Kristalezko begi bat

Udane Goikoetxea Bilbao

Begia ez da meatzari bat, dio Virginia Woolfek,

ez urpekari bat, ezta altxor ezkutuen bilatzaile bat ere.

Begiak emeki flotatzen du ibaiaren mende.

                                                Marguerite Yourcenar

 

 

Zenbat maite duen esan dezakeenak

ez du asko maite.

                                            Petrarca

 

 

Errealidadea eta fikzinoa josiz eta urratuz, pintoreak autoerretratua margotzen daben moduan idatzi dau Miren Agur Meabek nobela barria, Kristalezko begi bat.

 

 

Bere berbak dira honeek:

Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean.

        Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela.

        Orain dela urte batzuk banatu egin nintzen. Ahoberokeria polita litzateke esatea senarra urrundu izanaren errua literaturak daukala, gauza jakina dela gizonek, oro har, ez dituztela gogoko izaten liburuak idazten dituzten emakumeak. Hala dio Marguerite Durasek Idaztea liburuan. Baina ez: senarrak urte luzez maite izan ninduen, eta neuk bera, eta bata bestearentzat izan ginen. Hala ere, halako batean batak bestearengandik itxaroten zuena jasotzen ez hastea, horixe bihurtu zen gure ontziaren azpiko baga. Orduan bai, beste maitasun hori, idazkuntzarekikoa, jarri zen bion artean.

        Gureak hondoa jo eta laster, abentura bat izan nuen. Mamografia batean bi orban seinalatu zizkidatelako eta gizon hark niganako ageri zuen jaidurak (hasiera batean amodiotzat hartu nuen adeitasunak) berezi sentiarazi ninduelako bilatu nuen haren besoen aterpea. Beldurra apaldu nahiak, etsipena eztitzeko desesperoak, amorrua gidatzeko lehiak eta arauak hausteko premiak bultzatu ninduten. Eta maitasunak, neure ametsez maitemintzen bainaiz sarri: tximeletaren egarria daukat, ez dakit ondo ulertzen den zer esan nahi dudan. Oraingoz, bularreko orbanak geldi daude. Gizon haren eta nire arteko harremanak ere ez zuen aurrera egin.

        Aurki dator urtebete lanean kontua eskatu nuela. Ez zen nire tokia engoitik. Egun osoko idazlea naiz estreinakoz. Enkarguzko lanak zertuz ateratzen dut bizibidea.

        Esanak esanda, hara non aurtengo udan erraiak atera dizkiodan neure buruari: M. utzi dut. Orain ondorioekin borrokan dihardut. Batzuetan harritu egiten naiz anartean bizimodu normal antzekoa egiten dudalako.

        Gainerakoan, galdu ditut aterkiak, bankuko txartelak, giltzak, zapiak, autobusak, belarritakoak...

        Ez dut oraindik lagunik galdu, ohartuta behintzat.

        Berrogeita zortzi urte ditut, eta jendemodu gehienak bezala, hainbat galerari egin behar izan diot aurre. Horregatik ekin diot testu hau idazteari. Uste dut lehen pertsonan emateak eragotzi egingo diola denborari nire memoria guztiz jatea. Neuretzat idazten ari naiz, beraz, baina zeuretzat ere bai akaso, akaso zeu ere bazarelako maitasunak jo eta egundaino akabatu ez duen norbait.

Udane Goikoetxea Bilbao

2013, Martxoa 17
Arloa: Arteder