19 kamera
19 kamera lana Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu dau Jon Arretxe idazle basauritarrak, Euskal Herrian kokatutako Afrika txiki baten. Literatura baltzean ohikoa dan moduan, pertsonaia finkoa sortu dau.Toure da bere izena. Burkina Fasoko etorkina da eta San Frantziskoko pisu pateran bizi da irregularki. Krisiak jota, bizirauteko sistema bilatu behar eta guzurrezko igarlearena egingo dau. Halako baten arazoetan murgilduta ikusiko dau bere burua: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak… Nobeleak trama txikiok dakarskuz. Baina, idazleak azpimarratzen dauanez, Toure sasi detektibea da 19 kamera liburuaren ardatza.
Tourek egoerea arautu barik daukanez, danetariko lanak egin behar ditu, eta, edozein arazo Afrikako magiaren bidez konpontzeko eskaintzen dau bere burua. Auzoko kaleak zeharkatzen ditu, txartelak han eta hemen banatzen bezeroak lortzeko.
Txarteltxuok ustekabe bat baino gehiago ekarriko deutsie, lan ugari topauko dituelako emakume dirudun baten bidez. Detektibe lanak egingo ditu auzoan, bere senarragaz marisko bila joango da eta Operaren Lagunen Bilboko Elkartean be kantauko dau.
Protagonisteari egiten deutsiezan lan proposamen bitxien bidez, nobela entretenigarria landu dau Arretxek, umorea eta gordintasuna buztartuta. Liburua gordina dan arren, umore puntu asko daukaz.
Titulua San Frantzisko auzoan ipini zituen bideo-zaintza kamara polemikoakaitik aukeratu eban, iradokitzailea zalakoan. Kamaren atzean dagoana da narratzaile bat, hirugarren pertsonan kontatzen dauana eta bestea Toure protagonistea, lehen persona.
Liburu bikaina da Bilboren alde hori ezagutzeko eta etorkinen begietan gure mundua ikusteko.