetaz gogoratu naiz. Bere atsotitzak dira.
Baina kontua zera da, New York New York nobelea oparitu deustie.
Gotzon Garate josulagun eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologia ikasketak sortu zituenak, omenaldia jaso dau. Hainbeste maite eban hiriko istorioez 1988an idatzitako liburua barriro argitaratu da.
1934an Elgoibarren jaiotako euskaltzalea igaz zendu zan eta orain, Elkar argitaletxeak ekarri deusku gogora. Gaur, geuk dakargu.
Zergaitik aukeratu eban Gotzonek NY nobelarako? Berrargitalpenaren hitzaurrea idatzi dauan Juanra Madariagak gogoratutako moduan, New Yorken udako bi hilabete egin ohi zituen, urtero, Hispanos kristau komunitatean. Han gertatutako kontuak dira nobelearen ardatz.
Liburua deskatalogatzeko bidean egoala gaineratzen dau Elkar argitaletxeko editoreak, Xabier Mendiguren Elizegik.
Liburuan irakurri leitekezan kontu guztiak lau berbatan dakarguz oraingoan, loreen hilabetean, irakurle barriak loratuko diralakoan.
New York, New York: geure zibilizazinoaren hiriburu globala, inperioaren gunea, ametsen hiria, munduan dan herririk harrigarrienetakoa. Gotzonek inoan moduan, beste edonon aurkitzen diren alderdi on eta txarrak eriden leitekezbertan, neurri handi, ikaragarri, miresgarritan.
Munduko bost hegaletatik heldu diren kulturak, askazi guztietako jendea, hamaika bizimodu bitxi alkartzen dira New Yorkeko kaleetan; hilketak, droga, gangsterismoa, bortxakeria, bai eta jente bihotz-zabal eta jatorra be.
Kirmen Uribek be oraintsu plazaratu dauka New York be eszenatoki daukan elabarria. Bilbao-NY-Bilbao
Hortik hurrengo kanta hau.
Mikel Urdangarinen musikea eta Kirmen Uriberen letra, amaitzeko.
Begira, sartu da maiatza,
Zabaldu du bere betazal urdina portuan.
Erdu, aspaldian ez dut zure berri izan,
Ikarati zabiltza, ito ditugun katakumeak bezala.
Erdu eta egingo dugu berba betiko kontuez,
Atsegin izatearen balioaz,
Zalantzekin moldatu beharraz,
Barruan ditugun zuloak nola bete.
Erdu, sentitu goiza aurpegian,
Goibel gaudenean dena irizten zaigu ospel,
Adoretsu gaudenean, atzera, papurtu egiten da mundua.
Denok gordetzen dugu betiko besteren alde ezkutu bat,
Dela sekretua, dela akatsa, dela keinua.
Erdu eta larrutuko ditugu irabazleak,
Zubitik jauzi egin geure buruaz barre.
Isilik begiratuko diegu portuko garabiei,
Elkarrekin isilik egotea baita
adiskidetasunaren frogarik behinena.
Erdu nirekin, herriz aldatu nahi dut,
Nire gorputz hau albo batera utzi
Eta maskor batean zurekin sartu,
Gure txikitasunarekin, mangolinoak bezala.
Erdu, zure zain nago,
Duela urtebete etendako istorioa jarraituko dugu,
Ibai ondoko urki zuriek uztai bat gehiago ez balute bezala.