Tatuaia bat ene begietan

Udane Goikoetxea Bilbao

TXILI LAUZIRIKA

SUSA POESIA. 2008

DENBORA IRRISTATZEN DEN LEKUETAN

Aipatu ditugu, laztana,
jainkoak eta haien presentzia,
gutunen erromantikotasuna eta
kartazalen barnean
senti dezaketen klaustrofobia,
amodioaren lotsa eta deribatuak,
ispiluak eta hauen bestaldeak,
amilondoa eta bere ertzak,
gaua eta bertako eguzki guztiak,
gizakia eta dagozkion hutsuneak
osotasunez jantziak.
Aipatu ditugu
zure ezpainak eta haien isilune bustiak
ene ametsetatik eskegiak,
izakia eta sentitzen duen bakardadea,
gure arima eta bertan goldaturiko
zimur, desertu eta paradisuak.
Hitz egin dugu, laztana,
denbora irristatzen den lekuetan
elkarri ezer esan gabe askotan.
Hitz egin dugu
izara artean
elkarren gertu izatekotan.

Tabernetan, kalean, fabrikan, hondartzan, etxean, portuan eta beste hainbat lekutan idatzi eta idazten ditu poemak Txili Lauzirika idazle lekeitiarrak.

Artean, Putz aldizkarian argitaratu ditu, besteak beste. Horrez gainera musikatuta be entzun ditugu bere letrak: Etsaiak, Parasma, Txapelpunk, Uek....Eta 2003an irakurri genduan Apokaliftin Kultur Elkartearen eskutik, Euriaren mailukadak poema liburua.

Orain, Susa argitaletxeak Tatuaia bat ene begietan liburuan jaso ditu poema batzuk.

Liburuak azalean hiru zuhaitz daukaz, eta barrualdean ardatz bi; gatazka eta maitasuna. Edo maitasuna eta gatazka.

Dino autoreak:

«Nik poemak datozan moduan idazten ditut. Ideia edo, esan dagigun, olerkiaren arnasa ataraten ahalegintzen naiz».

«Nik literatura bizipen modura hartzen dot, ez dot literatura ikasi. Ez dot uste poemak guk idazten ditugunik, poemek bizi gaitue».

«Poemak entzun egiten dira irakurri ahala, poesia paperean harrapatuta ez dagoen lekuetatik helduko balitzaz lez».

Gorka Arreseren, editorearen arabera, poesia bizi-bizirik dagoan lekuetatik dator Lauzirika, eta liburuan «preso» geratzen dala begitantzen jako, nahiz eta «liburuetan be egon behar dauan», irakurlea bere egiteko momentua noiz helduko jaken zain.

Amodioa eta gatazka dira liburuko gai nagusi. Baina badago askoz gehiago.

Bigarren pertsonan idatzitako poemak dira asko, zu bati zuzendutakoak, eta bestetik, halanko imaginario fantastiko-mitologiko bat: Transilvaniako beleak, Alice, Andromeda....
Autoreak azaldutakoaren arabera, maien hizkuntzan zu adierazteko ez darabile zu hitza, nire beste ni dinoe.
Bizitzan zehar egindako irakurketek irakatsi deutsenez, literaturan be holango zerbait gertatzen dala uste dau: «Poema bat idatzi eta hamalau naizela pentsatzen dot. Badira liburuan pare bat poema beste izen bategaz sinatuak, beste ni horren erakusle.

Badago beste hari bat be: denboraren hausnarketea, erlojuaren eta bertako orratzen bidez iradokiz.

Beste poema batzuk kanta itxurea eduki leikie, edo anaforena.

ESNATZEAN
goizean esnatzean
izarak bezala
tolesturez beteak daude
gure ametsak

Autoreagaz alkarrizketan

Sarrera

Zelan liburu bi honeekaz?
Ondo. Primeran. Apur bat harritua ere bai berauek argitaratzea posible izateaz eta oso gustora egindako lanaz. Batez ere, urteetan zehar pribatuan leitu izan nautenentzat aukera hau zabaltzea posible izan delako. Oso gustora egia esan.

