Ipuin izugarriak
Aspaldi irakurritakoak udarako
Ipuin izugarriak. Elkar.
Zazpi euskal idazlek 90eko hamarkadan idatzitako narrazino laburrak jaso ditu Elkar argitaletxeak 'Ipuin izugarriak' antologian.
Begoña Bilbao, Zorion Zamakola, Txiliku, Luis Fernandez, Ana Isabel Morales, Julen Gabiria eta Harkaitz Cano dira ipuinen egileak. Ipuin izugarriak da Xabier Mendiguren Elizegik prestatu dauan ipuin bildumearen izenburua.
Neguan negua dalako, udan uda dalako.
Uda batez irakurri neban liburua da zeuenganatu gura dodana. Neguan erregalatu eustan gure aitak. Udan irakurri neban. Txatalka. Gaur ipuin bat, bihar bat be ez, etzi bi...eta holan liburu ederra osotu arte. Ez da zertan egunero irakurri, ez da zertan pertonaia bakotxaren rola gogoratu. Banaka edo danak batera irakurri leikez. Asko lagundu eustan horrek. Oporretan nengoan eta egun askotan ez neban egunkaria bera be irakurten. Merezi daun liburua da. Ia bat gatozen!
90eko hamarkadan Euskal Herriko literatur produkzioak bide bazterrean lagatako zenbait kontakizun dagoz orrialdeotan, Ipuin Izugarriak izenburupean. Era batera edo bestera, bidurra gai nagusi daben ipuinak dira, baina ez dira terrorezko kontakizunak, sabelean lurrikara txikerra eragiten daben zazpi kontaketa labur baizik.
Lehenengo ipuina, "Isutariko ura ez da batzen", Begoña Bilbaok (Bermeo, 1932) idatzi eban. Bere jaioterrian girotuta dago, eta mendez mende transmititutako sinesmenak azaltzen ditu.
Zorion Zamakolak (Ermua, 1965) "Ez dut biharko egunik ikusiko" ipuinagatik Gabriel Aresti saria irabazi eban 1993an. 36ko gerran gertatzen da istorio nagusia, baina kontakizunak badauka denbora irreal eta mitiko bat be. 36ko gerrak milaka euskaldunen oroimenean zizelkaturik itxiitako bildurra somatzen da.
Txiliku (Zarautz, 1951) "Etxerako bidea" ipuinaren egilea da. Hor ere 36ko gerra agertzen da, baina oso era desbardinean. Ha bizi izandako aitite-amamek kontatutakoa aitatzera mugatu da.
"Kontaktua" da Luis Fernandezek (Eibar, 1966) idatzitako testuaren izenburua. Umore ikutua dauka, eta euskal gatazkaren gaia jorratzen dau egileak. Ipuin politikoa be bada.
Ana Moralesen (Bilbo, 1969) "Adibidez" ipuina fantasiaren eremutik abiatu eta giro itogarri eta kafkiar batan sartzen da. Genero fantastikoa da.
Julen Gabiriak (Galdakao, 1951), barriz, orain arte inon argitaratu gabeko "FOAF tale" ipuina idatzi dau. Hirietako elezaharrak jorratzen ditu egileak. Bildurra da gaia; bildur modernoa eta betiko bildurra.
Amaitzeko, Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) izenburu luzeko ipuina dakar. ‘Napartheid' fantzineak eskatu eutson gauza nazkagarria idazteko. Pentsatu eban -bere berbetan- nazkatzen gaituen gauzen artean bildurgarrienak gugandik oso hur dagozanak direla.