Hausnarketa bat

Udane Goikoetxea Bilbao

Adan eta Evaren sasoian hasi eta Erromatarrak, Napoleon eta abar luzea aitatu ohi dira, historiako txatalak erreferentzia, indarkeria kokatzeko. Indarkeriaren kontzeptua zabala da, itsaso zabala. Zabala eta sakona. Urruna edo eta uste baino hurbilagoa.

Gazte gaztetarik ikasi dogu eta irakatsi deuskue historia: Gerrea zer da, boterea zer da, handia eta txikia zelan burrukatzen diren. Indarkeria gizakia dagoen guztian aurkitzen da. Gizakiak beti dauka gehiago izateko beharra edo gogoa, gosea akaso.

 

Literaturaz idazteko txokora gaur hausnarketa bat dakargu.


 

Aspaldion emoten dau indarkeria kasuak ugaritu egin dirala. Andrazkoen kontrako indarkeriak egunero dakarsku albisteren bat, eta ez positiboa edo esperantzazkoa. Milaka dira kasuak, informazino zehatza daukagu. Erasotzailearen izen abizenak siglekin irakurtzen ditugu; hori da desinformazino bakarra. Labana nondik, zelan sartu deutsan, seme-alabak be zauritu dituela, aurretik makina bat bider jo ebala... Hori guzti hori jakiten dogu bai gazte eta bai zahar. Ideien pornografia be aitatzen dabe pentsalariek, morboa, txutxumutxuak. Ikastetxeetan be itzelak gertatzen dira, kalerik-kale.

Denboran atzera eginda piztiakanaino goaz. Piztirik indartsuenak jaten dau ahula. Gogorrak gainditzen dau ahula. Piztiek ez daukie kontzientziarik. Gizakiak kontzientzia daukan arren, hara, piztia jaten dau. Adibideetara jota hor dira hain sustraituta eta onartuta dagozan zezenketak, txori kantari bila askotan joaten diran ehiztariak...Adibideak asko dira. Gizakia ez da naturak emondakoa errespetatzeko gai. Gizakiak ez dau bera baino txikiagoa errespetatzen. Kontua da ia bere parekoa errespetatzen dauan: Gizakiak gizakia.

Hezkuntza sistema, etxea, enpresak...Danetan emonten dira indarkeria kasuak eta indarkeria bera oraindik definitu ezinean dabil edo gabilz.
Zalantzak eta indarkeria ugarituz doaz. Naturak irakasten ete deusku ezer? Ikasgeletan irakasten ete da nahiko? Umearen zentzuna etxean entzuna dinoe geure aurrekoek. Ez ete deutsague hori berori geure ostekoei emongo, transmitiduko? Beste batzuk dinoe errekea beti doala itsasora.

Udane Goikoetxea Bilbao

2010, Martxoa 30
Arloa: Arteder