 


 

Batez be azkenagaz?
Salto haundia izan da lehenengo liburua gehiago zirudien lagunarteko eremu batera zuzenduriko zerbait. Baina, tatuaia Susarekin argitaratzea eta horrek euskal herrian poesiari dagokioez suposatzen duen oihartzun eta plazaratzea kontutan izan da, esan behar hasieran urduri ere sentitu izan nintzela. Nire ohiko eremuetatik plaza haundira igarotzea bezala sentitu bait nuen. Hots, kale izkinatik plaza erdian guztien agerian geratzea. Oharkabean igaro den liburua izan daitekeen arren gustora nago jasotako kritika, harrera eta iritziekin. Uste nituenak baino gozoagoak izan baitira eta asko poztu naiz urteetan idatzitako olerkiak nolabait proturatzen ikustean. Ohiko kai eta kale kantoietatik landa neurri haundi batean ere. Inoiz usteko ez nituen eremuetaraino ailegatu dira hainbat eta gustora nago jendeari nolabait zerbaiterako balio izan badie berauen irakurketak. Nik olerkia bizipena bezala sentitzen eta bizi dudala esan nezake; askok babutzat hartu naute adierazpenok luzatzean. olerkari baino gehio koblakari gisa aritu naiz urteetan eta ez naiz poeta jantzia deritzotenetakoa. Nerau eta neronen inguruko testigantzen lekuko izatera mugatu izan naiz askotan eta besteetan bizitzari lerroarte bat eskeini izan diot bere doinuaren eskertzat. baina berriz diot hainbatek babu edo handiustetzat hartuko naute asmo hoietan aritzearren baina... zer egingo dugu ba. Ez gara denentzako santu ere izango eta koloreetaz nazkatzen den jendea ere badago mundu honetan.

 

 

Zelan buztartzen dozuz zeure ogibidea eta idaztea? Idazten badozu.
Euskara irakaslea naiz AEKn baina hainbat ofiziotan ibilia ere banaiz eta guztietatik jaso dut zerbait eta gehienetan paperetan jarri izan dut berau. Lantegian paper eta kartoi izkinetan idazten nituen oinak edo olerkietarako lerroak; gerora etxeko garajean 3 solairu lur azpian lantzen nituenak. Lehen aipatu bezala, ahal bezala eta ez beti ere modu jaso eta egokienean. Nolanahi eta alamoduz gehienetan. Baina, gustora. Horrek errepikan eta muga konkretu batzuetan sartzen baninduen ere gustora burutzen nuen lanketa bat izan da urteetan zehar. beti ere desorduetan eta loari orduak kenduaz. Egokiena ez dela dakidan arren. Uztartu beharrekoa ikusten dudana zera da, idazle izaten ikastea. Lanketa horrek eskatzen duen dedikazio eta diziplina zuzentzea horretara. Eta ez ibiltzea inspirazioak noiz eta non deitu ahala paperetan idatzitako lehen zirriborroak olerki definitibotzat jotzen. Hori izan da hein handi batean tatuai plazaratzeko lanetatik jaso dudan eskarmetu edo lezio nagusienetakoa. Hau da, liburuaren gorpuztea, olerkiaren lanketa edo orraztea eta gauzak zehaztea, paperetan jasotzea azken batean, olerkia. Ni neu gehiago izan naiz emanaldi eta irakurraldietan aritu izan den koblakari bat liburuak kaleratzen zituenetakoa baino. Hitza hortzean jaioa dela uste dut eta ez begietan irakurria izateko. Naiz eta hori ere berari dagokion plaza bat dugun. Uste baitut horrek bizitasuna eta indarra kentzen diola hein handi batean adierazi nahi denari, olerki deritzogun sentimenduen islaketa hoiei. Bizitzak zizelatzen dituen lerroarteei.

