Mikel Zarate saria
Gaueko hamabiak dira telebisioko erlojuan.
Gabonzahar eguna da ta, bestetan ez lako erlojua ikusten da: Madrilgo Eguzkiaren Ateko erlojua.
-«...y suenan ya, señoras y señores, las doce campanadas del reloj de la Puerta del Sol de Madrid...».
Eguzkiaren Ate aurrean, mila eguzkitxoren argitan, gizatalde ikaragarria ageri da. Goraka, txaloka, dantzan, kantuka..., jolasean ari dira.
Nire herrian ere, Ekidazun, aupadaka, dantzan eta kantuka ari dira, jaioparri dagoen urteari agurka.
Kantuka dabiltza ekidazuarrak, eta oraingo haurtxoen abesti berriak kantatzen dituzte, telebisioan ikasitako abesti berriak.
«Juventud, alegría,
con el champán Hordía».
«Ropas interiores Gerripe,
en Confecciones Felipe».
«Mantas Logura:
iQue hermosura!».
«Flan Goso:
iDelicioso!».
Bost minutu daramatzite horretan. Izan ere, bost minutu lehenago jaiotzen da urte berria Ekidazun. Lanera, trenera, elizara, jolasera..., edonora garaiz heltzeko, bost minutu aurreago ibiltzen dira hemengo erlojurik gehienak. Nirea ez, ez bai dut erlojurik. Erlojua? Zertarako? Ekidazuko argiaren argitan eta ilunaren ilunetan bizi naiz ni, izadiaren erloju uts-ezinaren argitan era ilunetan.
Oraingoan Haurgintza minetan testua dakargu. Mikel Zarateren lan nagusien artekoa.
Idazle eta irakurleok, Lezamako udalak eta Elkar argitaletxeak idazteko edo irakurteko aukerea dakarskue.
Mikel Zarate lehenengo saria aurkeztu dabe Lezamako udalak eta Elkar argitaletxeak.
Mikel Zarate abade, idazle eta ekintzailearen omenez datorren literatur lehiaketea da lezamako udalak eta elkarrek alkarlanean plazaratu dabena.
Umeentzako literaturea sortzea da helburu bat. Bestea, Zarate omentzea.
Testuak 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako dira,, euskaraz sortuak. Gitxienez 10 orrialdekoak eta gehienez 50. Hiru ale bidali behar dira Lezamako udalera norbere izena agertu barik.
Epea datorren urteko martiaren bata. Epaimahaiak apirilaren 15ean emongo dau epaiaren barri. Epaimahaikidea: Leire Bilbao, Julen Gabiria eta Xabier Mendiguren.
MIKEL ZARATE (1933-1979)
Lezamako Lejarre baserrian jaio eta, berak inoanez, «Bizkaian eta bizkaierazko giroan hazi» zan Mikel Zarate idazlea. Aparejadore-ikasketak egin ostean abadetu zan eta Deustuko Unibertsidadean Filosofia eta Letretan lizentziatu zan; Derioko eskolako eta Bilboko Hizkuntz Eskola Ofizialeko euskara-irakaslea zan.
Derioko Seminarioan ekin eutsan prosa idazteari, 1970ean. Orduan hasi zan bere nobela bakarra "Haurgintza minetan" (1972an Txomin Agirre Sariaren irabazlea) eta "Ipuin antzeko alegia mingotsak" ipuin-bilduma mamintzen. Baina ez zan prosa landutako alor bakarra. Poesia liburu bi itxi zituen Mikel Zaratek: "Higidura berdez" eta "Bizipenen bultzadaz". "Bilbo Irrifarrez" eta "Utopiaren fantasiaz" hil osteko argitalpenak dira.