Izenburua

Zer dala eta tatuaia bat ene begietan?
Olerki baten gaia eta izenburua zen hasiera batean. Gerora ohartu ginen liburuaren izenbururako egokia izan zitekeela; hasiera batean beste izenburu batzuk nitue gogoan baina argitateletxetik esan zidaten izenburu horiek lehendik argitaratuak zeuden zenbait libururen izenburuekin antzekotasun gehiegi izatean zalantza sortu zezakeela. Eta egokia iruditu zitzaigun olerki hori eta lerro hori hain zuzen liburua izendatzeko. Ez da zerbait aurretiaz, berez eat apropio pentsatua izendatzeko, baizik egokiena. Liburua osotasunean hartuta egokiena, liburuaren tematika eta izatea ondoen islatzen duen tesia zela ohartu ginen. Hasierako ideiei ere gailenduz hein handi batean. Ezen beti izaten bait dugu asmo bat, gerora garatu ahala bizitza eta bide propioa izan dezakeena guk uste ez genituen bazterretatik eraman gaitzakeena. Lehenego ezuste eta sorpresa bidaia maitagarri bihur dezakeena. Tatuaiaren ideia ere literaturan lar erabilia dela aitatu izan dute zenbaitek. Dena dela, aipatu dezadan tatuaiaren zentzu hau ez doala beraiek uste duten bideetatik, ene iritziz. Bizitzak gure baitan zizelatzen dituen pertsona, gertaera, une eta abarrez gain badirelako ikusi ezin diren orbanak, jendearen begiradetan berauen arimen isla direnak. eta berauetan erreparatu gabe atzean diren tragedia eta paradisuak oharkabean pasatu daitezke geure begien aurretik eta hori tamalez bizi dugun egunerokotasunean gaur bai eta bihar ere gertatzen den zerbait dugu. jendeartean uneorokotasunean elkarrentzako erabateko ezezagunak gertatzen bait gara hein handi batean. Naiz eta uste izaten dugun ondokoaren nondik norakoen berri badugula eta nolabait katalogatu ditzakegula geure urkoak. Eta, orohar ez dugu gure burua ere ezagutzen.

Zer da liburua hau zeure ibilbidean?
Kaiera bat dela esan nezake baina nire bizitzaren bitakora bat baino gehiago ingurumari bat bizitzea tokatu zautanaren aipu bat dela esan nezake. Hor ageri diren ulises, minotauro, lubaki eta enparauak hein handi batean aunitz maite ditudanen izaiteak eta berauen nondik norakoak dira. Norbanakoak bizi izaten duena, maite dutenek bizi, pairatu eta sufritzen dutenaren antzean. Bizitzea tokatu eta suertatu zaigun herri honen arnasa, bihotz bulkada, begirada lainotua, goizalba edota leihoetako lausoaren ostean lilietan eskegitzen den ihintzaren oihu edota deiadar ixila dela besterik gabe. Nik zer esan dezaket ba, hainbeste gizon emakumek uneoro berauen bizitzaz egitazko olerki eta koblak izkiriatzen dituztenean zorionez edota zoritxarrez bizitzea tokatu zaigun mundu eder bezain gatazkatsu honetan. Kontuan izan gatazkak ez dituela munduak berak sortzen guk geuk berarekiko hartu emanean baizik.

Zeri erantzuten deutso?
Irrika bati. Euriaren mailukadak kaleratu genuenean oihu egin nahi bati erantzun genion. Ixilarazi nahi dutenak egiten duen garraxiari, azkena tamalez, liburua putzek argitara eman zuen azkenetako asmoa izan baizen. Aukera eman zidana plazaratzeko ene poesia eta apokalifting kultur elkarteak buruturiko mendeku goxo eta ttipi baten antzera kaleratu zen; Azken hitza esan behar badugu aldarri edota oihu gisa izan dadila. Bukatu behar badugu izan dadila estiloarekin. Eta hori eskertzekoa da. Nolabait Putzen azken hatsak arnasa eman zion Euriaren mailukadak olerki bildumatxoari. Tatuaia bat ene begietan ostera, kaxoian, patrikan edo golkoan gelditu ziren hainbat eta hainbat olerki dira, orduan argitaratzerik izan ez genituenak gehienak. Eta horrek nolabait zor bat suposatzen zidan ene buruarekiko eta maite ditudanekiko hein handi batean. Naiz eta maitasuna mundu honetan oso gauza eroa izan garai hauetan eta besteetan. Idazle, olerkari edo asaber zer ote nintzen galdetzen nion ene buruari hainbatetan. Barregarria gertatzen zitzaidan eta zait, jendeak kaletik olerkari esatea, ni lekuko lanetan zeuek bezelaxe munduaren gainean dagoen beste gizaseme hutsal bat besterik ez naizenean. Eta galdera hori golkoan, Susakoengana hurbildu nintzen, eskuartean nerabiltzanak hainbeste denboran olerkiak ote ziran itaunduz. Beraiek hauspotu zidaten liburua plazaratzeko asmoa eta plazerra gerora. Ezen hautsak arrotzeaz gain paparra ere hauspotzen dugu. Geure hitzak, azken batean bizitzak emanak eta guk guretzat hartuak dira, geure harrokerian, plazaratuak ikustean. Hori narzisismo puntu bat da. Puntua baino gehiago handiustea. Baina, pekatari sortu ginen guztiok mundura geure kulpetaz ohartu eta berauek garbitzeko. Horretan bada, zerbaiterako zerbitzen badute hitz eta lerrook bejondeiala; norbaiti zerbaitetan bihotz onez eta gogo garbiz balio badiote berauek. Asmo txarrez jantziegiak baitaude bazterrak eta gehiago nahasteak ez luke ezertarako balioko. Naiz eta kostata ulertzen hasia naizen zerbait den berau izan ere. Olerki asko amorruz idatziak baitaude ohartu gabe amorruak atzean izkutaturik izaten duen min eta zauriez. Azaleratu eta sendatu beharrekoak berauek. Mundu maite honen gainean goldaturiko izugarrikeria guztiak legez. Izaki guztion artekoak ere berdin konpondu, lasaitu, sendatu eta bideratu behar ditugularik.

Zeure poesia ibilbidean, bigarrena izanik, osatzen dau ibilbiderik?
Bataren segidan dator bigarrena. Elkarren seme eta alaba izaten dira gurasoak harro izaten dira berauetaz baina, bizitza propioa izaten dute eta aske hegal egiten utzi behar izaten zaie. Bestelakoz, samina, herra eta ezinikusiak ere gertutik jarraika izaten dira. Aipatu beharrekoak sentitzen izan ditudan gauzatzat ditut hitzok orohar, norbaiti edo zenbaiti aurrez ezin esanik paperetan bilduak gehienak. Agian jarraituko dut esan nahi ditudanak aurrez esaten edota paperetan biltzen. Hori ibilbideak, hau da bizitzak erabakitzen duen zerbait da. Seguruenik idatzita etorriko dira beste hainbeste, segururenik ere antzaldatuak etorriko, itzuliko dira berauen bidaietatik bestelako aipu eta pasarteak lehorreratuko dituzte eta bestelako usainez estaliko dituzte bazterrak; oraingoz ikusteko dago. Eta hobe horrela izatea. Hautsak harrotzea izaten baita olerkiak aukeratzen ibiltzea askotan. Beharbada hurrena esan beharrekoak ekarzera hasi eta bukatu etorriko da dagozkion lekuan jarriz lerro, hitz eta berauei dagozkien lerroarteak. Bihotzaren zirrikituetan gordetzen diren infernu eta paradisu guztien antzera.

Funtsa eta forma

Gai nagusi bi: amodioa eta gatazka.
Bizitzaren argi-ilunak laburbiltzeko egokiena iruditu izan zait. Orain eta hemen bizitzea tokatu zaigun unibertso hau laburbiltzen du modu zehatz batean. Baina, guztiaren atzean dagoen osotasuna ezin dugu inoiz ahantzi. Geure jatorrira itzuli behar dugu eta behin ibilbidea burututa etxera itzuli, sorlekura, bater funtsera. Txanpona txanpon da. Uste dugu aurpegi bi baino ez dituela eta bata edo bestea aukeratu behar dugula. Eta hor nahasi, galdu eta erronkan aritzen gara. Geure izatea ahantzi eta txanpona txanpon dela eta munduan paradisu edota infernua izan daitezkeela, gure bihotzen baitan baitago guztia. Alfa eta Omega.

Mundu fantastikoa be bai.
Hori izendatzaileek asmaturiko zerbait da. Nork dio eroa ero dela. Gainontzekook, bere delirioa ulertzen ez dugunok. Betidanik aitatu izan dira izaki sinestezinak eta lurralde eta izaite sakratuak, fantastikoak, ikaragarriak eta bestelakoak. Atomo baten izaera zerbait fantastikoa da, unibertso nano bat da baina gu ez gara ohartzen unibertso nano kontaezinez osatuta gaudela. Beraz, hutsunez eta planetez eta ezagutu, izendatu eta azaldu ezin ditugun hainbeste izaki ezberdinek osaten gaituzte. Gure baitan galaxiak, munstroak eta lurralde izenda ezinak gordetzen direlarik. Alicek aipatzen nuen; Lewis Carrolek errealitate paralelo baterako leihoa zen ispilua zeharkatu zuen. Gogoratu, matematikari batek buruturiko ipuina dela berau. Egungo matematika kuantikoak aipatzen ditu errealitate paraleloak eta hainbat adituk frogatutzat jotzen dute espazioa eta denboraren gaineko geure banaketa eta gauzatze lineak kartesiar arrazionalaren hutsalak. Orduan, zein da fantasiosoa, planetek eguzkiaren inguruan jiratzen dutela aldarrikatzen duena edota bere aurka beraien ezjakintzan, sinesmen itsu eta aldarrikapen ohikoetan oldartzen direnak. Haurren imaginarioa nik neuk errealagotzat jotzen dut gainontzekoen mundu nagusi eta handiustekoa baino. Errealagotzat jotzen dut kartazalen baitan ipottak, trantsilbaniako beleak zientoka eta denboraren erlatibotasuna sigilatua heltzea, gure bihotzetako korridoreetara telebistak panatailaratzen dizkidan albisteak baino.

Erlojua eta bere orratzak.
Denbora eta berau josten duten zirrikituak. Bizitzak dakartzan jantzi eta adabakiak. Gure izen eta izateak moldatuz jostatzen direnak. Irekita uzten dudan zerbait da. Mundua bakoitzak era propioan bizi duen zerbait baita. Nik ene uste, kezka, iritzi eta burutazioak aitatzen ditut. Ez da ezer aldarrikatzeko modu bat. Flipatu bat naiz. Beste bat munduaren gainean. Zer pentsatuko ote du berak gutaz. Denbora izakiok mundua arrazionalizatzeko asmaturiko zerbait da. Nork diosku erreala dela bera, agian guk sinestean gauzatu dugun zerbait besterik ez da. Hainbat esparru eta eremu ezberdinetako ideia eta planteiamenduak daude beronen inguruan baina nik ez ditut aipatuko. Ez naiz planteamendu horien inguruan aritzeko egokiena.

Gehiago?
Euri ttanttak, malkoak, lubakiak, ortzemugak, erlojuak eta berauen orratzak. Badira zenbait, esaten dutenak ez dudala olerkirik idazten elementu hauetako baten bat erabili gabe eta horrek astuna egiten duela ene poesia. Badira diotenak, hoiek gabe ezin dutela ulertu ene olerkien atzean ageri dena. Hitzek azken batean atzean gordetzen duten bizipenerako giltza dirala esan nezake. Lubaki hitza aipatze hutsagatik, hitz bat da besterik gabe baina irakurleak hitz horrekiko duen bizipenaren arabera zentzu bat edo beste bat hartuko du. Azken batean irakurtzen duten begiek ezartzen diete idatziei berauen nondik norakoa. Baina hori bizitzarekiko gure afinitate elektiboetan ikus daiteke. Gauza batzuk atsegin ditugu beste batzuk ez eta abar.

Zer dira poemak?
Poemak arnasak dira, bizitza propioaz ene bihotzeko ateak kolpatu dituztenak; Ni askotan erabili izan naute berauek izateko. Egoerek eta bizipenek gurekin egiten duten antzera.

Zelan antolatu dozuz?
Antzekoak antzekoekin juntatuz, atalak bata bestearen segidan ilbanduz bezala. Sahiatu naiz aipuek atalen nondik norakoak irekitzen. Zer nahi duten adierazi aitortzea bezala. Antzekotasun gehiegi duten olerkiak baztertuak izan dira astuna eta aspergarria izan ez dadin. Askorentzat asmo hori ez dela lortu iruditu ez arren. besterentzat aldiz, irakurketa bakoitzak lerroarte berri bat ireki izan du. asmoa irakurleari hitzetan eta berauek gordeten dituzten bizipen, pasarte eta lekuEtan pausatzera gonbita luatzea izan da. lekukoei eskua luzatzea.

Zelan moldatu zara poemak idaztean eta osotasun bat emoterakoan?
Kostata. batzuk kanporatu, beste batzuk sartu, ontzat nituenak baztertu, eta ez hain onak barruan sartuz. Hurbiletik begiratzean guretzat ona dena kanpotik lehen begiratuan so egiten duenarentzat guztiz kontrakoa izan daiteke. Hori dela eta, eta liburuen sorkuntzak beragaz daramatzan nondik norakoak medio, hor galbaea pasatu behar izan dute hainbatek, uste ez nituenak ontzat emanaz eta beste hainbeste kuttun kanpoan utziz. Horri orrazketa deitu arren hosto guztiek ezin izan dute zuhaitzean present egon. Naiz eta bere parte diraden non nahi daudela ere.

Helburu zehatza zeunkan?
Ez dut liburu baten ideia osotua hartu liburua egituratzen hasi naizenean. Eta hori nabarmen gertatzen da adituen ustez. Nik ene poesia azaleratu nahi izan dut. Horretarako 1,2,3... eredua erabili dut. Ez dut asmo haundirik erakutsi. Apaltasunez buruturiko lana da. nor zaren adierazi bat bezalaxe. Ez da hemen nago ni esaterik mundu ttipi honetan eta gutxiago poesian. Apalak izaten ikasi behar dugu eta asko zor diogu urkoari izan ere. Liburu hau eskertza moduan luzatu diot bizitzari eta ibilbidean zehar (bizitzaren barna) izan ditudan eta izango ditudan bidelagunei. Hau urkoarenganako eskertza bat da, azken batean guztiok konpartitu behar baitugu bizitza deritzogun tarte edo trantzea batzuetan malkoz eta besteetan irriz. Ez gaitezen ahantzi lehen une hartan maitasunak sortu zuela guztia. Beraz, ez inoiz etsi eta segi bideari.

Azalduko azken poema? Zein esangura dauka liburuan? Azkena da, izan eitekean lehena? Edo laburpena?
Batzuentzat horrela izan da; aipu antzekoa izatean liburuaren nondik norakoa laburbiltzen dutela esan izan didate. Azken batean bizitza ere horren isla bezala ikusi izan du zenbaitek. Maite dut gutxi horrean asko gordetzen baitu. Olerkiak nonahi daude. Berauek irakurtzen jakitea izaten da koska. Geure bihotzetako zirrikituetara begiratzea esate baterako. Eta bertako begiez munduari so egitea. Irakurleen esku dago bertan aurkituko duten poesia bizitzea, nirea gonbita besterik ez da. Eskua luzatzea, argi ilunen tarteen ostean egunsentia dela aldarrikatzea. Besterik gabe. Bakoitzak jakin behar du bere bihotzeko tolesdurak maitatzen eta bere ametsa bizitzen. Bien bitartean konpartitu dezagun mundu hau irri eta asmo onez amoroski beti ere.

 

Azkenik eta amaitzen joateko

Bide bat osatu dozu, zer esango zeunke zeure idazle ibilbideaz?
Ikusteko dagola nola jarraituko duen, zeintzuk portu eta jende ezagutuko dituen. Itsaskirria, ekaitzak, mendi eta ametsak, izar eta hodeiak eta gainontzeko anai arrebek nola hartuko nauten. Bizitzea tokatu zautan pasarte honek gordetzen didana ederra dela jakin arren. Ez da ona izaten belak haizetara lasterregi zabaltzea norantza ezagutu gabe.

Udane Goikoetxea Bilbao

2009, Urria 20
Arloa: Arteder